KRITIKA. Antzerkia

Denboran atzera joanda

Agus Perez.
2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun

'Trahisons'



Konpainia: Tg STAN. Egilea: Harold Pinter. Itzulpena: Eric Kahane. Antzezleak: Robby Cleiren, Jolente De Keersmaeker, Frank Vercruyssen. Lekua: Bilboko Pabiloi 6 aretoa. Eguna: urriak 25.

Ez dugu gure inguruan Harold Pinterren obrak ikusteko parada handirik izaten. 2000. urtean izan genuen haren lan bat ikusteko lehen aukera —The lover (Maitalea)—. Bilboko Fundicion aretoan. 2009an The Homecoming (Etxera itzulera) antzeztu zen Gasteizko Principal antzokian, eta 2016an ekarri zuten The Hothouse (Berotegia) Bilboko Arriagara. Denak erakutsi ziren gaztelaniazko bertsioan, baina oraingo Betrayal (Traizioa) frantsesez etorri zaigu BAD jaialdira, Tg STAN belgikar konpainiaren eskutik.

Horren harira, argitu beharra dago STAN izena Stop Thinking About Names-en akronimoa dela (Utzi izenetan pentsatzeari), taldearen funtzionamendu horizontalari aipamena egiten diona. Bestetik, konpainia Flandriakoa da, eta horrek azal lezake frantsesezko testuari zerion doinu herbeheretar ia subliminala. Halaber, nabarmentzekoa da Emmaren rolean aritu den Jolente De Keersmaeker Anne Teresa De Keersmaeker nazioarteko ospea duen koreografo eta dantzariaren ahizpa dela, Pina Bauschen kategoriakoa dena, hobeto uler dezagun. Horrek azaltzen du, beste gauza askorekin batera, Jolenteren eta konpainia osoaren kalitate ikaragarria.

Jakina da Pinter britainiarrak Nobel saria eskuratu zuela bere lan askotarikoagatik, eta komeni da gogoratzea bere militantzia politiko ezkertiar eta bakezalea. Bere obretan gailentzen dena europar burgesiaren hutsalkeria eta miseriak hain ironia finarekin disekzionatu izana da. Beste askotan bezala, kasu honetan ere ezkonduen arteko fideltasun ezaren gaia hartzen du egileak, eta, bere estilo lakoniko imitaezinari inoiz baino etekin handiagoa ateraz, existentzialismoaren osteko panorama erakutsi du, hiru pertsonaia nagusien gezurrekin, disimuluekin eta bizitzarako dituzten asmo kamutsekin.

Gainera, 1978an obra sortzean, egileak atzekoz aurrerako denbora baliatu zuen kontakizunari ekiteko, eta horrek aktibo egotera behartzen du ikuslea. Ezinbestean, detektibe lana egin behar baitu agertokian gertatzen denari zentzua emateko. Eremu eszenikoa, jantziak, musika hautaketa eta argiak ere horren araberakoak izan dira, eta kontakizunerako behar ziren elementu guztiak hasieratik egon dira agerian; kronologikoki ordenatuta eta esangura berezia emanez taula gainean gertatzen zen ekintza txiki zein handi bakoitzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.