Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Gizartea Ekintzaile eta lekuko

Publizitatea

Gizartea

Julen Kaltzada

Ekintzaile eta lekuko

Ekintzaile sutsua izan zen: apaiz eta militante antifrankista, eta helduen euskalduntzean sustatzaile. Lekuko izan da: jasandakoak kontatu zituen, eta autobiografia aurkeztu zuen joan den astean. Julen Kaltzada hil da.
Apirilean, 20. Korrika Busturitik igaro zenean.
Argazkia: MARISOL RAMIREZ / ARP

2017-11-14 / Garikoitz Goikoetxea

Ekintzailea izan zen Julen Kaltzada. Ekitekoa. Apaiz aritu zen frankismo betean, eta frankismoaren aurkako ekintzailea izan zen; besteak beste, apaiz antifrankistek Derioko seminarioan eginiko itxialdian aritu zen, eta Bilboko gotzaindegian eginiko gose greban. Burgosko Prozesuan ere epaitu zuten. Kartzelan eman zituen urte haiek. 1976ko amnistiarekin irten zen. Ez zuen ekintzailetza galdu: helduen euskalduntze-alfabetatzean jardun zuen. AEK-ko arduradun izan zen, eta Korrikaren sorreran parte hartu zuen. Aurten bertan irten zen lasterka, lekukoa eskuan, 20. Korrikan. Lekukoa ere izan baita Julen Kaltzada: frankismoan pairatutakoen berri eman zuen epaitegian. Joan den astean bertan utzi zuen azken lekukotasuna: Umezurtzen aberria autobiografia. Julen Kaltzada atzo zendu zen, 82 urterekin.

Gerrak eta frankismoak erabat markatu zioten bizimodua. Gerra hasi baino urtebete lehenago jaio zen Kaltzada: 1935eko uztailaren 18an, Busturian (Bizkaia). Frankistek aita hil zioten, ume-umea zela, 1937ko abuztuan. EAJko zinegotzia zen aita Doroteo. «Ekainaren 29an, meza nagusitik irtetean, guardia zibilak eta Busturiko bi nerabe omen zeuzkan zain aitak». Hala azaldu zuen BERRIAn orain bi urte. «Busturian atxilotu zituzten bederatzi lagunetatik sei Derioko kanposantuan fusilatu zituzten; tartean, aita eta osaba».

11 urterekin, apaiztegira joan zen. 1958an apaiztu zuten, 23 urte zeuzkala, eta Orozkoko Murueta auzora bidali zuten. Iurretara ondoren. Herri Gaztedi mugimendu katolikoan sartu zen. Frankismoaren aurka aritu zen apaiz garaietan; adibidez, 339 apaiz antifrankistak eginiko manifestua sinatu zuen 1960an, Derioko itxialdian egon zen 1968an, eta Bilboko gotzaindegiko gose greban 1969an.

Apaiz zegoela, 1967an, aitaren eta beste bost fusilatu busturiarren aldeko meza eman zuen. Lehen aldiz onartu zuen hori Elizak.

Tratu txarrak kartzelan

Frankismoaren kontrako protestengatik hamar urteko espetxea ezarri zioten, eta beste hamabikoa Burgosko Prozesuan, ETAri laguntzea egotzita. Zamorako apaiz kartzelan eduki zuten, besteak beste. Tratu txarrak salatu zituen: «Kontrola erabatekoa zen. Mehatxu egiten ziguten berba egin genezan. Ugariak ziren horrelakoak. Jazarpena izugarria zen».

Eman zuen horien lekukotasuna. 2014ko maiatzean, Argentinako Maria Servini epailearen aurrean deklaratu zuen, arreba Elisarekin batera. Bi orduz hitz egin zuten epaile aurrean. Julenek ez zuen askatasunik sentitu horrekin. «Oraindik ez dituzte zigortu; orduan liberatuko naiz». Argentinako kereila zabalik dela hil da.

Epailearen aurreko deklarazio hura jaso du, besteak beste, Umezurtzen aberria autobiografian (Txalaparta). Asteazkenean aurkeztu zuen Kaltzadak berak. Historia jaso du liburuan: berea, eta Euskal Herriarena. Lagunen «kalakagatik» egin zuen autobiografia, baina gustura. «Idazten ari nintzela, oroitzapen gehiago etorri zitzaizkidan burura», azaldu zuen agerraldian. Utzi zuen mezu bat: «Garrantzitsua da beti borrokatzea ditugun eskubideen alde».

Euskararen aldekoa izan da haren borroka. 1976an atera zen espetxetik, amnistiarekin, eta helduen euskalduntzean murgildu zen, AEKn. Haren arduradun izan zen garai gogorretan, eta Korrikaren sortzaileetako bat. Hain justu, aurtengo Korrikaren hasierarekin batera, iritzi artikulu bat argitaratu zuen BERRIAn, Lehenengo korrika eta aurreko gertakizunak goiburuarekin. Xehe kontatu zituen sorrerari buruzkoak: «Korrika ez zen izan garai hartan AEK jasaten ari zen problematikari erantzuteko ahalegin bat baino». Hogeigarrena izan da aurten, eta Kaltzadak goraipatu zuen «gero eta indartsuago» dagoela Korrika.

Larunbatean egingo dute Kaltzadaren aldeko hileta elizkizuna, Busturiko Axpe auzoko elizan, 17:00etan. Gero, omenaldia egingo diote udaletxe aurreko plazan.

Publizitatea

Sortu kontua
Garikoitz Goikoetxea Garikoitz Goikoetxea

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak