Legeari planto, legea aldatzeko

Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako epaiketak lehen lerrora ekarri ditu desobedientzia zibilaren aldarrikapenak. Euskal Herrian askotan erabili izan da tresna hori. Hainbat adituk uste dute «eskubideak zabaltzeko» eta «justizia sena pizteko» baliabide bat dela.

Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epailearen argazki bat sutan Bartzelonako manifestazio batean, iaz. QUIQUE GARCIA / EFE.
Edurne Begiristain.
2019ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Bolo-bolo dabil azkenaldian desobedientzia zibila. Kataluniako prozesu independentistak hauspotu egin du borroka molde horren gaurkotasuna, eta eztabaida politikoaren erdigunean kokatu da. Askok uste dute desobedientzia zibila dela Katalunian azken urteotan gertatu dena, egunotan gertatzen ari dena eta Espainiako Auzitegi Gorenean epaitzen ari direna. Hain justu, desobedientzia zibilaren bidea aldarrikatu dute, besteak beste, akusatuen aulkian eserita dauden hainbat buruzagi independentistak, Omnium Culturaleko presidente Jordi Cuixartek, kasurako.

Katalunian jarrita dago fokua, baina desobedientzia zibilak bide luzea du Euskal Herrian ere. Lege, erabaki eta ebazpen askori egin zaie planto indarkeriaz besteko bideen bitartez. Mugimendu antimilitarista desobedientzia zibilaren aitzindari izan zen, 1980ko hamarkadan, eta haren ondotik etorri ziren beste hamaika protesta, mugimendu eta ekintza desobediente ezberdin.

Ekintza desobedienteek sakoneko eztabaida politiko bat sortzen lagundu dute. Hala ikusi da Katalunian, eta baita Euskal Herrian ere; «demokraziaren esentziari» eragiten baitio desobedientziak. Horixe uste dute BERRIAk kontsultatu dituen adituek. Izan ere, desobedientzia zibila sistemaren zilegitasunik eza agerian uzteko bidetzat jotzen da, dauzkan kontraesanak ikusarazteko eta gehiengo sozialak apurka irabazteko bidetzat. Paradoxa bati erantzuten dio: desobedientziarik ez da egongo baldin eta ez badago zenbait ekintza debekatu edo agintzen dituen arau bat. Legea dagoelako egiten baita desobedientzia. Legea bera aldatu nahi duelako desobeditzen duenak.

Kontzeptuaren definizio akademiko bati erreparatuz gero, desobedientzia zibilak ezaugarri jakin batzuk ditu. Mario Zubiaga EHUko Zientzia Politikoetako irakasleak zehaztu ditu: «Legearen kontrako jarduera bat da, publikoa, kontzientea, politikoa, eta ez-bortitza». Zubiagak uste du horixe bera egin zutela Auzitegi Gorenean epaitzen ari diren Kataluniako buruzagi independentistek. Haren irudiko, Katalunian aurrez aurre jarri dira autoritate bati desobeditzean egindako kaltea eta eztabaida demokratikoaren barruan aldarrikapen zehatz batzuk egiteko asmoa. «Demokraziaren bihotzean» dago, beraz, desobedientzia zibila: «Ezinbesteko elementu bat da zuzenbide estatuen garapenerako».

Zubiagaren hitzetan, desobedientzia zibilak aukera ematen du zuzenbide estatuetan eskubide eta askatasun berriak eskuratzeko, edo mugatuta daudenakzabaltzeko; hori gertatzen zaio erabakitzeko eskubideari. «Quebecen, desobedientzia parametroetan egin zuten galdeketa, eta ostean etorri zen Auzitegi Gorenaren erabakia galdeketa baimenduz. Katalunian ikusi dute legeak ez duela biderik ematen eskubide hori legeztatzeko, eta desobedientziaren bitartez eskubide hori gauzatu eta aldarrikatu dute», azaldu du.

Xabier Etxeberria Deustuko Unibertsitateko Filosofia eta Etika irakasleak zehaztu du desobedientzia zibilak demokrazia «hobetzea» bilatzen duela, demokrazia bera apurtzea bainoago. «Sendotasun etiko, politiko eta demokratikoa dauka». Sistema demokratiko inperfektuetan izaten dela dio, «zama moral sendoa» duela eta lege bat aldatzeko egiten dela, uste delako hainbat eskubide urratzen dituela.

Demokraziaren beraren esentzia dago jokoan desobedientzia zibilarekin. Hori uste du Antonio Casado da Rocha EHUko Filosofia irakasleak ere. John Rawls filosofoaren teoria gogoan hartuta, desobedientziaren izaera demokratikoa nabarmendu du. Azpimarratu duenez, «demokrazia garatuenetan» ohikoa da tresna hori erabiltzea, eta justifikatuta dago «ikuspuntu etiko, politiko eta juridiko» batetik. «Desobedientzia zibila demokraziaren gizarte erakunde oinarrizkoena da, eta haren bitartez komunitatearen justizia sena piztu nahi da». Da Rochak iritzi dio ezaugarri horiekin bat egiten dutela Kataluniako prozesu independentistaren harira egun epaitzen ari diren zenbait jazoerak. Besteak beste, urriaren 1eko erreferenduma desobedientzia zibilaren ikuspuntu batetik aztertu behar dela dio, baina baita «autodeterminazio kolektiboa» gauzatzeko ekintza gisa ere.

Komunitate bat atzean

Eztabaida politiko edo soziala dago desobedientzia ekintza ororen azpian. Jarrera norberak hartzen du, edo taldeak, baina desobedientzia zibila tresnatzat hartzea erabakitzen duenak ez du bere arazoa konpondu nahi. Ideia horretan indarra jarri du Irati Tobar Lurralde Askea egitasmoko kideak. 2015ean sortu zuten Lurralde Askea, «desobedientzia eraikitzailea» helburu hartuta. Horretarako, «ongi bizitzea» erdigunean jartzen duten proiektuak sustatu eta berriak eraikitzen dituzte. Tobarrek azaldu duenez, eraiki nahi duten sistema berriranzko pausoak emateko tresnatzat dute desobedientzia zibila.

Ertz ugari dituen erresistentzia mota bat da desobedientzia, eta Lurralde Askeak bi eremutan planteatzen du. Batetik, eguneroko ohiturei aurre eginez: «Bizi eta ikasi dugun horri desobedientzia egiten diogun neurrian joango gara praktika eta ohitura berriak eraikiz». Eta, bestetik, ekintza zuzenak egitea proposatzen dute: «Gaur egun Euskal Herrian dugun testuinguruan, zenbait gauza azaleratzeko edo salatzeko ezinbestekoa da ekintza zuzena. Ez da, agian, masiboa izango, baina balio lezake kontzientziak astintzeko, gogoetarako bidea emateko eta su txikiak pizteko». Tobarren iritziz, bi bide horiek uztartu daitezke etorkizunean desobedientzia zibila erabiliko duen komunitate bat sortzeko.

Baina desobedientziak lege arau batzuk haustea dakar, eta, beraz, ondorio batzuk. Eta ondorio horiek asumitzea ere badago desobedientzia zibilaren filosofiaren barruan. Horregatik, Tobarrek uste du desobedientziak etorkizuna izateko funtsezkoa dela desobedientzia moldeekin «engaiatuta» eta «sinistuta» dagoen komunitate edo kolektibo bat egotea.

Horren lekuko dira, esaterako, Euskal Herrian sarritan egin diren herri harresiak. 2013an egin zuten lehena, Donostiako Bulebarrean; ehunka herritar bildu ziren Segi gazte erakundeko kide izatea egotzita Espainiako Justiziak zigortutako zortzi gazteri babesa emateko, eta herri harresi bat sortu zuten haiek espetxeratu ez zitzaten —atxilotu nahi zuten gazteetako bat zen Tobar—. Ordutik, hainbat herritan egin dituzte gisa horretako ekinaldiak, antzera zeuden herrikideak babesteko. «Desobedientzia zibilaren erakusle dira herri harresiak, sententzia injustu bati aurre egiten zaiolako modu publiko eta ez-bortiz batean, eta atzean erantzun dinamika antolatu bat sortzen delako», azaldu du Tobarrek.

Delitua eta zigorra

Baina desobedientziak ondorio penalak izan ditzake, eta baditu, gehienetan. Legeak aukerak ematen ditu desobedientzia zibila zigortzeko. Espainiako Zigor Kodeko 551. artikulutik 556. artikulura dago araututa. Desobedientzialariak badaki hori, eta ondorioak baliatu egin nahi ditu, desobedientzia egitera zerk eraman duen azaleratzeko. «Zigor injustuak gorentasun eta zilegitasun bat ematen dio desobedienteari estatuaren aurrean», azaldu du Zubiagak. «Legitimitate talka» horren ondorioz, desobedientzia egiten duenari «komeni» zaio estatuak erantzun bat ematea, nahiz eta erantzuna zigorra izan. Zigor horrek desobedientzia ekintzaren «neurrikoa» izan behar duela uste du Zubiagak, eta ez , Katalunian gertatzen ari den moduan, «neurrigabea». Hala, Auzitegi Gorenean epaitzen ari diren gertaerak ekintza biolentotzat jotzea deitoratu du EHUko irakasleak.

Etxeberria ere argi mintzo da desobedientziaren ondorio penalaz: «Desobedientzia zibila, berez, delitu bat da. Deliturik gabe ez dago desobedientzia zibilik». Etxeberriak dioenez, estatuari «krisia» eragiten dio desobedientzia ekintza batek, eta horri bi erantzun eman diezazkioke. Erantzunik irmoena legea «hertsiki» betearaztea da, eta, haren ustez, horrela jokatzen ari da orain Espainiako Estatua Kataluniarekin.

Haatik, legeak hainbat aukera ditu interpretaziorako, eta, beraz, eskubideak bermatzeko. Zigorraz harago, estatuak badu aukera desobedientziari bestelako «sentsibilitate» batekin erantzuteko, Etxeberriaren ustez. «Estatuak pentsa lezake desobeditu duenak konpromiso etiko batek bultzatuta jardun duela, demokrazia gehiago nahi duelako, eta, ondorioz, zigor arinagoa ezar diezaioke, edo indultua eman».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.