Egiaz eta begiaz

Ilusio urteak: EGIren komando bereziak

1969ko Aberri Eguneko eguerdian, bi gazteren heriotza beti tragikoa gertatu zen Nafarroan, Ultzamako bentan. Jokin Artajo eta Alberto Asurmendi hil ziren, Valladolideko (Espainia) egunkari batean jartzekoak ziren lehergaia manipulatzen ari zirela. Operazio berean, lau gailu gehiago zartatzekoak ziren egun hartan Artajo eta Asurmendiren kideak, EGIren komando berezietako militanteak.

Asurmendiren eta Artajoren hilobiak Iruñeko San Jose hilerrian. MARIA LUISA MANGADO EUSKO BAZTERRA.
Miel Anjel Elustondo
Iruñea
2020ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Gabriel Arestiren poema atala da: Nik ere badut nire egia /eta bankero jaunarenak bezainbat /edo baino gehiago /balio du. Nork bere egia du, baina hamaikarenak baino gehiago balio du Jokin Artajo eta Alberto Asurmendi ezagutu zituenarenak, EAJren EGIren baitako komando berezietako kide izan zenarenak. Ez du egiazko izenik eman nahi, itzal gordea da, eta anonimo iraun nahi du, kide izan zituenekiko errespetua argudio. Hala ere, egiaz eta begiaz ari da: «1966tik 1969ra jardun genuen borrokan EGIren komando berezietan. Gauza korala izan zen, ez inoren borroka pertsonala. Gutxi ginen, baina kolektibo bat osatzen genuen. Prest ginen, ezertarako ere. Han ez zen protagonistarik, ez protagonismorik. Nire izena garai hartan, edo, zuzen, goitizena, Txato, Txiki, Txispas edo Felipe izan, horrek ez du nire errelatoa bihirik aldatuko». Ez dugu haren egiazko izenik idazteko baimenik, ez argazkirik.

Beharrik, 1969 hartan aktibo ziren EGIren komando berezien organigramari fotoa egiten utzi digu. Ez da fantasiarik. Erreala da abiapuntua.

Aberri Eguna, 1969

1969ko Aberri Egunean hil ziren Jokin Artajo eta Alberto Asurmendi, Nafarroako EGIko kideak. Alabaina, boikota zen kontsigna. Francoren erregimen diktatorialari boikot, berpizkunde igandea etxe barruan sartuta egoteko deia egin zuten EAJk eta haren gazte mugimendu EGIk. Aldi berean, altxapeka ibili ziren gazte batzuk han eta hemen. EGIren komando berezietakoak genituen. «Ekintza bana burutzeko agindua jaso genuen, eta guk ez genuen buruzagien erabakirik zalantzan jartzen, obeditu egiten genuen, besterik gabe. Horrelaxe erakutsi ziguten». Partez, EAJren EBBren egoitzan, Baionako Beyris auzoko Villa Izarran, prestatu zituzten EGIko gazteak kaleko borrokarako. Ohi zenez, handixek jaso zuten EGIkoek Aberri Eguneko erasoak gauzatzeko agindua. «Baita lehergaiak ere! Han nonbait egiten zituzten, edo hantxe jasotzen genituen guk, bederen, eta banatzen genituen barruan», esan nahi baita, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan.

1969a baino lehen, urte bat lehenago, EGIk Espainiako Itzuliaren etapa geldiarazi zuen Nafarroan, Urbasan beherako errepidean lehergailua zartaraziz eta itzuliaren antolatzaileak hamabosgarren etapa hura bertan behera uztera behartuz. EGIren ekintza armatu horrek berebiziko oihartzuna izan zuen lau ertzetan, hala Euskal Herrian nola espainiar estatuan eta atzerrian. Atentatu haren egile izan ziren Artajo eta Asurmendi, eta bazuten komandokiderik: «Artajo eta Asurmendi hil zirenerako, ordea, jokotik kanpo zeuden haien zenbait kide. Bata, soldadutzan; bestea, kartzelan...Baten batzuk, ikurrin bat jarri ondoren harrapatu zituzten». Elias Anton, Fausto Ruiz eta Jose Maria Idoate ziren atxilotuen artean, Jose Luis Diaz Monrealen La historia olvidada. EGI en Nafarroa durante la década de los sesenta (Historia ahantzia, EGI Nafarroan hirurogeiko hamarkadan) liburuak dakarrenez.

Atxilotu haietan inork ere ez zuen komando berezirik aitatu. Batzuek, ezer ere ez zekitelako. Zekikeenak, berriz, hartaz tautik ez esaten asmatu zuelako, poliziaren galderak ahal bezainbat bideratuz. Eta komando berezien buruzkorik ez haizatu izanak arnasa eman zien haiei, Artajori eta Asurmendiri, besteak beste, egokiera hura baliatu eta Nafarroako EGIren komandoa, edo komandoak, berregin baitzituzten. Ahotsa ari zaigu, itzalean: «Ez batak ez besteak egiten zuen artefakturik. Ipar Euskal Herrian egiten zituen baten batek. Logistika arduradunek Bizkaiko zentralera eramaten zituzten, eta Hegoko lau herrialdeetan barna banatzen genituen». Bizkaiko zentrala, kasu honetan, Bilboko Eguren kaleko gordegia zen, non EGIkoek ikurrinak aireratzeko morteroak, propaganda eta beste, ezkutatzen baitzituzten. «Bilboko gordelekuan landu, eta kide bat eta biok joan eta zuzenean eman genion lehergaia Albertori [Asurmendi]». Valladolideko (Espainia) Libertad egunkarian jartzekotan ziren gailua. Sasoi hartako EGIkide zenbaiten artean uste zabaldua denez, oso litekeena da Artajok, edota Asurmendik, lehergaiaren mekanismoan aldaketaren bat egin nahi izatea, horrexek eragitea eztanda.

Erresistentziaz

Joseba Emaldi Erauzkin (Getxo, 1925Gorliz, 2009) baitezpadakoa da EGIren komando berezien ibilian. Gazterik, oso modu aktiboan parte hartu zuen gerra ondoko erresistentzian. Sorterriko Andra Maria elizako ataria margotzea izan zuen lehen ekintza. Ekintzaile fierra, laster kaptatu zuten erresistentziaren gidariek. 1946an, dena den, erbestera bidea hartzera bultzatu zuten, edo behartu, hala Emaldi bera nola inguruko mugimendu osoa arriskuan ikusirik. Ipar Euskal Herrira egin zuen lehenengo, eta Venezuelara gero. Caracaseko Eusko-etxeko bazkide eta eragile izan zen, Venezuelako oihanetik emititzen zuen Euzkadi Irratiaren edo Txalupa-ren bultzatzaile, Gudari aldizkariaren banatzaile...

1960an, Agirre lehendakaria hiltzean, are eta kar handiagoa hartu zuen Ajuriagerrak hamarraldi bat lehenago, lehendakariaren beraren aurrean, egindako oharrak: «Franco barrutik botako dugu. (...) Ez pentsatu Franco atzerriak eraitsiko duenik, ezta eraisteko ekimenik gauzatuko duenik ere. Pentsamodu hori baztertzen ez badugu, ez dugu ezer aurreratuko». Horrekin batera, biolentziaren erabilerari buruzko Ajuriagerraren orduko esan ezaguna: «Ez dugu pentsatu behar Francori barrutik bortxaz eraso diezaiokegunik, baina baztertu ere ez dugu behar bortxa, premiazkoa bada». Esan eta egin zuten, gerra ondoan gudariak kartzelatik ateratzen hasi zirenetik egin zutenez.

Giroa are gehiago bihurritu zuen ETAk bortxaren bideari hasteak. Agirre hil baino urte bat lehenago, 1959ko urria joan baino lehen, hiru artefaktu eztandarazi zituen ETAk. Bata, Gasteizko gobernu zibilean; bestea, Santanderko (Espainia) Alerta egunkarian; hurrena, Bilboko polizia etxeetako batean. 1839ko legearen urteurrenaren kontra ari ziren, foruak «monarkiaren batasun konstituzionalaren kaltetan gabe» berretsi baitzituen lege hark. Atentatu bakoitzaren ostean beti, erregimenaren poliziaren eta guardia zibilaren errepresioa zabaldu zen Hego Euskal Herrian: atxilotzeak, torturak, kartzela. Eta, ohargarri, 1960ko maiatzaren 30ekoa dugu 339 abadek Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko gotzainei eta Vatikanoari idatzitako eskutitza, eta EAJren EBBko Xabier Landaburuk eta Jesus Maria Leizaolak geroan Aita Saindu izango zen Joanes XXIII.ari eskura eman ziotena.

1961eko uztailaren 18an, etorri zen Añorgako (Donostia) atentatua, trena errailetik ateratzeko saioa. Francoren matxinadaren, Altxamendu nazionalaren, 25. urtemuga zuten...

Joseba Emaldi

Handik urtebetera, 1962an, Donibane Lohizunen izan zen Joseba Emaldi, nahiz aldi bateko izan. Erresistentziaren buru Joseba Rezola ezagutu zuen, eta hezur eta mami egin ziren. Venezuelara itzulirik, Emaldi Ameriketako Eskolan zaildu zen, besteak beste. Ariketa militarretan espezializatu zen, atzera Euskal Herrira itzultzea buruan josirik, Rezolaren esan eta agindu zuzenetara ekiteko. Erresistentzia mugimendua errotzea izango zuen helburu.

1964ko Gernikako Aberri Egunaren harrera beroak, bestalde, gerra ondoko lehena barruan, lotan zetzan erresistentziaren makineria klandestinoa piztarazi zuen. ETAko gazteak ere egurrean zebiltzan, EAJk kontrolatzen ez zuen erresistentzia borroka zen.

1965ean, Juan Ajuriagerrak eta Luis Maria Retolazak Bilbora itzultzeko deia egin zioten Joseba Emaldiri. Urte hartan bertan, eta ondoko bietan, zenbait ikastaro zuzendu zituen Baionako Villa Izarran.

Politikaz eta gerrilaz ziren ikastaroak. Haietan parte hartu ohi zuten militanteak, berriz, aski bakanak, ongi hautatuak ziren. Mendigoizaleetan zaildutako gazterik gaituenak, erromerietan ikurrinak jartzen ibilitakoak, estrata ilunetan nahiz mendian gorako harri gorrietan breaz margotzeak egindakoak. Oroz gain, poliziaren eskuetara ordu arte erori gabeak, erretako militanterik ez. Zumitz haiek uretan busti eta egin zituzten saskiak: EGIren komando bereziak.

Komando haietako kide ziren, Iruñean, Alberto Asurmendi eta Jokin Artajo. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban ere osatu zen komandorik aski.

Artajo eta Asurmendi EGIko komandoetako kideak hilik, «hilak hobira» egin zuten egituraren ardura zutenek.

Bizirik iraun zutenek, militante prestu eta ongi prestatuek, ETAren bidea hartu zuten.

Ez denek, haatik.

Nekez eta pekez mintzatu izan da inor EGIren komando haietaz.

Haietan parte hartu zutenak.

Haien egitura barrutik bizi izan zutenak.

Haiek eratu zituztenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.