Atrila guztiek

Algortan (Bizkaia) jaioa, 1973an. SPrako tranbia bere estreinako nobelari esker, narratiba arloko Espainiako Sari Nazionala irabazi zuen 2002an. Ondorengo urteetan beste lau nobela argitaratu ditu: Van't Hoffen ilea (2003), Vredaman (2005), Londres kartoizkoa da (2009) eta Iazko hezurrak (2014).

Unai Elorriaga.
2015eko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Gertaerak ez dira oso anormalak hasieran. Errepide luzea, ez hain luzea ere, gauerdirako minutu gutxi, auto gehiegi ere ez, gutxiegi ez da inoiz egoten. Auto barruan gazte bat, ez hain gaztea ere, hogeita hamar urte baino gehiago, itxurak gazteagotu egiten du, edonoren begietara, inork ez luke asmatuko. Belarritako bi belarri batean, bata bestea baino apur bat gorago, ez hain goian ere, kamiseta bat, kolore asko, ez gehiegi ere, ilea ez oso orraztuta, praka laburrak, sandaliak.

Kontrola errepidean, ez oso anormala hori ere, polizia-auto batzuk, agente batzuk, ez gehiegi ere. Gaztea geldiarazi dute, asteguna, gauerdirako minutu gutxi, ez dute beste inor gelditu. Polizia bat gerturatu da autora, leihatila jaitsarazi dio. Telefonoz hitz egiten etorri zara, ezta, esan dio, ikusi gaituzunean ezkutatu egin duzu, ezta, ez gara inozoak, inozoak garela uste duzu. Gidariak ez du telefonoa hartu arratsaldeko lauretatik, ez du inorekin hitz egin, erraz frogatu ahal du, deiak erregistratuta geratzen dira, baina ezin izan dio hori guztia azaldu. Ezetz esan dio, ezetz baino ez, urduri dago, harrigarri egiten zaio zelan sikatu ahal zaion eztarria horren segundo gutxian, ahotsa ere ezohikoa poliziarekin hitz egin duenean.

Agenteak ez dio garrantzirik eman, badaki erraz froga daitekeela ez duela telefonoz hitz egin, ez da inozoa, baina zakartu egin da, zirkulazio-baimena eskatu dio. Gidariak gidabaimena atera du, poliziak garrasi egin dio, zirkulazio-baimena eskatu dizut, zer ari zara, denbora galarazten, zer zara, inozoa, gu ez gara inozoak, zer nahi duzu, puntu bi kenduko dizkizut, lau, zer nahi duzu. Autoan dituen paper guztiak eman dizkio, karpeta batean, ez daki zehatz zer ari zaion eskatzen, ez daki ondoegi zer den zirkulazio-baimena, agentea gehiago haserretu da, autotik irteteko agindu dio eta eskatu dion papera emateko, behingoz emateko. Karpeta ireki du gidariak eta zortea izan du, zirkulazio-baimena bigarren edo hirugarren papera da, orriaren goiko partean irakurri du, atzamarrak dardarka hartu du dokumentua, eman egin dio, zakar hartu dio agenteak.

Autotik apartatzeko agindu dio orduan poliziak, erregistroa egin behar diotela, jartzeko hamar bat metrora, euren autoen atzean, ezin duela ikusi nola erregistratzen duten, zerbait topatuko dutela beharbada. Agenteak hondakin bati bezala hitz egin dio, esan dio azken hori.

Gidaria ez da asko mugitu, hankak bigun sentitzen ditu, ezetz esan dio, ez, ez noa. Agenteak buelta hartu du, ez zoazela, ez zoazela, nor zarela uste duzu, badakizu norekin ari zaren hizketan. Gidariak beste jarrera bat hartu du orduan, kanpotik ikusita ezin da jakin zergatik aldatu duen jokaera, ez dago ageriko arrazoirik, natural hitz egiten hasi da gero. Oso ahots neurtuz esan du: «Jendea da jende guztia, deabruak baino ez du kapela janzten, ezta, Rostov?» Hori esan dio agenteari, Tolstoiren esaldia da, zehaztu du, ezagutuko duzu beharbada. 640. orrialdean, Random Housek 2004 atera zuen edizioa etxean badaukazu. Jende guztia da jendea, zeu ere bai, jendea izango zara, ezta, Rostov, esan dio agenteari.

Poliziak ezin du sinetsi entzuten ari dena, burua joan zaio ume horri, galdetu dio bere buruari, gorri jarri zaizkio masailak, garrasia inoizko desatseginena, zer ari zara, adarra jotzen, inozoa al naiz, horren aurpegia daukat. Ez, jauna, Tolstoik esaten du, Tolstoi estimatzen duzu, galdetu dio, nik ez gehiegi, horretan ados nago poliziarekin.

Agenteak alde batera eta bestera begiratu du, beste agente batzuk eurei adi daudela konturatu da, gehiago sutu du horrek, konpondu behar du, barregarri geratzen ari da, aski da, buelta eman, agindu dio, eskuak auto gainean, hankak zabaldu, oihu egin du, onetik irtenda ere bai. Gidariak ez dio kasu egin, ez du autoaren kontra jarri nahi, ez du hankarik zabaldu nahi, esan du lagunak ez liratekeela oso harro egongo jarrera horretan ikusiko balute, ez dela jarrera duina. Hildako lagun asko dauzkat, jauna, esan dio, ez zuketen begi onez ikusiko ni horrela jartzea, zuri kasu egitea, Álvaro Cunqueiroren lagunak bezala, ezagutzen duzu Cunqueiro, galdetu dio.

Poliziak ezin izan dio eutsi orduan, gidariaren beso bat hartu eta atzerantz bihurritu du, autoaren kontra estutu dio gorputza. Gidariak irribarre egin du, ematen du ez dagoela minik. Libre daukan besoa altxatu eta atzamarrekin hiru zenbaki markatu ditu airean, seinale bat egiten ariko balitz bezala: 4, 2 eta 1.

Hogei bat ibilgailu agertu da une horretan, autoak, furgonetak, motorrak; gidariak jaitsi dira, berrogei bat izango dira. Polizia guztiei armak kendu eta gidariarekin egon dena lurrean etzan dute indarrean, ahuspez. Gidariak, erabat lasaituta orain, beste agenteak seinalatu ditu: horiek guztiak hilabetean utzi libre, esan du. Etzanda dagoena seinalatu du segituan: honi programa aplikatu, 106B programa, hiru urtekoa, gero pentsatuko dugu polizia izaten jarraitu ahal duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.