Pilar Garcia de Salazar. Arabako diputatuorde nagusia

«Enklabeen legea izan daiteke Trebiñuko afera konpontzeko bidea»

Garcia de Salazarrek espero du Gaztela eta Leongo Gobernuak laster ematea oniritzia bi diputazioen arteko hitzarmenari. Trebiñuko auzi politikoaren giltza Espainiako Gorteetan dagoela azpimarratu du.
ARABAKO FORU ALDUNDIA

Edurne Begiristain -

2018ko urtarrilak 30
Burgosko Diputazioarekin lortutako lankidetza hitzarmenekin Trebiñuko biztanleei bizi kalitatea «erraztu» nahi dela dio Pilar Garcia de Salazarrek (Gasteiz, 1959), Arabako diputatuorde nagusi eta Ekonomia Garapena eta Lurralde Oreka diputatuak. Trebiñu Araban integratzeko nahiarekin bat egin arren, diputazioaren zereginetik at dagoen kontua dela zehaztu du.

Joan den urteko apirilean sinatu zenuten zerbitzuen hitzarmena Burgosko Diputazioarekin, baina oraindik ez dira akordioak garatu. Zein egoeratan daude negoziazioak?

Esparru akordioaren barruan arlokako hitzarmen zehatzak daude, eta azken sei hilabeteotan zazpi hitzarmen zehatzen gainean aritu gara lanean. Irailaz geroztik, zehazki, dokumentu zehatzak igorri dizkiogu elkarri bi diputazioek, hitzarmen horiek zehazteko. Abenduaren 26an erabat itxi genituen erabakiak. Orain, Gaztela eta Leongo Gobernuaren esku daude hitzarmenak, erkidego horretako barne araudiak zehazten duelako horko gobernuaren oniritzia behar dutela mugaz gaindiko erakundeekin sinatutako akordio orok. Otsailaren hasierarako espero dugu erantzuna.

Gaztela eta Leongo Gobernuak maiz eraman ditu auzitara Trebiñuko udalbatzaren erabakiak. Zer espero duzue orain?

Akordioari oniritzia ematea espero dugu, akordiorako oinarriari ere babesa agertu ziolako. Nekez ulertuko litzateke hitzarmenen aurka agertzea. Ikusiko dugu zer esaten duen, hala ere.

Etsipen handia agertu dute Trebiñuko alkateak eta Araban integratzeko batzordeak hitzarmenaren inguruan.

Trebiñuko eta Argantzungo alkateek prozesu guztia ezagutu dute hasiera-hasieratik, eta hitzarmenak Burgosko Diputazioari eman aurretik izan dituzte. Beraz, gure arteko orain arteko harremana nahiko leiala izan da. Argi utzi behar da Araban integratzeko batzordeak helburu propio bat duela, eta hitzarmenek beste bat. Bi bide horiek paraleloak dira, eta ez dute zertan batak bestean eragin. Bideak aldi berean jorratu daitezke. Integrazioa auzi politikoa da, borondate politikoaren araberako eta gehiengo politikoen araberako gai bat, eta hitzarmenak administrazioen arteko lankidetzaren ondorio dira, trebiñarrei bizimodua errazteko egindakoak. Hori argituta, esan behar da Trebiñu Araban sartzearen alde gaudela.

Lankidetza hitzarmenetik at daude hezkuntza eta osasun arloak.

2012an Eusko Jaurlaritzaren eta Gaztela eta Leongo Gobernuaren artean sinatutako protokoloan jasota dago bi esparru horietan lan egitea. Zerbitzu horiek eskaintzen ari zaizkie trebiñarrei, baina ikusi beharko litzateke nola ari diren funtzionatzen. Noski, urrats gehiago egin daitezke arlo horietan.

Bi diputazioen artean abiatutako elkarrizketek atea ireki diezaiekete bestelako akordioei, esaterako, auzi politikoa konpontzeari?

Zuhurra izango naiz gai horretan. Ikusiko da. Uste dut ona dela bi erakundeen artean hitz egitea eta informazioa elkarrekin trukatzea. Orian, ikusteko dago hitzarmenak garatu ahal izango diren eta, ondorioz, Arabako Diputazioak arabarrei eskaintzen dizkien politika publikoak ere trebiñarrei eskaini ahal izango dien. Laster ikusiko dugu hori bete ahal izango den.

Lurralde gatazkan dago arazoa. Zein da bidea?

Auzi politikoaren irtenbidea Espainiako Gorteetan dago. Nire ikuspegitik, Trebiñuko afera konpontzeko bidea izan daiteke enklabeen lege bat egitea. Afera politikoa duten enklabeen egoera konponduko luke; betiere, tokiko herritarren iritzia eta borondatea errespetatuta. Bide demokratikoena hori dela uste dut.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna