Reggaearentzako sare bat Iruñerrian

Iruñerria Jamaica Clash kolektiboak bost urte bete ditu, eta atzera begira jarri da, etorkizunean zer bide hartuko duen erabakitzeko. Reggae musika sustatzea du helburu nagusia.

Gizon bat Jamaikako bandera bizikletan jarrita, Iruñerria Jamaica Clashek antolatutako festa batean, 2019an. IRUÑERRIA JAMAICA CLASH.
Ane Eslava.
Atarrabia
2022ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Iruñerrian musika jamaikarra sortzen eta maitatzen dutenentzako topagunea, eta musika jamaikarra sustatzeko tresna. Hori da Iruñerria Jamaica Clash, funtsean, baina helburu konkreturik gabe jaio zen. 2016an izan zen: musika estilo horren inguruan aritzen ziren zenbait lagun biltzen hasi ziren, musika horri lotutako jarduerak antolatzeko; eta, bost urteren ondoren, kontzertu, festa eta bestelako egitasmo ugari eginda, taldearen funtzioak betetzat jotzen dituzte. Aurrerantzean ekinbideak zer forma hartuko duen definitzeko dutelarik, atzera begira jarri dira Eñaut Egiluz eta Andoni Zazpe kideak. Egindakoa errepasatu dute, egiteko dagoena zehaztu aurretik.

Gogoratu dutenez, kolektiboaren lehen urratsak gehiegi planifikatu gabeak izan ziren. 2016aren hondarretan, reggae musika gustuko zuten zenbait lagun bildu ziren, printzipioz festa bat antolatzeko asmoz; esperientzia gutxirekin baina gogo handiarekin. «Oso motibatuta geunden, 18-19 urterekin duzun ilusio horrekin», adierazi du Egiluzek. Iruñerriko zenbait talde eta artistari hots egin zieten, eta denak laguntzeko prest azaldu ziren. «Guri laguntzera etorri ziren Barañaingo nabekoak, Reimy, Iseo&Dodosound...», jarri du adibidetzat Zazpek.

Abenduaren 29an egin zuten kontzertua, Txantrea auzoko Akelarre kultur elkartean. Toki hori aukeratu zuten beste zenbaitekin probatu eta gero; eta, denborarekin, hori bihurtu zen haien egoitza nagusia. Jaiaren deialdia ahoz aho zabaldu zuten, orduan ez baitzuten sare sozialik. Eguna iritsita, antolaketa «kaotiko samarra» izan zen, baina erantzuna «bikaina», Egiluzek ziurtatu duenez: «Ikusi zen oraindik ez genekiela jaiak nola antolatu, baina Akelarre bete zen; jendeak esaten zuen: hau behar genuen».

Behin aurkezpena eginda, konturatu ziren Iruñerrian bazela uste baino jende gehiago reggaearekin loturaren bat zuena, baina «sakabanatuta» zeudela, ez zutela sarerik. Horregatik, aurrera jarraitzea erabaki zuten. «Ez zegoen helburuen zerrenda bat, baizik eta helburu abstraktu bat: guztia elkartzea», azaldu du Egiluzek.

Hasieran zeudenetako batzuk ez daude orain, eta bidean jende berria batu da; ez da talde estatiko bat izan, Zazpek nabarmendu duenez: «Bakoitzak bere lehentasunak ditu: batzuek nahiago zuten musika jartzea, beste batzuek festan gozatzea, besteek gauzak antolatzea... Eta batzuk beste proiektu batzuetara joan dira, helburu horiek aseta izan dituztenean». Denborarekin, taldea finkatuz eta helburuak zehaztuz joan dira, eta egun, bederatzi kidek osatzen dute kolektiboa. Egiluz eta Zazpe dira hasieratik dauden bakarrak.

Entzule ehuna

Bost urte hauetan hasierako helburu nagusia lortu dutela uste dute. «Sare bat sortu da, eta ez bakarrik musikari edo dj-en sare bat; baita entzule sare bat ere, eta hori oso garrantzitsua da», nabarmendu du Zazpek. Horrekin batera, haiena bezalako taldeak baliagarritzat jotzen dituzte jende gehiago «motibatu» dadin musikan lehen urratsak egitera eta taldeak sortzera. «Eta baita irautera ere; Iruñean reggae talde bati eustea ez delako erraza, reggae festarik ez halakorik ez bada egiten».

Uste dute «momentu egokian» sortu zutela kolektiboa; «zortea» izan dutela, reggaeak eta musika beltzak garai gozoak bizi baitituzte. «Guk hau sortu genuenean, Euskal Herrian baziren soinu sistemak eta halakoak, baina kolektibo moduan antolatuta, gu izan ginen lehenak, eta jarraian sortu ziren Bilbon Pantx Records, Donostian Bassque Reggae Kultur, Gasteizen Zuretzako Mezua...», jarri dute adibidetzat.

Hala ere, argi dute haien proiektua ez zela ezerezetik sortu, eta aurrekoengandik jasotakoa premiazkoa izan zela. Egiluz: «Hau ez zen basamortu bat; gu joaten ginen beste festa batzuetara: Titaniansen kontzertuak, Sustraian Recordsen kontzertuak, nabean egiten zen guztia...». Reggaearen azken urteetako bidea «progresio bat» izan dela diote, eta haiek hor izan direla.

Hain zuzen, aurretik zegoen mugimenduaren ondorioa da egungo Iruñerriko musika eszena, haien irudiko. Aldaketa nabarmenak izan direla diote, baina «naturalki» gertatu direla, «gertatu behar zirelako», eta Iruñerria Jamaica Clash bezalako proiektuak lagungarriak izan direla garapen horretarako: «Hofe, Chill Mafia, Ibil Bedi, Tatxers... jende hori egon da gure festetan eta beste batzuek antolatzen zituztenetan. Jende asko ezagutu da hor, publikoan».

Konkretuki reggaearen bilakaerari dagokionez, estiloaren barruko «azpi-estiloak» finkatu direla azaldu dute: «Lehen, panorama homogeneoagoa zen, eta orain dub, skinhead reggae, rocksteady eta roots estiloak daude, besteak beste». Zazperen irudiko, hori positiboa izan daiteke eszenarentzat: «Ona da estilo guztiak jai berean egotea, baina espezializazioak kalitatea ematen dio eszenari».

Bost urte beteta, pozik daude egindako bidearekin, aseta. Urteurrena ospatzeko festa bat egiteko asmoa zuten, urtarrilaren 8an, baina bertan behera utzi behar izan zuten, osasun egoerarengatik, eta oraindik ez dakite noiz egingo duten. Aurrera begirako asmoak ere definitu gabe dituzte: hasierako xedeak erdietsitzat jotzen dituzte, eta orain etenaldi bat egin eta kolektiboaren zentzua «birpentsatu» nahi dute. «Auskalo zer egingo dugun azkenean!». Iruñerrian Jamaikako musika sustatzen jarraituko dutela; hori da haien ziurtasun bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.