Bilboko Aste Nagusia. Elena Garcia. Mamikiko konpartsakidea

«Gazteei ateak zabaldu behar dizkiegu, haien ikuspuntuei»

Jaietako erreferente feministak 40 urte bete ditu aurten. Emakumeen borroka onartuago dago, baina ez dute erronka faltarik izango: lekukoa hartuko dieten gazteak behar dituzte Mamikin.

MARISOL RAMIREZ /FOKU.
amaia igartua aristondo
2019ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Mamiki konpartsa feminista 1979an sortu zen, eta 40 urte bete ditu aurten. Elena Garcia Fernandez ('s-Hertogenbosch, Herbehereak, 1971) 1991n hasi zen han, txandak egiten. Hurrengo urtean, txosnen muntaketak liluratu egin zuen Herbehereetan jaio baina «betiko bilbotarra» den emakume hori. Jada konpartsakide bihurtuta, elektrizitatean, iturgintzan eta zurgintzan trebatu zen, eurek muntatzen baitzituzten hasierako txosnak, oso-osorik. Gauza asko aldatu dira geroztik; konpartsari ere gauza bera gertatu zaio: «Pluralagoa da».

Zer lortu du Mamikik 40 urte hauetan?

Aste Nagusiko txosnetan erreferente feminista bat izatea. Hori izan da gauzarik inportanteena. Eraso bat badago, hor gaude; behar bagaituzte, hor gaude. Urte osoan jendea etortzen zaigu informazio eske. Gainera, janariaren kalitateagatik ere fama handia dauka Mamikik.

Zergatik sortu zen?

Sortu aurreko urtean, emakume askok parte hartu zuen jaietan, beste konpartsa batzuetan. Ikusi zuten bazela aldarrikapen feministak kaleratzeko aukera bat. Bestalde, Basauriko abortuaren epaiketa zegoen martxan urte hartan. Bizkaiko Emakumeen Asanbladak, Mamikiren atzean dagoen erakunde feministak, aukera ikusi zuen emakume horien borrokaren bozgorailu izateko. Gainera, dirua behar zen abokatuentzat, kanpainarako, epaiketara deituta zeuden emakumeen beharrak betetzeko...

Gainontzeko konpartsek zelako harrera egin zioten Mamikiri?

Hasieran, ez zuten ondo ikusi, batez ere gizonek. Orain, giroa oso desberdina da. Feminismoa onartuago dago gizartean, eta beste konpartsetan ere andre feminista piloa dago. Horrek eragin handia izan du.

Nola aldatu da Aste Nagusia, emakumeen aldeko aldarrikapenei dagokienez?

Aldarrikapen feministak kalean daude, eta horrek eragin handia izan du jaietan. Erasorik gabeko aste nagusi bat izatea da oraingo erronka, baina zail ikusten dut. Behintzat, jende gehiago gaude aldarrikapen eta mobilizazioetan.

Eta nola aldatu da Mamiki?

Lehen, Bizkaiko Emakumeen Asanbladako kideek parte hartzen genuen; orain, berriz, hainbat taldetako kideak daude. Aniztasun handiagoa dago, eta saiatzen gara Bilboko emakumeon errealitatera moldatzen: bizipenak, jatorria, klase soziala, azal kolorea... Sare sendo bat sortzea da helburua.

Arriskuan dago konpartsaren etorkizuna?

Uste dut egoera orokorra dela. Gure jendartea ikusle izatera ohitu da; nik beti esaten dut eragileak izan behar dugula. Gazteei ateak zabaldu behar dizkiegu, haien ikuspuntuei eta iritziei. Txosna batzuetan, jende gaztea sartzen da txandak egitera, baina ardurak hartzen dituztenak gutxi dira, eta helduak.

Nolakoak izan ziren Mamikin sartu eta lehen jaiak?

Txandak egiten hasi nintzen, ez konpartsakide moduan. Hasieran, ez genuen alkoholik saltzen, indarkeriarekin lotzen genuelako. Ni alkohola edaten hasi berria nintzen, eta iruditu zitzaidan horrek etorkizun gutxi zuela. Baina hurrengo urtean mekanotuboak nola muntatzen ziren ikusi nuenean,pentsatu nuen nik hori egiten ikasi nahi nuela, emakumeok ere horrelakoak egiteko kapazak garela.

Urte osoan zer egiten duzue?

Bilboko Konpartsek ezarrita daukaten egutegia mantentzen dugu, San Tomas eguna, inauteriak eta Son Juan gaua. Inauteriak ikasturteko aldarrikapen nagusia egiteko erabiltzen ditugu. Baina elkarte feministetan ere bagaude.Azken bi urteetan, gainera, mugimendu feministak daukan agenda nahiko bizia izaten ari da.

Etorkizunean zer lortu nahiko zenukete?

Hasi ginenean baino emakume gehiago gara, eta horrek ekartzen dizkigun aldaketak barneratu eta bizi beharko ditugu. Badakigu zaila dela, horrek esan nahi duelako gure pribilegioak zalantzan jarri behar ditugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.