Guy Poulou. Ziburuko auzapeza

«Haurrek euskara ikasteko, murgiltzea da eraginkorrena»

Murgiltze sistema egokia dela onartu du Poulouk. Euskararen alde anitz egin duela ere nabarmendu du: ez dela euskaldunen aurkakoa eta, oro har, ikastolaren alde dela; baina ez du soluziorik Ziburuk ikastola bat ukan dezan hiri barnean.
SYLVAIN SENCRISTO

Nora Arbelbide -

2014ko azaroak 6
Hitz egiteko denbora hartzeko prest. Azeri zaharra da Guy Poulou (1940, Ziburu, Lapurdi). Prest da ados izateko, bere ideia baldin bada ontzat hartzen; hau da, Zaldi Xurito auzoan autobidetik hurbil dagoen Etxebizitzaren Aldeko Langile Batzordearen (COL) eraikuntzara badoa ikastola. Behar den bezalako hitzarmena izenpetu eta behar diren obrak egiteko prest da. «Atea irekia» dute. Proposamen horretara dator behin eta berriz elkarrizketan.

Parez pare ikastola eta eskola publikoa; bietan Ziburuko haurrak. Bat, berritua, eta bestea, prefabrikatua. Eta elektrizitatea moztu diezu. Bi izari daude, ez?

Hasteko, ikastolan ez dira guztiak ziburutarrak.

Ez zaizu iruditzen haur batzuek beste batzuek baino eskubide gehiago dituztela?

Bai, baina batzuk eskubiderik gabe daude hor, eta besteak, eskubide osoz. Auzitegiak joateko errana die.

Haur baten ikuspegitik, elektrizitatea moztu dien auzapeza zara.

Ziburutarrei ere kontuak eman behar dizkiet.

Baina ez haur horiei?

Ez, horiei ez.

Zergatik?

Ziburutar anitzek sostengatzen nautelako. Ez dudala amore emanen, hori espero dutela erraten didate. Goiz honetan bertan [herenegun] bik deitu dute erranez ez zutela jasaten generadorearen harrabotsa. Joan gara begiratzera, eta ez du hainbeste harrabots ere egiten. Pixka bat puztu dute.

Zure ustez, zer egin beharko litzateke euskararen alde?

Duela lauzpabost urte Bai Euskarari Ziburun plantan ematen lagundu nuen; lekuko da sarrerako bide seinaleko ikurra. Niretzat, euskara, iraunkortzeko, familian mintzatu behar da. Eskolatik kanpo ez bada mintzo, eroriko da.

Auzapez gisa zer egiteko prest zara?

Berehalakoan ez dut soluziorik. Eta EEPk eman estatistikak ez dira biziki baikorrak. Zerbait egitekotan, beharbada, jendeak euskaraz mintzatzera behartu beharko lirateke? Herriko etxean panel elebidunen jartzen ari gara. Langile batzuek euskara mintzo dute, harrera gunean, polizian, bulegoetan. Euskara jendeen artean mintzatuz aitzinatuko da.

Eta Ziburun ikastola bat izanez?

Bai, zergatik ez. Aitortzen dut murgiltze sistema dela molderik seguruena haurrek euskara ikas dezaten.

Horrelako diskurtso batekin nola da posible egoera hain blokeatuan izatea?

Zergatik dagoen blokeatze hori? Egoera zail batera iritsi garelako.

Errana duzu herriko etxe batek ez duela betebehar legalik ikastolari begira, baina betebehar moralik ba ote du?

Nagoen tokitik ez dut betebehar moralik sentitzen Seaskako arduradunei begira.

Ikastolako haurrei begira?

Bai. Ari gara pentsatzen nola egin argi kontu horrekin. Ez dugu suerterik: euria hasi du, eta hotz egiten hasi da... Baina beren aldetik soluzio bat aurkitu dute, generadorearekin. Baina bai, zaila da pixka bat. Ikusiz, gainera, kanpoko tenore denboran ikusiko ditugula eskola publikoko haurrak jostetan beren jokoetan eta, eta ikastolakoak hesiaren bestaldean. Haiei begira jarriko dira, seguru. Baina zer egin dezaket?

Zuk diezu moztu elektrizitatea.

Bai, baina behar genuen. Berogailuak piztu behar dira. Alimaleko eskola daukagu, eta elektrika linea doi bat justua.

Administrazio auzitegira zuk dituzu bidali.

Baina ez berehala. Uztailaren 4an bukatu da kontratua. Irailaren lehenaren zain egon naiz. Eta gutun andana bat bidali diet, ohartaraziz laster bururatuko zela kontratua. Proposamen batzuk egin dizkidate, xelebreak. Nik auzo horretakoa daukat. Baina hor blokeatze bat dago; Seaskako ardu radunen partetik, ene ustez. Horren gibelean, nola erran... hautu politiko bat bada. Joan den martxoko hauteskundeetan boz-emaileek hautatu ninduten, Ziburu Bizi zerrenda abertzalearen aurka nintzela, sozialistekin elkartu zena.

Hain zuzen, batzuek diote agian mendeku gogoz zaudela abertzaleak eta sozialistak bigarren itzulian elkarrekin aurkezteagatik.

Ez, batere ez. Ez dira jende berak. Eta adiskideak baditut Ziburu Bizi zerrendan, zerrendakoen guraso batzuk. Ez da mendekurik. Egokia zaielako diote hori batzuek.

Auzapez kargua lortu duzu geroztik. Ez ote duzu erran ziburutar guztien auzapeza izanen zarela?

2003-2004an, Seaskako burua Michel Etxeberri zen. Adiskidea dut. Harekin dut egin Piarres Larzabal kolegioa. Arau-hauste batzuekin, garai hartan; ez dizut erraten zein heinetakoak... Eta segitzen dugu horren laguntzen diruz. Horrez gain, murgiltze sistema proposatzen duen Luma haurtzaindegia herriko etxearen lokal batean sarrarazi dut, diru laguntzekin. Bestalde, badugu Donibane Ziburuko ikastola Donibane Lohizunen. Ziburuko 31 haur daude, eta diruz laguntzen dugu. Ez da, beraz, euskararen aurkako diskriminaziorik. Testuinguru antieuskaldun batean bagina, ez genituzke lagunduko.

Ziburun ikastola balitz, Ziburura jiten ahalko lirateke 31 horiek.

Ez dakigu zein bilakaera izanen duen kontu honek. Baina bai, ahalko lukete.

Ez ote da haien eskubidea beren herrian ikasi ahal izatea?

Gure eskoletara ere jiten ahal litezke; %50 euskaraz lukete.

Erran berri duzu murgiltze sistema dela hoberena zure iduriko.

Bai, hala uste dut. Eraginkorrena izan dela iruditzen zait.

Beraz, ikastolaren beharra ulertzen duzu.

Bai. Baina ezin dut deus hitzeman.

Gaurko egun, bi aldeen artean ez duzue hitz egiten; itxaropenak, nondik?

Pentsatzen dut beste zerbaiten bila dabiltzala. Gure aldetik behin-behineko soluzio batzuk izan genitzake, baina ez dut gehiago horrelakoetara engaiatu nahi, hitza jaten dutelako. Eta, gero, badago larunbateko manifestaldi hori... Durango eta Donostian egin baitute deialdia. Itxura guztien arabera, autobusak etorriko dira. Ez dut eskatu manifestaldia debekaraztea; manifestatu nahi badute, aske dira.

Manifestaldia jendetsua izateak lagunduko ote du zu konbentzitzen?

Badakit nondik etorriko diren. Autobusak etorriko dira Espainiatik. Ez dira ziburutarrak.

Ziburutarrak ez izanki, horrek gutxiago hunkitzen zaitu?

Anitzez gutxiago.

Euskararen geroa dagoela jokoan diotenak entzuten dituzu?

Arras gustukoa nuke euskara mintzatzea. Aitak eta amatxik euskara perfektua zuten. Baina gerla hasieran sortu nintzen, eta, aita preso nuenez, ez nuen ikasi. Amak ez zekien.

Euskara dago jokoan hor?

Bai, egia da euskara dagoela jokoan, baina badira euskara beren ideia politikoen aitzinarazteko erabiltzen dutenen gibel asmoak ere. Hastapenean, ikastola ideia independentisten hazlekua zen. Lehen ikastolak ezagutu ditut: militante txikiak bilakarazten zituzten horko haurrak.

Eta, beraz, ikastola debekatu beharko litzateke?

Ez, batere ez, ez dut horrelakorik eskatzen. Militatzen dut ikastolak izan daitezen.

Duela bi urte ikastolari eremu bat proposatuz, ez ote zenuen aurreikusten ahal bi urte berantago beharretan segituko zuela ikastolak?

Niri ote zen horri pentsatzea? Banuen beste egitekorik: eskola berritzea dela edo beste. Haiei zen aurkitzea.

Kanpotik ikusita, damugarria dirudi egoerak. Zer diozu zuk?

Bai, hala da. Oraintxe bertan badago arazo bat Sivenseko urtegian, CRSek hil baitute mutil gazte hori... Segolene Royal Ekologia ministroak dio bakoitzak behar duela bere aldarrikapenetik zerbait utzi bazterrean, elkar aditzeko. Ni zain nago erran dezaten baietz, ados direla COL batzorde horren egoitzara joateko epe luzeko zerbait aurkitu arte.

Royalen adibide horretan, bakoitzak zerbaitetan amore eman behar duela diozu. Zu zertan zara prest amore emateko?

Ez naiz erabakitzaile bakarra; herriko kontseilua daukat gibelean. Ez gara besteak baino guraso edo aitatxi-amatxi txarragoak. Guztiok dauzkagu haur edo bilobak.

Herriko etxeko gehiengoa daukazu zurekin; epaiketa ere zure alde duzu, eta Falloux legea. Zer deritzozu egoerari? Legea aldatu beharko litzateke?

Falloux legeak saihetsezina dirudi. Prefetak begiak gure gainean iltzatuak ditu.

Aldatzea eskatzeko prest zinateke?

Bai, bistan dena, baimen berezi bat edo beste, bai. Adibidez, COL batzorde horren eraikuntzan obrak egiten baditugu, inbertsiorako obrak dira. Seaskari urririk uzten baldin badiogu, legea urratuko genuke. Baina, dena dela, nire ustez, nehork ez du nahi iritsi gibelera egin ezin duen egoerara.

Nola hori?

Etengabeko borroka batean murgiltzea erabat. Haur batzuk bungalowetan, argia generadore batetik hartzen; ezin da satisfagarria izan. Horrek hunkitzen nau. Baina apoak irensteko prest banaiz ere, ez dira lodiegiak izan behar.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna