Gerra Ukrainan. Erreakzioak

Txinak eta Indiak lasaitasuna eskatu dute, «egoera ez okertzeko»

Txinak eta Indiak uko egin diote Moskuk hasitako operazioa «inbasio» gisa definitzeari, baina kezka azaldu dute Europako ekialdeko segurtasuna oker dezaketen ekintzak direla eta

Vladimir Putin eta Xi Jinping, berriki izandako topaketa batean. ALEXEI DRUZHININ / EFE.
inaki petxarroman
2022ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Mendebaldeak erabilitako tonu gogorretik urrun, baina munduko gainerako potentziek ere dei egin dute Ukrainako gatazka bide baketsuetatik konpontzeko. Txinak eta Indiak ez dute «inbasio» hitza erabili nahi izan. Hegoafrikak soldaduak erretiratzeko eskatu dio Putini.

TXINA
«Lasaitasuna» galdegin du, egoera «kontroletik kanpo» gera ez dadin
Ukrainako krisiaren irtenbide diplomatikoa eskatu du Txinak, «bi estatuen subiranotasuna» babesteko. Hua Chunjing Txinako Atzerri ministro eta bozeramaileak «lasaitasuna» eskatu die alde guztiei, egoera «kontroletik kanpo» gera ez dadin. Txina da Errusiak daukan aliatu nagusietako bat. Berriki, Vladimir Putin Errusiako presidenteak eta Xi Jinping Txinakoak beren aliantza sendotzeko bilkura egin zuten neguko Olinpiar Jokoen inaugurazio ekitaldiaren harira. Ukrainako krisia hasi zenetik, Pekinek Mendebaldearen rola kritikatu du behin baino gehiagotan. Herenegun, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) bilkuran, Zhang Jun ordezkariak dei egin zuen «irtenbide baketsurako atea» ez ixteko. Txinak ez du «inbasio» hitza erabili nahi izan Errusiak Ukrainan hasitako operazioa definitzeko, eta «legitimotzat» jo ditu Moskuk segurtasunari buruz dituen kezkak. Atzo Hua Chunjing bozeramaileak egindako agerraldian nazioarteko kazetariek propio galdetu zioten ea inbasiotzat zuen Errusiak egindakoa, eta Pekingo ordezkariak uko egin zion erantzuteari. Hala ere, ziurtatu zuen Pekinek estatuen subiranotasuna errespetatzen duela.

INDIA
Egoera oker dezaketen ekintzak baztertzeko eskatu du
Nazio Batuen Erakundeko Indiako ordezkari TS Tirumurtik etsipena azaldu du bide diplomatikoak oraingoz emaitzarik eman ez duelako. «Kezka handia dugu gertakariengatik, tentuz ibili ezean eskualdeko bakea eta segurtasuna kolokan jar daitezkeelako. Dei egiten dugu ahalik eta azkarren deseskalatze bat hasteko, eta ez aurrera eramateko egoera oker dezaketen ekintzak». Indiarentzat Ukrainan bizi diren 20.000 indiarren segurtasuna da lehentasuna, New Delhik iragarri duenez, eta ziurtatu du lehenbailehen etxeratzeko lanari ekingo diola. Ukrainan dauden indiar gehienak ikasleak dira.

TURKIA
«Errusiaren erasoa mehatxua da munduarentzat»
Ankarak gogor egin du Errusiak Ukrainan hasitako operazioaren aurka. «Munduarentzako mehatxu» eta «nazioarteko legediaren urratze onartezina» dela ziurtatu du Turkiako Gobernuak. Herrialdeko segurtasun kontseiluak bilkura egin du, Tayyip Erdogan presidentea buru. Ondoren kaleratutako oharrean ziurtatu du Ukrainaren lurralde osotasuna eta burujabetza babestuko dituela, eta Moskuri dei egin dio Ukrainatik erretiratzeko eta erasoari amaiera emateko. Erdoganek iragarri du babesa agertu diola Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari.

IRAN
«NATOren probokazioek eragin dute krisia»
Irango Gobernuak NATOri egotzi dio krisiaren errua. Hosein Amir Abdolahian herrialdeko Atzerri ministroak «NATOren probokazioei» egotzi die Errusiak hasitako eraso militarraren ardura. Alabaina, diplomazialariak ziurtatu du Iranek ez duela uste gerra izan daitekeenik ezeren konponbidea, eta su-etenerako deia egin die aldeei. «Ezinbestekoa da su-etena ezarri eta irtenbide politiko eta demokratikoa» bilatzea. Iranek dei egin die Ukrainan bizi diren irandarrei herrialdetik irten daitezen, horretarako eskura dituzten bide guztietatik.

AEE
«Gizateriaren bakearen aurkako erasoa da»
Amerikako Estatuen Erakundeak (AEE) Errusiari eskatu dio bertan behera uzteko Ukrainaren aurka hasitako ekintzak. «Salagarria da Ukrainaren lurralde osotasunaren eta subiranotasunaren aurka egindako erasoaldi armatua», adierazi du AEEek ohar batean. Halaber, AEEk «nazioarteko zuzenbidearen aurkako urraketa larritzat» jo du Errusiak hasitako operazioa. «Gizateriaren bakearen eta segurtasunaren aurkako erasoa» izan dela salatu du 35 herrialde batzen dituen erakundeak.

BRASIL
«Kezka larria» adierazi du, eta indarkeria baztertzeko eskatu die aldeei
Errusiak Ukrainaren aurka hasitako erasoarengatik «kezka larria» adierazi du Brasilek, eta indarkeria «lehenbailehen» baztertzeko eskatu die aldeei. NBEko Segurtasun Kontseiluko kide ez iraunkorra da Brasil, eta «irtenbide diplomatikoa» eskatu du, «Minskeko akordioetan» oinarrituta. Negoziazioak aintzat hartu beharko lituzke alde guztien «segurtasun kezka legitimoak» eta zibilen babesa. Nazioarteko zuzenbidearekiko errespetua eskatu du, eta estatuen segurtasunarekiko eta lurralde osotasunarekiko engaiamendua berretsi.

HEGOAFRIKA
«Errusiak berehala alde egin behar du Ukrainatik»
Hegoafrikak dei egin dio Errusiari «berehala» bere tropak Ukrainatik erretiratzera. Etsita azaldu da Hegoafrika gatazkak hartutako norabidearengatik, eta giza sufrimendua eragingo duen gerrak mundu osoari erasango diola iritzi dio. NBEren kartak dioena bere egin du Hegoafrikak, hau da, gatazka politikoak modu baketsuan konpontzearen aldeko printzipioa. Bakea eta nazioarteko segurtasuna zalantzan ez jartzeko deia egin du Johannesburgok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.