Geruzak

Bilbon jaio zen, 1961ean. Harrera kritiko ona izan duten bi narrazio libururen egilea da: Hollywood eta biok (Alberdania, 1999) eta Ero hiria (Alberdania, 2006). Horrez gain, Uztailaren laua, Renon antzerki lanaren egilea da (Kutxa, 1999). Antzerki arloko Donostia saria irabazi zuen lan horrekin, eta obra oholtzaratuta ere ikusi zuen.

2015eko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Ohiko moduan, larunbatean saltoki gune handi honetan harat-honat habil. Arropa argal batzuk daramatzan bata bestearen gainean, geruzak eginez. Izan ere, ez dakin inoiz hozkirriak besoak zigortuko ote dizkin. Edo alderantziz, eguerdi partean eguzkiak min emango dinan lepoaldean.

Dendan sartu haiz eta beharbada komeni zain geruza bat kentzea, aire egokituagatik, baina ez dun egingo. Ez dun gogoko besoak erakustea. Hezur hutsak dira-eta. Gainera, geruzak ez ditun nolanahi kentzen-jartzen, aurikularrak bezala. Geruzak nonahi zauden. Etxeko gelako kaxoietan: galtzerdiak, azpiko gonak eta kamisetak. Pijamak, alkandora argalak eta jertseak.

Geruzak egiten ditun institutura bidean, galtzerdi larrosak eta laranja kolorekoak tartekatuz edota bizkarzorroan ageri diren eranskinak aldatuz. Atzo, Koreako kantari baten aurpegi argaldua zegonan, eta gaur, berriz, Japoniako kantari baten aurpegi argaldua.

Geruzak sugearen larruaren antzekoak ditun. Kendu egiten ditun, baina gero berreskuratu egin zitezken, nahi izanez gero. Ez dun berdin gertatzen, ordea, kiloekin eta gantzekin. Errazak ditun eskuratzen, eta zailagoak kentzen. Hala ere, beti zagon kiloak sortzen dituzten eragileak kanporatzea. Janaria, adibidez, berehalako batean koxkak berdintzeko. Baina ez dun beti posible. Behin lixibaren antzeko likido bat edan huen, eta ospitalera eraman hinduten. Agente kimikoak ez ditun geruzatan gelditzen, goitik behera zulatzen dinate urdaila.

Bestela ere, tatuajeak ere geruza antzekoak ditun, orain erraz kendu-jartzen direlako. Badun bat, Txinako karaktereetan irarrita. Piszinara joatean mutilek hizketagai ditizten tatuajeak, batek betirako amodioa zin egin din. Horiek ere geruzak, mutilek istorio bat kontatzen dinate gaur eta bihar beste bat, eta etzi hurrengo bat, eta horrela, lehenengo istorioa korapilatu egiten dun eta azkenean, zakurraren putza.

Beste geruza pilo bat, adixkideen mezuetan jasotzen ditunanen antzekoak. Mezu piloa bildu eta inprimatu egin dun, collage bat egiteko. Aldizkaritik jasotako argaltzeko gomendioak, artaziez moldatu eta lekeda gardenez erantsiak. Aktore korear horren beroki ilunaren zuntzak, lupa batez aztertuak. Limoi tarta zati baten merenge zuritua.

Arte irakaslea harro egongo dun hitaz, klaseko aurreratuenen artean baihago. Irakaslearen begiradak ere geruzatan banatzen ditun. Astelehenean, begiak okertu zitzaizkionan, istripu bat ikusi izan balu bezala. Asteazkenean, begiak uhertu zitzaizkionan, edaten ibili izan balitz bezala. Ostiralean, begiak apaldu zitzaizkionan, maisulan baten aurrean balego bezala. Denbora luzeegia eman zinan hire lanaren aurrean, beste ikasleak txutxumutxuka hasiko ditun, ezinbestean. Zurrumurruak ere geruzatan antolatzen ditun. Herenegun, neska tuntun bat hintzen. Atzo, neska zoli bat. Gaur, askodaki bat. Bihar, ondo merezitakoa jaso duen bat. Etzi, gixagaixo bat.

Egokitu dun bularretakoa, eta kolageno baten bila hasi haiz. Amak esan din, geruzatan ipini behar krema hori. Jende gutxi zagon dendan, bazkaltzeko ordua da-eta. Saltzaileak ere geruzatan kokatu ditun jantokian. Elektronika dendakoak eta joko-dendako mutilak txoko batean, hanburgerrak jaten. Eder-dendako neskak plater txikiak hartzen, jaten ari direlakoa egiten, baina jan gabe, egia esan. Janari usainaren bafadak bata bestearen gainean metatzen ditun, hainbat geruzatan.

Biologia irakasleak dioenez, estimulu guztiak biltzen ditinagu garunean jaio garenetik. Gure estimulu txikien hiztegi bat osatzen dinagu, nonbait. Eta psikologo suitzar horrek ere katalogo unibertsal bat dagoela uste din. Esperientzia guztiak aspalditik datozela, eta gizakiak berriz prozesatzen dituela nahi eta nahi ez. Irakurri behar ditun suitzarraren lanak. Liburudendan pare bat manga erostekotan habil, baina ez dun nahikoa dirurik izango suitzarraren liburukote hori (ziur hago liburukote bat dela) erosiz gero.

Liburuak ere geruzatan antolatuta dauzkan gau-mahaian. Metatuak ditun erresuma ezinezkoen dragoi hegalariak, Erdialdeko Europako narratzaileen lan nagusiak eta k-pop musikarien biografia txoroak. Halako geruzak ez ditun inoiz berdintzen, zeren irakurri ahala berriak eransten baititun. Bitxia izango dun jakitea zeintzuk geldituko diren irakurri gabe hemendik hilabete batzuetara.

Baina norberaren gorputzean geruzak engainagarriak ditun. Azalaren azpian ustekabe asko ezkutatzen ditun. Oihu egiten dunanean, ileetatik tiraka hasten haizenean, burmuineko uhinek erreakzio fisiko bat eragiten diten. Medikuak esan din prozesu bat dela, bolatxoak balira bezala zabaltzen dela. Tapioka bolatxoak bezala? Bai, gutxi gorabehera. Bada, egutegiko orriak aitaren tabako kutxa zahar batean gordetzen hasi hintzen egun harez geroztik. Orri bakoitzean ohartxoak egiten ditun, egunkari baterako ideia laburrak balira bezala. Ikertzaile batek indusketa egin lezaken kutxa horretan, egunak, asteak, hilabeteak bata bestearen gainean daudela. Dirudienez, horrela aztertzen dun aspaldiko aroetako izotza, nolako eguraldia zegoen jakiteko.

Obsesionatuta hago geruzekin, bazirudin ez dagoela besterik munduan. Eta, halere, oraindik ere ez dun ulertzen zertan ari haizen munduan, txoko batetik bestera saltoka dabilen fitxa bat bezala. Edota… bai, tentatuta hago, esan behar dun… hainbat geruzaren azpian lurperatutako sator bat bezala, betaurrekoak eta guzti.

Oraintxe bertan, muturra luzatzen dun airea usnatzearren. Datozen hilabeteetako gertakizunak irudikatzen ditun. Eguneroko arropak botako ditun, txikiagoak erosiko ditun, edo batere ez, zertarako? Aita eta amak bat-batean utziko zioten platerak elkarri botatzeari, tenis partida bateko irudi izoztu batean bezala. Gau-mahaiko liburu piloa argaldu egingo dun, ez dun liburu berririk erosiko. Beste tatuaje bat egingo dinate, baina ez dun denborarik izango mutilei esanahia esplikatzeko. Institutuko irakasleari argi eta garbi esango dion galbidean dagoela, hobe duela neskatan beste hiri batera alde egin. Eta egutegiko orri guztiak botako ditun logelako leihotik behera, benetako orriekin batera nahas daitezen, behintzat.

Baina lehenago, lehenbailehen esan nahi dinat, krema puta hori aurkitu behar dun, eta manga berri bat erosi, zergatik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.