Jaurlaritzak urtero jasotzen zuen mugimenduen datua

Zaldibarko zabortegiko itu bat metro bat mugitu zen 2014tik 2018ra. Jabeek ez zituzten jakinarazi segurtasunari buruzko 2018ko azterketak

mikel p ansa
2020ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak ikerketen barruan Ertzaintzari otsailaren 21ean igorritako agiri bat eskuratu du BERRIAk, eta, horren arabera, Verterrek eta Jaurlaritzak berak 2015etik gutxienez bazekiten zabortegian lur mugimenduak gertatzen zirela. Berez egin behar dira lurren mugimenduen kontrolak zabortegietan —are arrazoi gehiagorekin mendi malkarretan baldin badaude—, eta Zaldibarkoan jarriak zituzten horretarako ziri luze batzuk, itu batzuk; 2014ko irailean hasi ziren kontrolak egiten, eta aurreneko momentutik konturatu ziren lurra mugitzen ari zela.

Verterrek Ingurumen Sailari urtero igortzen zion ingurumen zainketaren txostena, martxoan, aurreko urteko gorabeheren berri emateko. Urtez urte aurkeztutako txosten horietan azaltzen zuen lurren mugimendua etenik gabea zela, Verterrek erlatibizatu egiten zuen arren. Gutxienez bederatzi itu zituzten jarriak zabortegian, eta urtero mugitzen ziren guztiak, horizontalean: alegia, maldan beherantz. 2015 bukaeran, H8 itua 40,7 zentimetro mugitua zegoen; 2016a bukatzerako, 60,3 zentimetro; 2017a bukatzerako, 85,4 zentimetro; eta 2018a bukatzerako, ia metro bat, 99,2 zentimetro. Hori izan zen gehien desplazatu zen itua, ia metro bat lau urte eskasean.

2018an, baina, desplazamendu bertikalak ere hasi ziren detektatzen. Alegia, itu batzuk, eta beraz lurra ere bai, gorantz ere hasi zirela mugitzen. H5 itua 3,4 zentimetro altxatu zen 2017 eta 2018 artean, eta H6 itua, lau zentimetro; beste bi itutan ere nabaritu zuten goranzko joera hori. Mugimendu horizontala ere bizkortu egin zela atzeman zuten, gainera. Verterrek azaldu zuen ituak jarrita zeuden eremuaren goialdean betelan bat egin zutela, eta seguru asko horren ondorioa izan zela.

Edozein moduz, enpresak garrantzia kentzen zien lurren mugimendu horiei, zabortegietan ohikoak zirela eta beti moteltzen edo txikitzen ari zirela nabarmenduz. Jaurlaritzak ere ez du esan kontrol gehiago eskatu zionik mugimendu horiengatik.

Amildu eta gero aurkeztu

2020ko urtarrilaren 21ean zabortegia itxi eta desgasifikatzeko proiektu bat aurkeztu zion Verterrek Ingurumen Sailari, Geyserrek sinatua. 2019ko maiatzean zabortegiaren egonkortasunari buruz egindako azterketa bat erantsi zioten proiektu horri; egonkorra zela ondorioztatzen zuen administrazioari aurkeztutako testu hark. Ingurumen Sailaren esanetan, agiri hori jaso zutenean jabetu ziren bazela 2018ko egonkortasunari buruzko beste azterketa bat, Verterrek ez ziona sailari inoiz igorri. 2020ko otsailaren 9an, zabortegia amildu eta hiru egunera, bidali zion 2018ko azterketa hori enpresak Jaurlaritzari. Segurtasun faktorea, aztertutako aukera guztietan, 1,30 baino txikiagoa izango zela esaten zuen azterlanak; alegia, behar lukeen baino txikiagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.