Sinesgarritasuna erronka

Desinformazioari aurre egitea jo du Reutersen institutu batek kazetaritzaren helburu nagusi

Boris Johnson Downing Streeten, kazetarien aurrean, iazko abenduko hauteskundeak irabazi eta gero. Txostenaren egileentzat, kanpaina hori da politikarien arduragabekeriaren adibidea. VICKIE FLORES / EFE.
jakes goikoetxea
2020ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Komunikabideen errealitatea irauli egin da, baina, egoera aldatuta ere, sinesgarritasuna lortzea dute erronka nagusietako bat, etorkizuna bermatzeko. Batez ere egia-osteko garaiotan.

Ondorio hori eta beste batzuk atera ditu Nic Newmanek zuzendutako ikerketak, kazetaritzaren, komunikabideen eta teknologiaren 2020ko joerei buruz. Kazetaritzaren Ikerketarako Reuters Institutuko ikertzailea da Newman. 32 herrialdetako komunikabideetako «233 lider digitalek» emandako informazioan oinarritu dute azterketa.

AURREIKUSPENAK

Galdetegia erantzun duten lau arduradunetik hiruk (%73) uste dute 2020a urte ona edo oso ona izango dela haien enpresentzat; ez dira hainbeste, ordea, kazetaritzarentzat urte ona izango dela uste dutenak: %46. Bi kezka behintzat aipatu dituzte: alde batetik, egunkari lokalak gogor jo dituztela zorrak, publizitate bidezko diru sarreren jaitsierak eta diru sarrera digitalera egiten ari diren trantsizio motelak; bestetik, presio ekonomikoak eta politikoak jasan behar dituztela aberatsei eta boteretsuei kontuak eskatzen dizkieten kazetariek.

Argitaratzaileen erdien diru sarrera nagusia irakurleen ordainketak dira. Hirutik batek (%35) uste du irakurleen eta iragarleen diru sarrerak paretsuak izango direla, eta %14k bakarrik esan dute publizitatea izango dutela diru iturri nagusia.

2019a urte garrantzitsua izan da hainbat komunikabiderentzat: New York Times-ek ia bost milioi harpidedun ditu (paperean eta Interneten), hamar milioiko helburuaren erdia; Financial Times-ek milioi bat lortu ditu; eta The Guardian-ek berriro irabaziak izan ditu, urteetako galerak izan eta gero. Gero eta gehiago izango dira ordainpeko egunkari digitalak.

EGIA-OSTEKO POLITIKA

Txostenaren egileek Erresuma Batuko iazko abenduko hauteskundeak jarri dituzte politikarien arduragabekeriaren adibide gisa. Salatu dute politikariek datuekin jokatu egin dutela, saihestu egin dutela kazetarien azterketa eta komunikabideak iraindu egin dituztela. Komunikabideetako ordezkariek nabarmendu dute azken urteetako kanpaina okerrena izan dela ikuspegi horretatik: «Politikariak gero eta gehiago saiatzen dira komunikabideak saihesten eta mezuak zuzenean sare sozialen bidez helarazten».

Herritarren atxikimendu falta eta albisteak saihesteko joera gero eta kezka handiago dira komunikabideetako arduradunentzat.

PLATAFORMAK

Inkestan parte hartu duten komunikabideetako ordezkariek uste dute kazetaritzarentzat hobeak direla Google eta Twitter, Apple, Facebook, Snapchat eta Amazon baino.

ANIZTASUNA ERREDAKZIOAN

Lautik hiruk (%76) erantzun dute aurrerapen handiak egin dituztela erredakzioetako genero aniztasunean. Ez dute uste, ordea, hain lan ona egiten ari direnik beren egituretan beste era bateko aniztasunak txertatzeko: hiriguneetatik kanpokoa (%55ek dio ondo ari direla), aniztasun politikoa (%48) eta arraza aniztasuna (%33). Norberak bere buruari buruzko iritzia da. Emakumeen erantzunak gizonenak baino kritikoagoak izan dira. «Portugalgo komunikabideak genero aldetik orekatuak dira... erredakzio buruetan salbu», salatu du Catarina Carvalhok, Diario de Noticias egunkariko editore exekutiboak.

AUDIOEN GORALDIA

«Audioaren urrezko aro berria, baina non dago dirua?», galdetu dute azterketaren egileek. «Podcastentzat beste urte handi bat izango dela dirudi», diote. Galdetegia erantzun duten erdiek esan dute podcast berriak egingo dituztela aurten. Audientzia gazteagoak erakartzeko, ohiturak sortzeko eta «diru sarrera berriak erakartzeko» aukera izan daitezke. Podcastek eragindako diru sarrerak %30 hazi dira urtebetean, eta uste dute 2021ean mila milioi dolar ingurukoak izango direla. Komunikabide gehienek, ordea, ezin dute trukean dirurik jaso.

Beste komunikabide batzuen aukera testuak audio bihurtzea da, irakurleek nahi dituzten artikuluak entzuteko, orain artekoak baino ahots naturalagoen bidez. BERRIAko artikuluak 2014tik entzun daitezke.

ADIMEN ARTIFIZIALA

Adimen artifiziala sartu da hainbat komunikabidetara. Erantzun dutenen %53rentzat adimen artifiziala oso garrantzitsua da irakurleei gomendio eraginkorragoak egiteko, %47rentzat balizko harpidedun berriak aurkitzeko eta ordainketa sistemak hobetzeko, eta %39rentzat erredakzioak eraginkorragoak izateko. Zenbait egunkaritan edizio elektronikorako laguntzaileak edo zuzentzaileak erabiltzen dituzte, Tansa eta Grammarly izenekoak. Beste batzuk albiste automatikoak idazteko sistemak garatzen ari dira: hauteskunde emaitzenak, enpresen emaitzenak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.