Sanjoanak Arbizun

Sugarren arteko besta

San Joan bestak ospatuko dituzte gaur hasi eta larunbata bitarte Arbizun. Arratsaldean, Ezkurdiak San Fermin torneoko pilota partida jokatuko du. Suziria piztu ondotik, herriko kintoek 'Marilonbreren Zaldiya' zortzikoa dantzatuko dute, baselizan

Egunero egiten dituzte auzateak Arbizuko bestetan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Musika, dantza eta giro onarekin hasiko dituzte gaur bestak Arbizun (Nafarroa), iluntzean. Euskal Herriko bertze txoko anitzetan bezala, sanjoanak ospatzen dituzte, eta hilaren 29ra arte ekitaldi andana izanen dute herrian. Suziriak emanen die hasiera bestei, baina, horren aitzinetik, iaz bezala, San Fermin torneoko final-zortzirenetako partida izanen da herriko frontoian. Binakako partida izanen da lehendabizi, eta, ondotik, Ezkurdia herritarra arituko da lau eta erdian Erik Jakaren aurka.

Partidaren ondotik, topa eginen dute, eta suziria piztearekin batera hasiko da festa. San Joango baselizarako bidea erakutsiko du suziriak, eta norabide horri jarraituta, txarangarekin batera, hara joanen dira herritarrak. Arbizuko eta Etxarri Aranazko (Nafarroa) abeslariek bezperak kantatu ondotik, eguneko saiorik garrantzitsuenetako bat izanen da: Marilonbreren Zaldiya dantza. Herriko kintoek —aurten 18 urte beteko dituztenek— dantzatuko dute, eta, ondotik, zapia zintzilikatuko diete hainbat arbizuarri, esker oneko omenaldi gisa.

Dantzaren ondotik, berriz ere txaranga doinuekin jaitsiko dira herrira, eta afaldu eta suak piztuko dituzte. Suak piztearena une berezia dela uste du Monika Etxeberria Arbizuko Kultura zinegotziak: su handi bakar bat egin beharrean etxe bakoitzak egiten du berea, eta herritar guztiak ibiltzen dira su horietan guzietan saltoka. Aurten, igandea izaki, jende gutxiago bilduko dela uste Etxeberriak, baina, hala ere, ziur da arbizuarrentzat egun berezia izanen dela. Trikidantz taldearen erromeriarekin bukatuko dute eguna.

Lehenengo egunaren ondotik, datozen egunetan ere ez da faltako musikarik, jatekorik edo edatekorik. Ohiturari jarraituz, egunero eginen dituzte auzateak, hainbat elkartek antolatuta. Gainontzekoan, Etxeberriak nabarmendu du aitzineko urteetako egitarauaren antzekoa izanen dutela bestek, eta ez del aldaketa nabarmenik izanen: «Antzeko egitaraua izanen dugu; hori bai, aurten erromeria gutxiago eta kontzertu gehiago izanen dira». Kontzertuez gain, Arbizuko pilota eskolako haurrek pilota saioa eginen dute, eta, lehen aldiz, neska zein mutil arituko dira: esku pilotan neskak, palan mutilak. «Arbizuko neska kuadrilla bat Etxarri Aranatzen aritzen da palan, eta, aurten, beraiek ere arituko dira herriko bestatan», kontatu du Etxeberriak. Asteartean izanen dira esku pilota partidak; pala partidak, aldiz, ortziralean.

Sei eguneko bestak dituzte aitzinetik arbizuarrek. Bestak antolatzeko orduan, ordea, «ideia berrien falta» sumatzen du kultura zinegotziak. Herritarren proposamenak jasotzen dituztela nabarmendu du, baina parte hartzea ez dela handia. Datozen urteetan parte hartzeko formulak bilatzen sakontzeko asmoa dutela iragarri du.

Daniarren urteroko bisita

Urteak dira daniar talde bat Arbizuko kanpinera joaten dela bestetan, eta aurten ere ez dute huts eginen. Etxeberriak kontatu duenez, «kuadrilla handia» joango da aurten. Harremana sortu da bisitarien eta herritarren artean, eta bestetako ekintzetan ere parte hartzen dute. Sokatiran desafioa egin izan dute urte batzuetan; iaz, aldiz, pilotan egin zuten norgehiagoka. Aurten, oraindik zer ekintza egin erabaki ez badute ere, Etxeberria ziur da herrikobesten parte izanen direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.