Gimeno prest dago haur eskolen aurrekontua igotzea aztertzeko

Carlos Gimenok ziurtatu du proposamen bat aztertzen ari direla Ogasun Departamentuarekin, Nafarroako haur eskolen greba etete aldera

Irati Urdalleta Lete.
2022ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Nafarroako haur eskoletako langileak greba mugagabean daude maiatzaren 2tik. Auzia konpontze aldera, negoziatzeko prest agertu da Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria. Alegia, ez du baztertu aurrekontua igotzea, Nafarroako Parlamentuko taldeekin hala adosten badute, betiere: «Aztertuko dugu. Ez da erraza berriro bideratuta dagoen aurrekontu batean, gerra bat dagoelako, eta gastuak igotzen direlako baina ez diru sarrerak».

Esan du Ekonomia eta Ogasun Departamentuarekin aztertu beharra dagoela gaia, eta horretan ari direla ziurtatu du: «Ikusiko dugu ea proposamen bat zehaztu eta parlamentuari helarazi diezaiokegun, auzi hau ahal bezain laster konpon dezagun».

Gimenoren hitzetan, aurrekontuak igotzeko aukera ez da oraingoa, beti eduki dute zabalik: «Kontseilari bati bururatzen zaion lehenengoa da ikustea ea nola finantzatu ditzakegun eskaera horiek». Halere, erantsi du gobernu gisa badutela «erantzukizun» bat, «aurrekontuak gauzatzeko baitaude, ez igotzeko, ez eta ez gauzatzeko ere».

Gaur, bilera

Negoziatzen jarraitu asmo dute. Gimenok iragarri duenez, gaur biltzekoak dira Nafarroako Gobernua, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa eta 0-3 Plataforma. «Ikusiko dugu finantzaketaren azken datuak nola dauden, azken proposamenak nola dauden —jada landuta eta zehaztuta daudenak—, eta ikusiko dugu ea bilerara proiektu horrekin joan gaitezkeen edo ea atzerapen bat eska dezakegun, proposamen sendoagoarekin joateko».

Nafarroako Gobernuak proposamen bat egin zien langileei: ordainsariak %14 igotzea. Langileek, ordea, iritzi zioten ez zela nahikoa. Gimeno: «Orain, jokaleku berri bat ireki da: parlamentuan akordio bat egitea, eta, horren bidez, finantzaketa areagotzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.