Eguraldi hobea, giroa baino

San Tomas eguneko ekitaldirik ez da egin aurten ere Bilbon eta Donostian: ez azokarik, ez posturik. Hala ere, izan da jendea kalean. Banatu dute txistorra tabernetan, eta baserritar jantzian ibili dira batzuk, jaiaren «espirituari» eusteko.

Taloak salgai, Bilboko Alde Zaharreko taberna batean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Javi West Larrañaga - Enekoitz Telleria Sarriegi
Bilbo Donostia
2021eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Txistorraren koiperik apenas atorretan, irribarreak uzkur ezpainetan, taloaren epelik ez atzamarretan, eta aldarte bizi gutxi jarreretan. San Tomas eguneko ospakizunak bertan behera gelditu dira aurten ere Bilbon eta Donostian. Ibili da jendea kalean, banatu dute txistorra tabernetan, eta baserritar jantzian ibili da bat baino gehiago familietan. Baina eguraldia izan da hobea, giroa baino.

«Gaur da San Tomas eguna, ezta?», galdetu dio gizon batek besteari Bilboko Plaza Barrian. Ulertzekoa da zalantza izatea, inguruak ez duelako ohiko irudiaren antzik izan. Plazan mugimendua egon arren, jende gehiena terrazetan egon da. Kafea hartzen batzuk, eta ardo zuria eta beltza edaten beste batzuk. Botila sagardorik, ordea, ia inork ez. Taberna gutxi batzuetan eskaini dute taloa, eta ibili da jendea haien atzetik. Leire Etxeberriak amarekin hartu du terrazan: «Orain Kantabrian bizi gara, eta, etortzean, gogoratu dugu azoka egoten zela egun honetan, eta taloa hartu nahi izan dugu hura gogoratzeko».

Nahiz eta haren tabernan izan den mugimendurik handiena, Amaia Guillamon ez dago pozik egoerarekin. Baserritarren alde aritu da berbaz, tabernek behintzat zabaldu ahal izan dutelako. «Nork ordainduko dizkie galerak baserritarrei?», galdetu du. Adierazi du azken bi urteetan etengabe beldurrez izan dela, ez dakielako hurrengo egunean zabaldu ahalko duen. Guillamoni kontraesanek ematen diote amorrua: «Azokak bertan behera uzten ari dira, eta merkataritza zentroekin ez da ezer gertatzen. Txertoa hartu beharrean, El Corte Inglesera joan beharko dugu, han ez baitago kutsatzerik, antza denez».

Ama eta semea izan dira Areatzako kaian baserritar jantzian ibili diren bakarrak. «Gauza batzuk ezin dizkigute kendu, eta kantatzea ere debekatu nahi digute», kexatu da Iñigo Kintana semea. Urtero elkartzen dira biak lagunekin Areatzan, baina oraingoan haiek bakarrik bildu dira. Hamaiketakoa prestatuta ekarri, eta banku batean jesarri direla azaldu du Mari Carmen Benito amak. Tortilla, gazta, txorizoa eta txakolina ekarri dute. Jendea ibili da kaian zehar, baina ez du zerikusirik izan aurreko urteekin. Kaleko edanaren eta baserritarren ordez, erretiratuak, gurasoak eta umeak izan dira gehienak.

Donostian, berdintsu

Antzekoa izan da panorama Donostian. Hiriko sarrera eta irteeretan arazorik ez trafikoan, jende uholderik ez tren geltokian, eta pilaketarik ez autobusetan. Baserritar jantzita, aita bat bizikletaz seme-alabekin zebra bidean. Gipuzkoa plazako arkupeak, hutsik: ez zartagin ketsurik, ez plastikozko edalontzirik. Ikasketa bidaiek beste diru iturri bat beharko dute aurten ere.

Jaiotza dago jarrita plazan. Turistak gidariarekin. Azalpen ez diren azalpenak: «Ikazkin bat zen Olentzero, baina, azken boladan, Mari Domingi izeneko sorgin batekin ezkondu digute». Argazkiak eguzkipean. Familia bat osorik baserritar jantzita. Aloña eta Saioa Urbistazu, Itsaso eta Eneko seme-alabekin. «Iaz ere jantzi ginen, eta aurten ere janztea erabaki dugu. Ez gara bakarrak izan, animatu dira beste batzuk ere», azaldu du Aloñak. «Espirituari eutsi behar diogu, nola edo hala», gaineratu du Saioa ahizpak.

Ilara jendetsu eta luze bat dago Bengoetxe kalean. Ez txistor eta ez talo. PCR eta kontsultetarako txandak ari dira banatzen Sorospen Etxeko larrialdietan.

Juantxo tabernan ez dago pilaketarik, baina badabil jendea. Gehienak «eramateko» ari dira ogitartekoak eskatzen. «Inprobisatzen ari gara une oro. Apustua egin dugu, eta lan egun handi baterako lantaldea jarri dugu. Jendeak nahi ditu santomasak ospatu. Bi urte daramatzagu ospatu gabe, neurri ulertezin hauengatik», adierazi du Beñat Orube tabernako zerbitzariak.

Ertzain bikote bat pasieran San Jeronimo kalean. Gazte jendea ari da biltzen Ikatz kalean. Konstituzio plazan ez da ageri Gilda, Ursula, Potxola, Engraxi, Maikrux, Jaxinta, Tomaxi, Felixi edo Filemona zerrien ondorengorik. Kristina Saralegi zaintzaileak jakinarazi du iaz ekarri beharreko zerri berbera ekarri behar zutela aurten ere, baina «indultua» eman diotela, eta «umetarako» utzi. Txistor kiloa 11,40 euroan jarri dute Bretxako merkatuan. Hau Donostia da. Eta eguraldia dago hobea, giroa baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.