Uda batez Galeuscan

Igeri

Gasteizen jaioa, 1981ean. Doktore da ikus-entzunezko komunikazioan. 2007an argitaratu zuen lehenengo liburua: Sua falta zaigu ipuin bilduma. Ordutik, beste hainbat lan argitaratu ditu: besteak beste, Habitat (2009) narrazio bilduma eta Atertu arte itxaron eleberria (2015). Habitat-en proiektuak Igartza saria lortu zuen; Atertu arte itxaron-ek, berriz, 111 Akademiarena. Amek ez dute nobela du azkeneko lana (2018). Lau liburuok Elkarren argitaratu ditu. EHUn irakasle dihardu gaur egun.

MARTINTXO.
Katixa Agirre.
2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Irlara heldu zirenean dena gogoratu bezala agertu zitzaien: terrazak mukuru, portuko belaontziak, turisten alkandorak. Haiek ez ziren ordukoak baina: orain farmazia, guardiako medikua, kolunpioak kokatu behar zituzten oporraldian murgildu aurretik.

Orain haur txiki bat zuten.

Hamabost hilabete, bere bigarren uda, oraindik ez zebilen oinez.

Alokatutako duplexera heldu eta gizonak zerrenda bat egin zuen —entxufeetarako tapak, eltxoentzako tranpak, ur minerala, barazkiak, fruta—, eta supermerkatu baten bila abiatu zen. Emakumea etxetik zekarten purea berotu eta umeari ematen saiatu zen. Gero, umea bainatu zuten —hegazkinean botaka egin zuen—, pijama jantzi eta amaren titiari lotuta lokartu arte itxaron zuten.

Orduan afaldu zuten, hamarrak pasatxo, pizza lehorra, eta oporraldia zabaldutzat eman zuten.

—Igeri egitera joango naiz esan zion emakumeak.

—Jakina, zoaz.

Harean zulo bat egiten ari ziren. Umeak eguzkitik babesteko kamiseta zeraman, atzaparkadaz kentzen zuen txanoa, aurpegia kremaz estalirik.

—Segi ba! —esan zion gizonak berriz, emakumea, eskuak gerrian, animatzen ez zela ikusita.

Azkenean, atzera begiratu gabe, itsasoan sartu zen, astiro. Gizona emaztearen ipurmasail gogorrei so geratu zen. Erditu eta gero ariketa fisiko oro debekatu zioten. Umetokiaren prolapsoa ez zen broma. Ebakuntza-gela. Errehabilitazioa. Urtebete baino gehiago igarota, ariketa suabera bueltatzen ari zen pixkanaka. Pilates. Hipopresiboak. Orain, igeriketa ere bai.

Ez zirudien elitezko kirola faltan hartzen zuenik. Umea zuen orain ardura bakarra. Atzean geratuak ziren sufrimendua, lesioak, dieta. Atzean, joko olinpikoen ametsa.

Orain haur txiki bat zuten.

Eta haur txiki hori harea jaten ari zen.

—Ep! Utzi hori!

Hamaiketakoa ahotik kentzen ziola ikusita, negarrez hasi zen haurra.

—Tira, goazen buelta bat ematera.

Umea besoetan hartuta itsasorantz abiatu zen. Olatuen marmarrak beldurra eragin zion eta berriz hasi zen negarrez.

—Jexux, petral samar gaude gaur. Ea, abisatu ama ikusten baduzu, uretan dago, hor.

Baina ez zuten ikusi. Ez zegoen lasai poltsa zaindu gabe zegoela jakinda eta toallara itzuli ziren. Ordu erdi-edo zeraman emakumeak uretan. Ez al zen gehiegitxo? Bere txano gorria antzematen saiatu zen beste behin. Bazekien denboraren nozioa galtzen zuela uretan, baina nekadurak jota egon behar zuen ordurako. Zutik jarri zen, eskua bisera gisa erabiliz. Txano gorriaren arrastorik ez. Umea negarrez.

—Gose zara, ezta? Tira, bazkaria emango dizut.

Adurzapia jarri eta termoa zabaldu zuen. Umeak ahoa itxita mantendu zuen: ez zuen purea nahi, gaileta nahi zuen.

Geroz eta urduriago zegoen gizona. Berriz altxatu zen, umea hareaz bete zuen gaileta batekin utzita, emakumea hautematen saiatzeko. Berriz eseri zenean, purea toallan barreiatuta zegoen.

Emakumea triatloi proba batengatik zegoen gizonaren hirian elkar ezagutu zutenean. Joku olinpikoen aukera bizirik zegoen artean eta emakumeak ez zuen maitasunerako astirik. Baina gizonak ez zuen etsi.

Bigarren jokoetatik kanpo geratu zenean, gizonak proposatu zion berarekin bizitzera etortzea. Berak ezin zuen hiria utzi, justu orduan hartua zuen aitaren enpresaren ardura. Orduan, haurdunaldia. Ez zen dudarik egon. Emakumea gizonaren etxera mugitu zen. Irlara etorri ziren aurreneko aldiz, ezkonbidaia. Orduan ere, uretan igaro zuen emakumeak oporraldiaren zatirik handiena. Haurdunaldian suabe entrenatzen jarraitu zuen, goragaleekin. Gizonak geroz eta ordu gehiago ematen zituen enpresan. Bitartean, sabel puztuarekin, korrika egitera ateratzen zen emakumea, bizikleta, igerilekua.

31. astean uzkurdurak hasi eta kirola amaitu zen. Atseden absolutua.

38. astean, 48 orduko erditze-lanaren ostean, heldu zen umea. Forzepsak. 3. mailako urraketa. 16 puntu hankartean. 4 kiloko mutikoa.

Umea aulkitxoan, dena batu eta harean barrena aurrera egiten saiatu zen, eguzkitakoa besapean. Apenas entzuten zituen umearen negarrak, burrunba zuen belarrietan. Hiru ordu laurden ziren emakumea igeri egitera atera zenetik, ordubete akaso, azaldu zion ile horiko sorosleari. Emakumearen itxura deskribatu zion. Walkie-arekin hitz egin zuen ilehoriak, eta gizonari lehen sorospenetarako erabiltzen zuten etxetxoan itxoiteko eskatu zion. Kanpoan, sorosleen arteko elkarrizketa urduria, mugimendua. Txalupa laranja bat ikusi zuen, emakumearen bila zihoazen.

Beste gaileta bat eman zion umeari, ez zeukan besterik. Ezin titia eskaini. Pozik hala ere mutikoa, buila mordo batekin jolasean.

Beste sorosle bat sartu zen, hondartzako gainbegiralea, eta serio esan zion hobe zutela etxean itxarotea.

Zirt edo zarteko pertsonatzat zeukan bere burua, presiopean lan egitera ohituta. Baina arratsalde hartan, duplexera ailegatu eta umeak, gosetuta, negarrari ekin zionean enegarrenez, geldirik geratu zen sukaldearen erdian, hurrengo pausoa zein izango. Semeak sandaliatik egiten zion tira, baina gizonak ezin zion begiratu.

Ez. Martxan jarri beharra zegoen. Umea besoetan hartu eta, ohituragatik, iturriko ura eman zion, irlan botilakoa bakarrik emango ziotela adostuta bazuten ere.

Ez zen adosmena, emakumearen erabakia baizik. Dieta orekatua, ohitura higienikoak, autoestimurako jokaera onak, psikomozitritate fina lantzeko jokoak. Dena emakumearen esku. Asteburuetan, amateur hutsa sentitzen zen, emakumeari egiten uzten zion, hari begira noizbait ikasiko zuen.

Umeak trago luze bat hartu zuen. Ondo. Adoretuta, madari zatitu bat utzi zion aulki altuaren erretiluan. Umeak bi zati murtxikatu zituen gogo handiz eta segituan dena bota zuen: hartutako ura zein madaria.

Gonbitoa garbitu, umeari ura eman (botilakoa), pardela eta arropa aldatu, termometroaren bila joan eta besapean jarri, termometroa lurretik jaso eta berriz besapean jarri, telebistan marrazkiak bilatu, 7 minutu itxaron umearen besoari helduta eta azkenean ikusi zuen: 37,6º. Ez zen asko. Ez?

Orduan, atondoko altzarian utzitako telefonoak gauzarik ikaragarriena egin zuen: jo egin zuen. Bazetorren, beraz, albistea. Ume beroa besoetan, hara abiatu zen korrika.

Erantzutera ausartuko zen? Bai. Ez. Esku dardaratia telefonotik oso gertu zuenean ikusi zuen: post-it horia, emaztearen idazkera karratua, bihotza.

Askotan egiten zuen emakumeak hori, maitasun oharrak han eta hemen. Baina haurra jaio orduko, egiteari utzi zion. Eta gaur, noiz eta gaur, berriz egitea bururatu zitzaion, ohar hori, plurala, maite zaituztet.

Kasualitatea zen. Ez. Bai.

Premonizioa. Bai. Ez.

Premeditazioa. Ez. Bai.

Denbora geldi. Telefonoa jo eta jo. Premiarik ez gizonak ordea. Zertarako. Esango ziotena ondo zekien: emakumearen arrastorik ez, bila jarraitu behar, polizia laster etxean.

Umeari begiratu zion: goibel, begiak gorri, deshidratatuta egongo zen, gosetuta eta gaixorik.

Lan handia zuen aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.