Abbas: «Genozidio bat da»

'Hegi babesgarria' operazioaren bigarren egunean hildakoen kopuruak gora egin du Gazan, eta, erasoari eutsi ez ezik, «gogortu eta zabaldu» ere gingo dute.

Hildakoen artean, zibilak eta adingabeak
Bi haur palestinar, Rafah errefuxiatu kanpamentuan armadak txikitutako etxebizitzaren aurrean, Gazan.
Bi haur palestinar, Rafah errefuxiatu kanpamentuan armadak txikitutako etxebizitzaren aurrean, Gazan. MOHAMMED SABER / EFE

Adrian Garcia -

2014ko uztailak 10
Orduak aurrera egin ahala, hildakoen kopuruak gora egiten du etengabe. Israelek Gazako zerrendaren aurkako erasoaldia hasi zuenetik, gutxienez 53 lagun hil dituzte. Horietatik bederatzi, adingabeak dira, eta zaurituak 450 baino gehiago. Bestalde, Israelgo hainbat hiritara iritsi dira Gazatik jaurtitako misilak, besteak beste, 120 kilometrora dagoen Zichron Yaacov herrira. Misilek ez dute biktimarik eragin. Luzerako joko du Tel Aviven Hegi babesgarria erasoak. Armadak jakinarazi duenez, hurrengo egunetan erasoa «gogortu eta zabaldu» egingo dute.

Hegazkinekin eta itsas armadarekin eraso dio Israelek zerrendari. Peter Lerner militarren bozeramaileak esan du 550 helburu jo dituztela operazioa hasi zutenetik. Armadaren datuen arabera, 60 misil jaurtigailu, 31 tunel, armak gordetzeko hainbat biltegi eta Hamas mugimenduaren sei egoitza suntsitu dituzte.

Bonbardaketa batean Hafez Hamid hil dute, Jihad Islamista taldeko komandantea. Siderot herriaren aurkako misilen jaurtiketen arduraduntzat zeukan armadak. Hamidekin batera, haren familiako bost kide hil dituzte. Beste palestinar agintari baten hilketa ere bere egin du Israelek. Armadako iturrien arabera, zerbitzu sekretuek armadarekin elkarlanean egindako operazioan hil dute Abdula Dyifala.

Bonbardaketen eraginez hildako asko eta asko zibilak dira, Gazako larrialdi zerbitzuen arabera. Iturri horiek jakinarazi dutenez, atzoko hildakoen artean daude bederatzi ume eta 80 urteko emakume bat. Bestalde, Maan albiste agentziak Al-Maghazi errefuxiatuen kanpalekuko bonbardaketaren berri eman du: familia bereko hiru kide hil dira haien etxea misil batek jota. Beste bi haur desagerturik daude, etxeen hondakinen azpian harrapatuta.

Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak Israeli leporatu dio «genozidioa» egitea. «Familia bateko kide guztiak hiltzea genozidioa da. Palestinar guztien aurkako gerra da hau; ez da soilik militanteen aurkakoa».

Gazako Giza Eskubideen Zentroko zuzendari Raji Souranik Israelen aurka egin du, eta zibilak «nahita» bonbardatzea leporatu dio. «Israeldarrek talde armatuei presio egin nahi diete zibilak jomugan hartuta. Hemen ez dago aterpe segururik, eta, berriro ere, zibilek jasan dute kalterik handiena gatazkan».

Hiru nerabeak desagertu zirenean hasi zituzten bonbardaketak. «Terroristak eta haien armak, azpiegiturak, kontrol sistemak eta erakundeak suntsitzen ari gara», azaldu du Israelgo Defentsa ministro Moshe Yaalonek. Erasoei eutsi ez eze, «zabaldu eta gogortu» egingo dituzte. «Hamas eta beste erakunde terroristei erasoka jarraituko dugu, Israelgo herritarren segurtasuna bermatzeko. Ez dugu irtenbide azkar bat bilatu nahi hurrengo astean misilak erortzen jarraitzeko».

Lurreko inbasio baten mehatxua airen utzi du Benjamin Netanyahu lehen ministroak. «Aukera edozein dela ere, armada prest egongo da». Izan ere, erreserbako 40.000 soldaduri deitzeko baimena eman du gobernuak.

Hamasen arabera, Israelek «marra gorria» zeharkatu du, zibilen etxebizitzak jomugan hartuta: «Zibilak eta haurrak bonbardatu dituzte». Sami Abu Zuhri talde islamistako bozeramaileak esan du Israelek «larrutik ordainduko» duela herritarren aurkako erasoa.

Al-Qassam Brigadek, Hamasen adar armatuak, su-eten baterako bost baldintza jarri dizkio Israeli. Lehenik eta behin, aire erasoak eten egin behar ditu armadak, eta 2012an sinatutako menia akordioari lotu. Bestalde, eskatu dute askatzeko Gilad Shalit soldaduaren truke aske geratutako eta berriz atxilotutako presoak. Azkenik, ez dute onartuko palestinarren batasun nazionaleko gobernuan trabarik jartzea. Al-Qassamen esanetan, talde armatuak ez zuen nahi indarkeria «maila honetara» iristea. «Israelek zibilen etxebizitzak jotzen jarraitzen badu, gure helburuen zirkulua zabaldu egingo dugu», azaldu du Abu Obeida adar armatuko bozeramaileak.

48 misil jaurti zituzten atzo Gazatik. Horietatik 14 atzeman ditu misilen aurkako ezkutuak. Hainbat hiritan jo dituzte alarmak, misilez ohartarazteko: besteak beste, Zichron Yaacoven, Gazatik 120 kilometro iparraldera. Tel Aviv iparraldean ere beste hiru erori dira. Inork ez ditu bere gain hartu erasook. Al-Qassam Brigadek aireportu militar batera jaurti dituzte bi misil, Gazatik 70 kilometrotara. Beste bi misil Dimona herritik gertu erori ziren, zentral nuklear batetik gertu.

Bestalde, Jerusalemen liskarrak izan dira Polizia eta gazte palestinarren artean. Beit Shafafa auzoan, gutxienez, 20 lagun atxilotu dituzte. Egun hauetan, istilu ugari egon dira hirian, Abu Khdeir gazte palestinarraren hilketa dela eta. Ramallahn ere kalera atera dira gazte palestinarrak. Beit El kokaleku pareko zaintza dorrearen aurrean sua piztu dute horietako batzuk. Soldaduek kautxuz estalitako balak tirokatuta erantzun dute, eta 11 zauritu eragin dituzte. Lekukoen arabera, bala batek begian jotako gaztea larri dago zaurituta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna