Ouranopolis

Baionan jaio zen, 1959an, eta Oragarren hazi (Nafarroa Beherea). Donapaleuko laborantza eskolan hasi zituen ikasketak, eta Paueko Unibertsitatean burutu. Hainbat hedabidetan kolaboratzaile izan da, tartean BERRIAn, urte luzez. Maiatz aldizkariaren sorreran ere parte hartua da. 1984koa du lehen lana, Bizitza nola badoa poesia liburua. Ordutik, ia genero guztietan aritu da, baina eleberrigintzan eta poesian jardun du gehien, eta ibilbide oparoa osatu du. 2002an, Euskadi Saria jaso zuen, %100 basque eleberriari esker.

Itxaro Borda
2016ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
A la longue le sabre est

Toujours vaincu par l'esprit

Albert Camus

Ez zuen beste aterabiderik. Hiru sasoi eraman zituen garbiketa enpresa batean. Langile gazteagoak, merkeagoak, alabaina, hartzeko asmoz, nagusiak batere eztitasunik gabe berrogei urtekoak kanporatu zituen. Bat-batean bere baliabide ekonomikoek behera egin zuten, langabeziaren dirutza apurrak doi-doia laguntzen ziola egunerokoa segurtatzen.

Etxe-bizitza aldatu zuen. Hiriko auzune txiroan kokatu zen, geltokiaren aldamenean, espaloiak, eskalek, prostitutek eta erlijio ezberdinetako predikariek oinezkatzen zituztela. Izate espektralak ziren, bereziki gauaren erdian gurutzatzen zirenean: begi luze eta zorrotzekin begiratzen zieten aitzinetik agudo pasatzen zitzaizkien balizko harrapakinei. Bazekiten noizbait beraien sareetara eroriko zirela. Denbora kontua baino ezzen.

Egun hobeagoak espero zituen.

Ez zen baitezpada Moira izeneko andere zaharkituaren erronka. Solairu berdinean zetzan eta bortak parez pare zeuzkaten. Iluna zetorrenean urrats astunak hautematen ziren zurezko eskaileretan gora, gizon bortitzen orroak, irriak eta emaztearen ganbaratik, uda minean leihoak zabalik atxikitzen zituelako, plazer preziokatuaren intziri lizunak. Noiztenka, semea hurbiltzen zitzaion eta laidoak ernatzen ziren, kolpeak, poliziak berehala, elkar hilko zutela lotsa zirelako bertako bizidun herbalak.

Ate atzean giltzatua, ttattit geratzen zen.

Hausnarrean zebilen horma gris eta zikinez osatu kartzela hertsi hartan. Burdinazko ohea bazen izkinan, pixa ontzia, aulkirik ez zeukan mahaia eta irekidura likitsa ezker aldean. Hor egotea bitxi zitzaion, naturarekiko ebasketa ekintza debekatuaz akusatua. Defendatzen saiatzen zen arren zaindariek ez zioten kasurik egiten. Alderantziz, erasoz eta zakarkeriaz errendiarazten zuten, eta taloa bailitzan, gela tepuaren zokora aurtikitzen.

Oroitzen zen: zinpeko naturaren begirale indartsuek atxilotu zuten. Lanetik bota zutenetik, isilka etortzen zen Ouranopolisko baratze publikora, jateko eta kozinatzeko premiazkoak zituen belarrak biltzera. Autobusean tapalakatu eta hiri erdira joaten zen. Ez zuen gehiago ezagutzen mende laurdena lehenago bere habitus delakoa zena: denda eta taberna herrikoien lekuan bulegoak eta standing handiko apartamenduak eraiki ziren, promotoreek sosa askorik ez zuten jendeak astiro hiriaren hegi lanjerosetara haizatu zituztela.

Berinaz eta hormigoizko etxe zut-zuten artean, arkitektoek zazpi hektareako baratza marraztu zuten, dena aintzira, xendra eta labirinto misteriotsu, bakezko putzu berde sakona irudikatuz. Sarrera urririk utzi zuten baina nortasun agiriak erakutsi behar ziren eta hori aski ez baldin bazen, barnean zaldun armatuak zebiltzan barrandari. Tokia panpoxa zen baina larderiaz eta izuz zedarritua oroz bat.

Hiriak, harro, pestizidaz eta laborantza intentsiboaren ekinaz desagerturiko landareak erein zituen, hala nola asunak, ahuntz-hostoak eta kardaberak. Auzapez berriaren ideia lur ohitura galduak berreskuratzea zen. Halatan, uhinen pare mugitzen ziren asun lerdenez estali pentzeak bisitarien esku zeuden.

Miretsi bai, ukitu ez, ordea.

Jende oldeak pobrezia latz baten pentoketan behera amildu ziren. Gaztaroan dastatu zuten oparotasun garaia urrun zegoen. Gizaldi haietan, morbidoa izan arren lana bazen ausarki, mukuru beteak ziren halaber hipermerkatuetako apalak, haragiz, barazkiz, igaliz. Zerrien oturuntzak egiten zituzten, aspalditik ahantzia zela ogia bera nola egiten zen edo asunak, kardaberak ala mihiluak zelan kozinatzen ziren. Zibilizatuak ginen, putxas, ez Levi-Strauss jakintsu erdi itsuak azterturik Amazoniako Nanbikwara indigena biluzien sendikoak.

Zeru pean hedatu museo naturaletan sartzen zen, barazkiak eta behiala gutxietsiak ziren belarrak zare batean gordetzeko. Hastapenean ez zeukan beldurrik. Alderantziz: bekaizki gerizatzen ziren espazio zainduetara ezkutuan iristea zuzentasuna baizik ez zitekeen. Ez zen bakarra gainera, ezen garapena salatzen zuten liburu zaharretan, arrakastatsuak eta errautsez emokatuak engoitik, gabeziaren bihotzean bizirauteko baliabideak zerrendatzen zirelako eta aholku hauetan, landare gutxietsiekin zer egin aurkitzen zelako.

Mundua —aberatsa zeritzona noski— lehertu aurretik interesatzen zitzaion gurbil eta alai jarduteko moduaren egiatasunari. Garbitzeko eta elikatzeko medio ezberdinak praktikara eraman zituen eta harritu zen kasik normalki bizitzen jarraitzeaz. Galtzaile soilak orduan multinazionalak baino ez ziren. Asuna halatan baitezpadakoa zitzaion. Dena antolatzen eta egiten zuen derrigorrezko belarra ardatz: saltsak, tisanak, entsaladak, moletak, saldak, errerik, egosirik ala gordinik gozatzen zuen buztin hiroaren altxorra.

Behin baino gehiagotan erasiatu zuten zaindariek, ilunabarrean baratzean atzematen zutenean. Ohointzat zeukaten. Hala ere, ezkutuan etortzeaz tematzen zihoan, ohituraz bezain erronkaz, multak ematen zizkioten, ordaintzen ez zituenak, herenegun katez bahitu zuten arte. Murru zikinen maldan jada hausnarrean zetzan: beste aukerarik ez zuen.

Jan, edan eta gorputzeko zirrikituak garbitu gabe atxiki zuten lau asteetan eszenariorik larrienak harilkatu zituen bere bakartasunean: ez bide zuten kartzelara eramango hamar asun hosto ohosteagatik? Eko-terrorismoaren atake odoltsuak saihesteko legediak, baiki, gogortu zituzten hondar hamarkadetan eta gaztiguak, egoerarik latzenetan, berriz praktikatzen hasi ziren herioraino joan zitezkeen.

Azkorri hits batez asunaren orlegitasunaren ederra kontsideratu zuen meditazio ordoki bat bukatzean eta berekiko erabaki zuen:

-Ihes egingo dut…

Asunaren kontzientzia betean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.