Joera irreala

Tolosan (Gipuzkoa) jaioa, 1965ean. Londresen gidoigintza ikasi eta film laburrak zuzentzen trebatu ondoren, gidoigintza izan du lanbide hainbat urtez. Obra hauek ditu argitaratuak: Gasolindegian narrazio bilduma (2010); Itsasoa maleta batean (2013) eta Naia eta Nabil detektibeak gazte literaturako narrazioak; eta Katu hegoduna komikia (2013, Joseba Larratxe Josevisky marrazkigilearekin elkarlanean). Horrez gain, sarean bi antzerki lan ditu irakurgai:Mugako loreak (2006) eta Ezin ihesi (2007).
MARTINTXO ALTZUETA

Yurre Ugarte -

2015eko abuztuak 1
Esan didate oraindik ez zarela Tel Avivetik irten, eta deliratzen hastekotan nauzu... ... Istripuaren titularra idatzi beharko banu, oraingoan, lehen pertsonan izango litzateke: «Mutu eta paralitiko geratu den kazetaria naiz». Aldiz, zuk erredaktatuko zenuke «Istripuaren ondorioz zauri larriak jaso ditu autoaren gidariak» edo antzeko zerbait eta jarraian medikuaren txostenak egoera definitzeko dakarren latinezko terminoa gehituko zenuke. Hiruzpalau bider irakurri dut txosten kliniko-fisiologiko-objektibo hori, albisteak pantaila aurrean aurkeztu baino lehen nire baitan hiruzpalau bider errepasatzen nituen moduan... ... Ahoa ireki eta hatsa baino ez. Ezin dizut «maitia» xuxurlatu, ezta «putasemea» tirokatu ere... ... Eskaini didate plastikozko arbeltxo zuri bat, errotulagailu beltz batekin, nahi izatera zerbait komunikatzeko.Tablet bat eskatu dut ordea, zuri e-posta idazteko premia baitut, Jainkoarren! Bitartean, hor zauzkat, telebistako pantailan, Tel Avivetik enegarren sarraskiaren berri ematen, auskalo benetan zuzenean ari zaren edo nireaz jakin aurretik grabatu duzuen. Albistearen dramatikotasuna ahoarekin azpimarratu nahian zabiltza baina begirada epel igartzen dizut, gorpu horien guztien aurrean egonagatik ere zurekin joango ez balitz bezala baita, talking head hutsa zara; are gehiago, bolumena jeitsi dizudanetik aurpegiemaile bihurtu zaitut, zure ahoaren mugimendua nirearekiko elkartasun-parekotasun sinbolikoan. Bide batez, gure lanbidearen eragingarritasuna zalantzan jarriko dizut, ze, h hizkia ere ezin ebaki nabilen honetan zentzurik ez daukan oro hain zait nabarmen: plasma paisaia ederresteko besterik ez dugu balio, laztana. Erdi planoan ageri zara, hankak offean, galtzetan de facto kaka eginda dagoen kazetaria izan zintezke, zure oinetako garestiak guztion begibistatik at, edota, fantaseatuko dut libreki, egon zintezke ni bezalatsu, oinak hilotz, medikuen beste definizio baten pean. Agian jada googleatu duzu eta baita irakurri ere nire egoera berri honetaz irakurri beharreko guztia. Horixe bera egingo nukeen nik, uler zaitzaket, uler dezaket zure atzerapena, adorea behar da gero niregana hurbiltzeko telefonoz nire arnasa besterik entzun ondoren ... ... Bai, zera! Alderantziz da-eta! Hatsezko konpas hori ez bada nahikoa berriemaile zaituen albistegiaren banalitateaz jabetzeko, soldataren morrontzaz ahazteko eta kasik enbor bizidun bilakatu den horrengana ziztu bizian fermuki zuzentzeko, munduko sarraskiak atzean uzteko, zer da beharrezko?... ... Aireportua itxi dute?... ... Tira, tabletean irrist errazean ariko dira hatzak, zuzenean neuronek idatziko balute bezala izango da, ahotik igarotzeko aukerarik gabe, arnasaldi bakoitzak neuronei ematen dien bulkadak eraginda. Batek daki arnasaldia den neuronak hauspotzen dituena edo arnasaldi bakoitza neuronen aginduetara dagoen, ezertan sakondu ez duen kazetaria naiz... ... Gogoan dut lanean hasi ginenean, notizia ziren eguneroko gertakari beridikoek bizi gintuztenean. Maite nuen dokumentatzea, albistearen inguruko xehetasun guztiak deskubritzea, eta gero, horren berri ematea. Tajuz lan egitea, zuk ohi duzun legez. Aldi berean, oharkabeki esango nuke, albiste bakoitza «albiste» soil bihurtzen hasia zen jada; edukiak eduki, erredaktatu, editatu edota aurkeztu behar den zerbait baino ez. Hitz madarikatua erabiltzearren: produktu. Maiz esan izan didazu ez dagoela bizirauteko beste modurik, ezin garela ito berrien uholdean (edo besteen gertakiarietan), gure lana komunikatzea dela hartzaileak albistea eros dezan, eta kitto. Ordea, nola saihestu albiste beridiko guztiek irrealak bilakatzeko duten joera? IrreaItasunerako joera, eta, baiki, joera bera ere irreala kasik, esango nuke. Goizeko albiste, arratsaldeko, gaueko, udaberriko, udako, udazkeneko, neguko, azken orduko, greba orokor, adierazpen instituzional, etxe kaleratze, hauteskunde, tortura kasu, politikarien erabaki edo dena delako. Produktuen irrealtasun horrek irentsi ninduen apurka, eta axolagabekeria profesionalari zabaldu nion atea, ondotxo ezagutzen duzu, akatsak eguneroko jardunean, aurkezle-izarra izatetik tropeleko erredaktore postura bultzatuko ninduten akatsak, geroago prentsaurrekoetara solik joatera zokoratuko nindutenak, nirekiko auzo-lotsa sentiaraziko zizuten akatsak. Uneotan, lasai asko esan dezaket, artean hitz egin ahal nuen arren, jada mutu nintzela, eta artean oinak mugitzen bazitzaizkidan ere, jada paralitiko nintzela, ez bainindoan inora. Istripuaren kalteak, finean, horren guztiaren haragiztatzea baizik ez dira.... ... Ez horixe, hau ez da eldarnio bat, ez zure albiste profesional perfektu horiek baino eldarnioago behinik behin... ... Hala ere, aitortuko dizut, badatorkidala gogora, obsesiboki, kiribil zoro baten gisan, zine-klubean elkarrekin ikusi genuen azkena, enbor bizidun bihurtu zen pertsona haren istorioa, Dalton Trumboren Johnny got his gun; nobela ere irakurri nion, zure ustez historia irrealegia omen, ez zitzaizun interesatu. Hara non, orain, ni neu banaiz ia enbor (irreal) hura, hark ez bezala neuk bederen ikusi, entzun, dastatu eta usaintzeko ahalmenekin, eta besoak ere izan badituena, oraingoz. Ze, bitxia da, izan ere, nire adarrok ez dira tablet-ean deus idazteko gai izan; eskuak ez dio neuronei kasurik egin... ... Nongo aireportuan zaude? ... ... Arbeltxo zurian saiatu naiz orain zure izena idazten, ezin ordea... ... Duty free shopean erosiko didazu perfume suhar horietako bat, falta zaizkidan zentzumenak esnaraziko dituena? Eta, larruazalean igurtziko?... ... Hona heltzen zarenean, beste erremediorik ez bada, irakurri ahalko duzu idatzi ez dudan e-mail hau nire begietan hitzez hitz, ordurako belztu ez bazaizkit behintzat. Antza, medikuen txostenak ere akatsak ditu eta ezin dio joera irreal horri iskin egin, ez al duzu uste, koldar hori?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna