Narrazioa

Magrebtarra eta aterkia

Donostian jaio zen, 1971n. Laugarren nobela argitaratu berri du, Koldar hutsa zara (Erein). Aurreko hirurak honako hauek dira: Kafkaren labankada (2001), Kearen truke (2005) eta Axola ez duenean (2009). Narrazio bilduma bat ere badu: Egurra Pinotxori (2001). Poesia arloan hiru liburu ditu argitaratuak: Taxi bat Hamlet-entzat (2001), Zaldi hutsak (2007) eta Hariaz beste (2011).
BERRIA

Aritz Gorrotxategi -

2015eko uztailak 5
Egin beharrekoak lehenago amaitu, eta goizago joan naiz gaur haurren bila. Eskolatik atera ostean, Ategorrieta inguruko parkean geratu gara, ohi bezala. Izaro eta Ekain zabuarekin jolasean hasi dira; harrapaketan gero; borrokan hurrena, batak bestea nahigabe zapaldu duelako. Enegarren sermoia bota diet. Sermoi automatikoa, ezertarako balio ez duten horietakoa, handik bi minutura errepikatuko baita oinkatzea edo bultzakada edo dena delakoa.

Parkean ez dago ia inor. Goiz samar da, eta hodei saldo batek estali du zerua bat-batean. Iturrira zuzendu dut begirada. Magrebtar itxurako gizon bat heldu da, besapean aterkia eta esku ahur irekian likido krematsu bat dituela. Sport janzkera dauka: txandala eta korrika egiteko zapatilak. Aterkia lurrean utzi, esku librearekin iturria ireki, eta aurpegia garbitzeari lotu zaio. Ez dago zalantzarik, likido krematsua xaboia da. Eskuak ondo garbitu ostean, burua xaboitu du hurrena. Presaz eta keinu urduriz, ileko xaboia kendu du burua ur txorrotarapean jarrita. Eskuekin bizi-bizi igurtzi du burua, ilea lehortu asmoz. Berriro garbitu ditu eskuak. Ondoren, aterkia hartu, eta hura ere garbitu du. Erritual harekin amaitzean parketik hanka egin du. Izaro eta Ekain txirristaren inguruan jiraka ari dira orain, ezpata ikusezinak astintzen. Ama bat etorri da bere haurrarekin. Gero, bikote bat txakurra paseatzen. Musu eman diote elkarri, barrezka hasi dira hurrena, konplizitatez. Txakurra bien aurrean dabil jauzika, mingaina aterata.

Batek jakin zergatik, ezin dut burutik kendu magrebtarraren irudia. Parketik gertu abegi etxea eta tren geltokia daude, eta ez da arraroa etorkinak inguruan ikustea, taldean edo banaka. Haietako bat izango da. Adin guztietakoak izaten dira. Gaztetxoak gehienbat. Egonean. Iturriko uraren sentsazioa zabaldu zait gorputz osora. Iraila izan arren, udazken berantiar trazak ditu eguraldiak. Hotza egiten du azken asteotan, ipar aldeko haizeak zitalduta.

Bi ama eseri zaizkit alboan. Ekain eta Izaroren ikastola berean dabiltza beren seme-alabak. Buruaz agur keinua egin diet. Hizketan hasi dira, niri ezaxola. Hitz solteak harrapatu ditut. Antza denez, eskolara haurren bila doazen gurasoen autoetan lapurretak egiten ari omen dira. Inguruotan leku gutxi dagoenez, sarritan gaizki aparkatuak uzten dituzte espaloi gainean. Atzo goizean, auto baten kristala puskatu, eta begien bistara utzitako diru-zorroa eraman zuen lapurrak. Uste zabaldua da magrebtar etorkinak direla lapurrak.

—Ez dago zereginik... Adin txikiak direnez —kexatu da ametako bat.

Beste amak kasu esanguratsu bat kontatu dio. Etorkinekin lanean ari zen irakasle bati tinpanoa hautsi omen zion ikasle magrebtar batek.

—Gauza bera… Ezin da ezer egin. Legeak babesten ditu.

—A zer legeak! Gu ez eta haiek babesteko...!

—Ez dago eskubiderik…

Txakurrarekin etorri den bikotea txoko batean jarri da. Ekain eta Izaro haren inguruan dabiltza jolasean, eta Ekainek adar batekin hankan jo dio bikoteko neskari nahi gabe. Barkamen eske hurbildu natzaio, baina neskak irribarretsu erantzun dit, lasai egoteko, ez dela ezer. Kargu hartu diot Ekaini, baina nire ahotik hitzak ateratzen hasi orduko, ziztuka abiatu da haur batek indartsuegi jo, eta, desbideratuta irten ostean, baloiari segika atera den txakurraren atzetik. Ekain eta Izaroz gain, neska-mutil saldoa elkartu da txakurraren inguruan, haginek eusten duten baloiari adi, algara eta ikara nahasian. Baloia galdu duen haurra, ordea, negarrez ari da. Txakurrak ez du baloia askatu nahi. Bikoteko mutikoa altxatu da, eta txakurrari ahotik baloia kendu ostean, baloia itzuli dio futbolari txikiari, barkatzeko erregutuz. Haurrari amen batean pasatu zaio pena, eta baloiari sendo heldu dio. Ez du jokoan jarri nahi, beretzat bakarrik nahi du. Gainerako haurrak protestan hasi dira, uzteko baloia. Baloia sendo eusten duen haurraren amak ere baloia askatzeko eskatu dio, baloia lagunekin jolasteko dela, ez norberak gordetzeko. Amore eman du haurrak, eta jokoan jarri du baloia ostikada batez. Zoratzen atera dira denak baloiaren atzetik, partidarekin jarraituz. Haurren poza ikusita, aldizkari batean irakurritako kontu batekin akordatu naiz. Kazetari batek zera galdetu omen zion teologo alemaniar bati: nola azaldu haur bati zer den zoriontasuna? Eta teologoak erantzun: ez nioke azalduko, pilota bat emango nioke jolas dadin.

—Ez, ez dago eskubiderik… —iritsi zait lehengo amaren ahotsa.

—Gainera, Gizarte Segurantza dohain dute.

—Batzuei soldata ere ordaintzen omen diete. Besoa besoaren gainean edukitzeagatik..!

—Hala baleude, hobe. Bortxatzaile gutxiago.

Haurren oihu eta garrasiak entzuten dira hizketaldien gainetik. Pasatu berri den trenari begira geratu dira batzuk, liluratuta. Haien begietara suzko dragoi bat dirudi. Atsegin dute trena ziztu batean pasatzen ikustea.

—Trena, trena…. —oihu egin du neska txiki batek trenbidea seinalatuz. Amari irri eztia marraztu zaio ezpainetan.

Trena tunelean galdu da.

Handik gutxira, magrebtarra itzuli da. Berriro garbitu ditu eskuak. Segidan, aterkiaren kirtena garbitu du. Ez du bururik altxa. Parkean inor ez balego bezala jokatu du, inguruarekiko gor. Beste mundu batean balego bezala, bere garbiketa-ariketak egiten. Mamu bat edo espiritu bat. Oraingoan, kontrako aldetik urrundu da, autobus geltokia dagoen lekurantz, lehengo mugimendu urduri eta presatuak errepikatuz. Nola urruntzen zen begira geratu naiz, alboko emakumeek hizketan jarraitzen duten bitartean. Telebistako reality show bati buruz ari dira orain, lurralde arrotz batean baldintza ezin gogorragoetan biziraun behar duten lehiakide batzuei buruz.

Obren erruz etxean ur beroa moztu, eta ur hotzarekin dutxatu beste erremediorik izan ez nuenekoa etorri zait gogora. Magrebtar haren larruan jartzen ahalegintzeko modu bat izan daitekeela otu zait, harekiko enpatia halako bat sentitzekoa. Pasadizo arbuiagarriegia da, ordea. Hutsalegia. Nire burua irrigarri sentitzea eta aurreneko tantak erortzea bat izan da. Haurrak eskutik heldu, eta korrika batean aldendu gara parketik ondoko etxeen arkupera. Zikin samar dago lurra, pipa-azalez eta janari-estalkiz betea. Berehala pilatu gara guraso eta seme-alaba gehienak arkupeko metro koadro estuetan. Parkera begiratu dut berriz. Hutsik dago. Euri zaparradak dena bustitzen du, eta ez dut aterkirik ekarri.

Zaparrada atertu ostean, arkupetan segitzen dugu gehienok. Batzuk etxera joan dira. Lau magrebtar gazte agertu dira parkean, plastikozko baloi batekin hasi dira jolasean. Zoriontsuak dirudite.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna