Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. Sail ofiziala. Kritika

Idazle arriskutsuak

Angel Aldarondo.
2017ko irailaren 24a
00:00
Entzun

'El autor'



Zuzendaria: Manuel Martin Cuenca. Aktoreak: Javier Gutierrez, Maria Leon, Adelfa Calvo, Adriana Paz, Tenoch Huerta, Rafael Tellez, Antonio de la Torre. Herrialdea: Espainia-Mexiko. Iraupena: 112 min.

Komedia bat Zinemaldiko Sail Ofizialean, a zer atrebentzia. Testuinguru solemne hauetan tamalez hain mespretxatua dagoen generoa hondamendira kondenatua izaten da, nahiz eta film perfektuaren egitura izan. El autor filmaren kasua perfektu adjektibotik urrun dago, baina izugarri komedia burutsua da, eta bere helburua —publikoa dibertitzea— sobera lortzen du. Aurrekoetan Manuel Martin Cuencak aho-zapore ona utzi izan du Zinemaldian, eta hau ez da salbuespena izan.

Generoz guztiz aldatu du oraingo honetan, Canibal filmaren thriller dramatikotik komedia sarkastiko hutsera —baina ez hutsalera—. Egia esan, Martin Cuencak beti erakutsi izan du umore beltz lurperatua istorio dramatikoetan ere, eta El autor-en umore zuriagoa —baina, halere, zorrotza— bere estilo hieratikora egokitu du, bere ibilbidearekin koherentzia osoz emaitza itxurosoa lortuz.

Javier Gutierrez aktore talentudunak graziaz eta indarrez antzezten du Alvaroren pertsonaia betilun eta irudimenik gabekoa. Sevillako notaria bateko langile grisa da hura, idazle izateko ametsa abiarazteko gauza ez dena. Behin etxetik alde eginda, bere idazketa-irakaslereakin eleberri bat idaztera animatuko da, eta, nobelaren oinarriak arakatzean, fikzioa errealitatean oinarritzen dela konturatuko da egun batean. Etxez aldatua, bere bizilagun berriak zelatatzen eta manipulatzen hasiko da istorioa idazteko. Egoera arriskutsuetan, Martin Cuencak berriz hutsetik tentsioa lortzeko duen adimena erakutsiko digu.

Zenbaitetan tonua parodikoegia gertatu arren, bere umore fin eta azkarrak komedia frantsesen moduak ditu, François Ozonen Dans la maison filmaren gisan, baina kostunbrismo espainarrari uko egin gabe. Bestalde, askori Charlie Kauffman maisuaren Adaptation funtsezko filma erraz etorriko zaie burura, baina urrutiko konparazioa litzateke, hemen meta-literatura-zinema-fikzioaren arrastorik ez baitago. Halere, estatuan komedia berriak duen maila onaren beste adibide apart baten aurrean gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.