Uda batez Galeuscan

Ahots

Padron, Galizia, 1972. Orixe (2004) liburuarekin Blanco Amor saria irabazi zuen; Made in Galiza (2009) narrazio liburuagatik Anxel Casal saria eman zioten (euskarara ekarri zuen Txerra Rodriguezek, Txalapartarentzat). Talia Teatro taldearekin idatzi zuen Pelos na lingua lanaren gidoia ere saritu zioten. A República das Palavras (2015) du paperean plazaratutako azken liburua.

EMMA PEDREIRA.
Sechu Sende.
2020ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Aurora,
1A-ko bizilaguna, hil zen egunean
baten batek esan zuen: Eta orain zer egingo dugu haren belearekin?
Hantxe zegoen, bele-tristuraz,
zeruertzera begira leihoaz bestaldera.

Etxera ekarri zidaten belea
eta lehenbiziko gauean kutsatu zidan
min luma-beltz bat.
Aurora hil da, esan zioten.
Saminean lagun, esan zioten.
Emakume ona zen, esan zioten.
Hau zure etxea duzu, esan zioten.
Gau on, esan zioten.
Eta berak esan zuen Herio on, eta begiak itxi zituen.

Beleak bazekien hizketan.
Eta berari begira geratu nintzen, bera handi,
kuzkurturik, triste.

Bigarren egunean egun ona opa zidan.
Egun on, egun on, esan zuen ahopean.
Eta Herio on, esan zuen berriro, gauean.
Isilik eman zuen eguna.

Hilaren alabari deitu nion.
–Bai, konpainia egiten dit, esan nuen.
–Bai, txikitan kanario bat eduki nuen.
–Bai, noski. Ez du trabarik egiten.
–Bai, konpainia egiten du...
–Orain goibel dago. Normala.
–Bide batez, nola du izena?
Ahots zuen izena beleak.
Ahots.

Hirugarren egunean sukaldera sartu nintzelarik
beleak esan zidan: Izar bat nahi dut.
Zer?, galdetu nion, Zer bat?
Izar bat, izar bat, errepikatu zuen.

Bele zaharra zirudien.
Baziren hamar urte eraikinean bizi nintzela,
ni iristerako han bizi zen belea.
Biharamunean agurtu nuen, Egun on.
Eta berak esan zidan Maittea.
Edo hori ulertu nuen nik bederen.
Maittea, maittea. Errepikatu zuen.
Errezelak baztertu nituen, argia sartu zen.

Belearen eleak jasotzen hasi nintzen
koaderno urdin batean.
Belearen eleak.
Hitz egiten zuen aldiro sor eta lor uzten ninduen.

Pentsatzen dut beleak,
taberna batean hazi balitz, ostatu batean,
bestelako gauzak esango lituzkeela.
Bele hau, ordea, Auroraren belea zen
eta Aurora eskuan beti liburu bat zerabilen emakume bat zen.

Kafetara gonbidatu nuen Auroraren alaba.
Eskatu zidan berarekin joateko
Auroraren apartamentura.
Luzia.
Batera sartu ginen, eta bere buruari galdetu zion:
Zenbat liburu ez ote diren egongo hemen?
Bibliotekak dena hartzen zuen.
Baziren liburuak sabaitik
dilindan ere, saguzarren pare.

Gehienak poesia-liburuak dira, esan zuen Luziak.
–Oso irakurtzalea zen, esan zuen.
–Beleak batzuetan gauzak esaten ditu…, esan nuen ahopean.
–Ahots gora irakurtzen zuen beti. Orduak eman zitzakeen irakurtzen. Ahots gora.
–Beleak gauzak esaten ditu tarteka, errepikatu nuen.
–Txikitan begiak ixten nituen
eta amari aditzen nion eta gustatzen zitzaidan sekula sentitu gabeko gauzak sentitzea.
–Belea… Ahots, Ahots gero eta hiztunago dabil, esan nuen.
–Denbora asko zeraman amarekin, hogei urtetik gora.
–Orain oso hiztun dabil, eta xelebrekeriak esaten ditu.
–Xelebrekeriak?
–Etxera etorri zenetik ez dio behin ere utzi xelebrekeriak esateari.
–Poesia izango da, esan zuen Luziak.

–Torizu! Falta izango du nonbait, esan zidan Luziak,
zera, poesiaren falta.
Eskuarekin hola egin,
sofatik bi liburu hartu,
eta eman egin zizkidan.

Bi poesia liburu ziren, jakina.
«Kartzelako egunkaria» Ho Chi Minhena
eta Uxío Novoneyra.

Gogoan dut beleak oso gogoko izan zuela
«Kartzelako egunkaria»,
isilik geratu zen, adi-adi
nire hitzei.
Liburuxka txiki bat da.
Nik ere gogo onez irakurri nuen
hala nire ahotsa aditzeko,
vietnameratik itzulitako hitzokin.
Gero, Ahots hasi zen hizketan.
Eta nik koaderno urdina zabaldu eta idatziz jaso nuen.

Belearen eleak idazten jarraitu nuen.
Lanetik etxeratutakoan,
tarte bat bilatzen nuen Luziak uzten zizkidan
liburuak irakurtzeko.
Astiro-astiro, etxea
liburuz bete zitzaidan
eta Ahotsen koadernoa, hitzez.

–Nire ama poztuko zen jakinez gero
beraren liburuek hemen amaituko zutela,
esan zuen egun batez Luziak.

Orduak ematen nituen ozenki irakurtzen,
sofan,
Ahots sorbaldan pausaturik nuela.
Batzuetan lokartu egiten zen hala,
nire kontra kuzkurturik,
bion buruak elkartuta.

Batzuetan auzoko liburu-dendara joaten naiz
poesia-libururen bat eskuratzera.
Gaur, esaterako, Lupe Gómezen liburu bat
eta Charo Lopesen beste bat irakurri ditut
Ahotsekin.

Inoiz otu zait
garbira pasa nitzakeela Ahotsen eleak,
izenburu bat paratu
eta literatura-sariketaren batera bidali liburua,
edo argitaletxe batera.
Gero eta atseginago dut haren estiloa...
Oraindik ere badarabilt buruan aukera.
Oharturik nago
azkenaldian
poesia irakurri eta gero
Ahotsen poesia interesgarriagoa dela
ezagutzen ditudan poema-liburu batzuetakoa baino.
Ahotsek sari handiren
bat irabaziko luke horratik.

Nahi nuke!
Bele bat!
Bele bat,
gaur egungo literaturako ahots nagusia.
Umm...
Urteko idazlearen saria ere
irabaz lezake...
Eta gero, ondo bidean,
itzulpenak iritsiko lirateke
eta mundu osoan famatuko litzateke...
Umm...

Poesia irakurtzen dudanetik
irudimena ernetu zait
eta zernahirekin hunkitzen naiz.
Atsegin dut, ordea, amestea bele bat sartzen dela
literaturaren historian.

Egunen batez aipatuko diot Luziari,
oraindik ez naiz ausartzen eta.
Ez naiz ausartzen ezta esatera
maite dudala.

Batzuetan gurekin geratzen da
eta poesia irakurtzen dugu elkarrekin.
Eta gero Ahotsi aditzen diogu,
beti hizketarako gogoz egoten baita
liburu on bat irakurri eta gero.

–Orain nazazu betiko!
–Orain nazazu betiko!
aldarri egin du gaur Ahotsek,
begiak itxi
eta lo geratu aurretik
Luziaren eta bion
buruen artean.

Luziak errepikatu du Orain nazazu beti.
Eta nik halaxe idatziz jaso Ahotsen poema-liburuan:
Orain nazazu beti.

Luziak hasperen egin du.
Oheratu egin gara elkarrekin.
Poesiak aldatu dit bizitza.
Bihar ere argituko du eguna.
Beti.

Itzultzailea: Iñigo Roque Eguzkitza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.