Sara Zozaya, Ghau, Raitx, Espagueti, Tenpera eta Ro, Kutxa Kulturen hautatuak

Aurkez diren 66 proposamenen artean, sei aukeratu dituzte 2018-2019 egonaldi programan parte hartzeko. Hainbat zerbitzu jasoko dituzte
Talde hautatuak, atzo, Donostian egindako agerraldian.
Talde hautatuak, atzo, Donostian egindako agerraldian. KUTXA FUNDAZIOA

Mikel Lizarralde -

2018ko azaroak 29
Sara Zozayak, Ghauk, Espaguetik, Rok, Raitxek eta Tenperak parte hartuko dute, Kutxa Kulturrek antolatuta, Donostian 2018-2019ko ikasturtean musikarientzat antolatutako egonaldi programan. Aurten, 66 proposamen aurkeztu dira deialdira, guztiak artista gipuzkoarrenak, eta horien artean aukeratu dituzte egonaldian parte hartuko duten seiak.

Sara Zozaya Donostiako kantautorea da, eta, hainbat proiektutan ibili ondoren, Nerabe taldeko abeslaria da gaur egun. Egonaldian, berriz, Itsaso Navarro txelo jotzailearekin landu duen proiektua garatuko du.

Ghau 2018an sortutako proiektua da, eta argazkigintza, bideogintza, poesia, ilustrazioa eta musika uztartzen ditu. Kutxa Kulturrera aurkeztutako kantuak euskaraz abestuak daude.

Raitx izen artistikoaren atzean Rakel Arenaza Koban taldeko kidea dago. Bakarkako proiektuan gitarrarekin aritzen da —hala eman ditu kontzertu batzuk—, baina talde formatuan garatuko du bere proposamena. Ro, berriz, duela urtebete sortu zuten Azkoitia-Azpeitiko bost lagunek, eta musika instrumentala lantzen dute. Ilhunbean esan eginak eta Eginak lanak dituzte grabatuak.

Espagueti taldea 2014an hasi zen, eta pop «freskoa» eta «letra dibertigarriak» ditu lagun, eta Tenpera, azkenik, noise-rocketik eta rock alternatibotik hurbil dagoen taldea da.

Taldeekin bilerak izan ostean, bakoitzaren premiak detektatuko dituzte, eta, horren arabera, komunikazioari lotutako proiektu bat garatuko dute. Taldeek, gainera, aukera izango dute Kutxa Fundazioak Tabakaleran dituen entsegu lokaletan lan egiteko Halaber, egonaldian, prestakuntza emango diete: musika-ekoizpen, autoedizio, taldearen bideragarritasun planari edo sare sozialetako komunikazioari buruzko prestakuntza.

Bestalde, 2019ko lehen hiruhilekoan kontzertu bat emango dute Kutxa Kultur Plazan, Tabakaleran, eta, horrez gain, gutxienez beste hiru Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen duen Katapulta Tour programaren barruan. Emanaldi horiengatik, taldeek 2.400 euroko ordainsaria jasoko dute. Artista hautatuek, gainera, aholkularitza profesionala izango dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna