Lanbide Heziketaren legea onartu du legebiltzarrak

aitor biain
Gasteiz
2018ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lanbide Heziketaren sistema arautzeko legea onartu du Eusko Legebiltzarrak. EAJk eta PSE-EEk sustatutako lege proposamenak Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdien aldeko botoak jaso ditu. PP ere alde agertu da, alderdiak testuari aurkeztutako zuzenketa guztiak aintzat hartu baitituzte. Aurka azaldu dira, ordea, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos.

Gizartearen eta produkzio sistemaren behar berriei erantzuteko «tresna» izan nahi du legeak, eta Lanbide Heziketa duala garatzea du helburu, besteak beste. Horretarako, beharrezkotzat du hezkuntzaren eta lanaren arteko «banaketa tradizionala» alboratu eta sistema «koherente» bat eratzea. Europara begira ondutako testuak espezializazioa eta ikerketa sustatuko ditu, eta enpresen enplegagarritasuna eta lehiakortasuna sustatu. Lanbide Heziketaren nazioartekotzea ere bultzatu nahi du irakasle eta ikasle truke programen bitartez. Bide horretan, euskal LHko «programa» eta «esperientziak» ere atzerrira eramango dira.

Hizkuntzei dagokienez, euskararen presentzia «normalizatu» nahi du legeak. Elebitasunaren alde egiten du, halere, D eredua zabalduz eta B eredua ezarriz. «Ezinbestekotzat» du, halaber, ingelesaren ezagutza zabaltzea. Azkenik, hiru urtean behin «gutxienez» LHko euskal sistema aldizka ebaluatzeko betebeharra ezarri du testuak.

Oposizioa, kritiko

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos oso kritiko azaldu dira legearen edukiarekin. Koalizio abertzalearen iritziz, ez da euskal lege bat, Espainiakoa baizik, eta «multinazionalen morroitzapean» kokatzen da. Rebeka Ubera legebiltzarkideak salatu du Lanbide Heziketa hezkuntza eremutik ateratzeko «lehen urratsa» dela, unean uneko agintarien esku geratuko baita zein sailen menpe egongo den erabakitzea. Lan mundua euskalduntzeko balio ez duela azpimarratu du, halaber.

Iñigo Martinezek garrantzia aitortu dio legeari, baina adierazi du «presaz» egindako legea dela, eta «hutsuneak» dituela hainbat arlotan. Elkarrekin Podemoseko kidearen hitzetan, kontsentsu zabalago bat lortzeko «aukera galdu bat» izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.