Narrazioa 

Arrain gorria

Gasteizen bizi da, Euskal Filologiako ikasketak amaitu zituenetik. Helduentzat idatzi du —Joan, Hiru gutun Iruñetik, 50—, baita gazte eta haurrentzat ere —Eztia eta ozpina, Usoa, Xia Tenzinen bidaia miresgarria—, eta itzultzailea ere bada —Mirarien kalezuloa, Printze txikia, Mila gau eta bat gehiago—.

MARTINTXO.
Patxi Zubizarreta.
2017ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Babilonia konkistatu eta gero, Eszitia ere bereganatu nahian, Pertsiako errege Dariok estepan barrena abiarazi zuen bere armada gaitza, hain zuzen ere Napoleonek hogeita lau mende geroago egingo zuen bezala. Baina estepak amaierarik izan ez, han arimarik ere agertzen ez… Halako batean, mezulari baten bitartez, eszitiarrek Dariori txori bat, arratoi bat, igel bat eta bost gezi helarazi zizkioten.

Erregearen ustetan, argi zegoen mezuak eszitiarren menpekotasuna erakusten zuela: txoriak zerua sinbolizatzen zuen; arratoiak lurra ematen zuen aditzera, eta ura igelak, hori guztia eskaintzen zioten, antza, eta gezien boterea eta ahala. Gobriasek, kontrara, bestelako zentzua nabarmendu zuen: «Zuek, pertsiarrak, hemendik txorien pare hegaldatu ezean, arratoien antzera lurpean ezkutatzen ez bazarete edo igelak bezala osinean urperatzen, ez duzue etxera itzultzerik izango: gezi hauexek zeharkatuko zaituztete».

Errealitatea dezifratu beharreko seinale konstelazio baten antzera zabaltzen zaigu, baina herri eta pertsona bakoitzak bere kode propioak izaki, sarri interpretazio okerrak pizten dira. Zalantza egin zuen Dariok eta, maila apalago batean, zalantzaz beterik nago ni: errealitateko zeinuen irakurketa magikoaren aurrean, analfabeto semiotikoa naiz, hizkuntza irakaslea izan arren. Testu baten iruzkinean egitura edota baliabideen azterketa xehea egin dezaket, baina interpretazioaren orduan kale nik.

Hizkuntza irakaslea naizen aldetik gonbidatu ninduten, preseski, Biarritzeko biltzarrera: «Ama hizkuntzak eta hizkuntzaren alabak». Hala bada, otsailaren 21ean mundu osotik etorritako hamaika partaide bildu ginen, eta azterketa burutsuen artean, bakoitzak sehaska kantu bat, jolas errepika bat, eresi bat edo antzeko zerbait errezitatu edo kantatzen ahal zuen.

Ile eta arropa kolore, hizketa molde, jarrera eta manera arragoaren aurrean liluraturik, ostegun goizeko lehen saioa konturatu gabe igaro zitzaidan, baina ni batik bat Aregash etiopiarrak xarmatu ninduen. Amharera hutsez jardun zuen, ingeleseko argibiderik gabe, eta nire interpretazio ezina gorabehera, argi geratu zitzaidan emakumea noiz ari zen jostatzen edo josten, noiz sehaskari eragiten edo amodio minez kantatzen.

Eguerdian, Saran eskaini ziguten otorduan beraren alboan egokiturik, amodio poema errepikatzeko eskatu nion:

ene jainko, bai atsegina

aintziran zure aitzinean

[bainatzea,

neure edertasuna

esentzia baltsamikoetan

blaituriko tunika fin honetan

erakusgarri;

uretara jaitsi ondoan,

arrain gorri miresgarri

[batekin

igoko natzaizu,

eta bularraldean kokatuko

[dut;

zatoz, begiradazu!

Interpretazioak interpretazio, Aregashek mihia arratoi baten antzera zerabilen, ahoan kuku-gordeka, beraren hitzek txorien hegalak zeuzkaten, eta bihotzera jauzi egin zidaten, eta baita gezien antzera zeharkatu ere. «Baina nik ez dakit igerian!», aitortu zigun amaieran, irriz karkailaka.

Guztiarekin, plazeraren ondotik lotsa ere sentitu genuen —eta nuen— Hendaiako Abadia gaztelua ezagutzera eraman gintuztenean. Bisitak misterioa eta miresmena piztu zizkigun, baina jauntxo eruditoari oparitu zioten esklabo etiopiarraren eskultura hantxe zegoen —eta dago…, Gasteizko Zulueta jauregi ederra bezalaxe egia esan, esklabismoaren irabaziekin eraikia.

Zorigaitzez, Aregashek ez zekien igerian, baina ezin uko egin bakarren batek hondartzara jaisteko egin zuen proposamenari. Zorigaitzez, ezin izan zen biluztu Itxaro Bordak «Ezetz bainatu!» erronka jo zuenean —giro apartak otsailean geundela ahantzarazia zigun—, baina itsas bazterrean ibiltzeko galtza barrenak jaso zituenean, oinak bustitzen zizkioten uhinen bekaitz izan nintzen, imajinatu nahian gorputzari zerion kaobaren usaina, imajinatu nahian gorputzaren egur dasta.

Zorionez, afaritan berriro ere hurbil samar egokitu ginen eta Maite Gonzalez Esnal idazleak esan zuen biltzarrak gehiago irautera, hobeki ezagutuko genuela Bidasoaren lurraldea. «Biriatu herrixka bera zoragarria da». Eta biltzarra biharamun eguerdian amaitzekoa zenez, Maitek arratsaldea hara joateko baliatzeko proposatu zigun, agindu kasik. Aregash baiezkoarekin aurreratu zitzaidan —hegazkina larunbat eguerdian zuen berak—, eta nik ere pozarren onartu nuen —gau bat gehiago, etxekoentzako aitzakiarik asmatuko nuen nik.

Biltzarreko azken goiza artega igaro nuen, kontzentratu ezinik, apenas plazerik hartu gabe. Baina saioan zehar Aregash alboan izan nuen, eta beso gihartsua pausalekuan baitzeukan, ezin miresteari utzi atzazalak nola mila sorgin egokitzen zitzaizkion atzamar amaierako muttur leunetan, ezin aspertu atzazaletako marfil koloreko lunulen forma delikatuak ederresteaz. Ile llaburreko esfinge bat zitzaidan, hazpegi fin iharrekikoa.

Ostiral arratsaldean, beti buxadurarekin eta trafiko gorabeherekin lotu izan dudan Biriatu zinez ezuste handia gertatu zitzaigun, herri xarmangarri miniaturazkoa. Luze gabe lainoa delikatuki jabetu zen paisaia uhintsuaz, Aregashen presentzia nitaz bezalaxe, eta hozten hasia nintzela esatearekin batera, berak poltsotik xal bat atera, eta kontu handiz egokitu zidan sorbaldan. Zetazkoa zen, baina kolore uniformerik gabe, tonalitatea aldatu egiten zitzaion argitasunaren arabera. Orduan eskatu nion poema hirugarrengoz neuretzat errezitatzeko.

Alabaina, gure eder mina pizten hasia baino ez zen han, izan ere gero Bera eta Lesakaraino ere inguratu baikinen, eta Hondarribiara ororen buru. Ez genuen taxuzko afari legerik egin eta soil-soilik mokaduren bat hartu genuen bi kopa lagun; honetaz eta hartaz mintzatu ginen, baina gure bizitzetan gehiegi sakondu gabe, eta nik nahitara ez nituen hizpidera ekarri senarra eta alaba.

Denbora arin igaro zitzaigun —bazirudien orenek ez gintuztela kolpatzen, laztantzen baizik—, eta konturatzerako Biarritzeko ostatura bidean geunden. Harrera gelan helbide trukean ari ginela, nik berriro ere erreparatu nion haren esku kaobazkoari eta, lotsagabeago, goragoko bular errekari; eta manerak bat-batean galdurik, neurritasuna ahantzirik, musu eman nion, musu egarritua ezpain desiratuetan.

Diotenez, noizbait ere Dario eta eszitiarrak aurrez aurre egokitu ziren—armada beldurgarria pertsiarrena, eta apal sakabanatua eszitiarrena—, baina erasoa jo aurretik erbi bat igaro omen zen bi gudarosteen erditik, eta eszitiarrak haren atzetik abiatu. Orduan, Dariok: «Huskeria batekin arduratzen badira, parez pare sekulako armada izanik, ez dira gure beldur, goazen hemendik… Gobriasek arrazoi». Eta Pertsiako soldaduak erretiratu egin ziren. Eta ni neu ere erretiratu nintzen. Lotsatua. Azpiratua. Aregashek zapuzkeriazko imintzioa egin baitzuen. Atzeraka. Berriro ere interpretazioetan kale nik.

Denbora nahi baino arinago igaro da harrezkero, xalaren kolore aldakorrek soilik alaitzen duten egunerokotasun grisean, poema bat gogoan. Eta orain ez dakit nola interpretatu Samuel senarrak eskuratu berri didan zorrotxoa: «Mezulariak ekarri du». Begirik kendu gabe eduki dut zorroa zabaldu bitartean, eta nirea lako harriduraz ikusi nau apaingarri bat ateratzen, arrain gorri baten formarekin. «Biarritzeko biltzarrean ezagutu nuen emakume etiopiar batek bidali dit…». Eta Aregash izena ahoskatze hutsarekin azala pinportu zait eta bihotza erdiratu. «Datorren hilean Gasteizen emango duen hitzaldi baterako gonbita da», zezelkatu ahal izan diot.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.