Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala 

Ate, isiltasun eta orro

BECen batutako milaka bertsozaleek intentsitate handiz bizi izan zuten Bizkaia Arenako norgehiagoka. Umore eta emozio eztandak eskertu zituen.
Ia 15.000 lagunek girotu zuten BECeko Bizkaia Arena, bertsoa ardatz izanik.
Ia 15.000 lagunek girotu zuten BECeko Bizkaia Arena, bertsoa ardatz izanik. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2017ko abenduak 19
Ordubete eta erdi finala hasteko, BEC parez pare, eta ibilgailu ilara gero eta luzeagoa, sarbideko biribilguneko buxaduragatik. Ordubete finala hasteko, eta BECeko ateak zeharkatu orduko, bertsozale ilara gero eta luzeago, sarreren barra kodea irakurtzeko makinen motelaldiagatik. Zinta laranja eskumuturrean, egun osoko bertso bufetean zerbitzatua izateko gosez jendetza. Hamabost minutu finala hasteko, eta ez, sartu zenarentzat ez zen erraza originala izatea: koliseo angelu-zuzen itxura zeukan Bizkaia Arenak. Aulkipeetan gordetako ogien usaina, panem et circensis leloa burura, eta 15.000 ikusleren orroa zortzi finalistak agertu zirenean. Ez zen erraza originala izatea, ez; ez zen erraza zirrara ez sentitzea.

Entzuleen agurrak bertsolariena jaso zuen bueltan, bazetorrenaren iragarle. Nork bere beldurrak konjuratu bitartean, gorputzaren pisua zango batetik bestera paseaz, kulunka arritmikoan ageri ziren pantaila erraldoian. Han ikusi ziren detaile osoz, errenkadan, Igor Elortzaren elastikoko Ertzainak-en izar gorri orbandua, Aitor Sarriegiren besoak enborrarekin lehen aldiz lerrokatuta, Maialen Lujanbioren begirada kontzentratua, Unai Agirreren matrailezur tenkatua, Beñat Gaztelumendiren aurpegi findua, Sustrai Colinaren ezkerreko begi keinua, Amets Arzallusen inkognita argitzeko ordua eta Aitor Mendiluzeren urduritasun tenplatua.

Hasi zen, bada, hasi, bertso maratoia, eta mikrora joateko eta erantzuteko moduan nabari zitzaion Maialen Lujanbiori gogotsu zetorrela. Arzallus, berriz, ohi baino lotuago suma zitekeen. Denak ari ziren ahalegin betean, aldiroko barre eztandek ematen zuten pilatutako tentsio guztiaren neurria. Duela lau urteko soraio nola, halaxe bihurtu zen erkin goizeko hitz fetitxe. BECen bertan zein sare sozialetako kontaketa paraleloan.

Konturatzerako, goizeko azken lana sartu zen atetik, barruko denak isilik utziz. Ne me quitte pas doinua oholtzaratu zuen Elortzak, ikastoletan erdaraz mintzo diren irakasleak Sarriegik, Gabonetan etxera itzuli den junkia Lujanbiok, Puigdemont Agirrek, Marokotik etorritako haur bat Gaztelumendik, aita hil berri zaiona Colinak, Parisko mairua Arzallusek, zazpi urteren buruan Gabonetan etxera sartu dena Mendiluzek.

Atsedenaldia. Jende uholdea bazkaltzeko, 6. pabiloian barrena. Mahaietara eserita milaka; lurrean bertan beste asko. Buruz burukorako hautagai dantza mokadu eta mokadu artean. Lujanbio han ez egoteko, ikaragarriren bat gertatu behar zuen, denen ustez; Mendiluze, Colina, Sarriegi... bikotekide izan zitzakeen.

Arratsaldeko saioa. Bero bertsozalea, harmailetan olatuarena egiten. Lehen gaiekin akabo fandango, baina. Eskerrak umorea atzera etorri zen puntutako lanean. Biba Berango. Umorea, berriz ere, tentsioarentzako ukendu. Eta zorua ostikatzea, eta eskuak zartatzea. Eta goxokiak ahoratzea. Finalista guztientzako azken bakarkakoa. Palkoan ez zegoen, baina Iñigo Urkullu ere BECen agertu zen, Colinaren bertso kolpe bati esker. Izan ziren gehiago pabiloi hartan ordura bitartean. Askoz gehiago, hartzaileen erantzunari erreparatuta.

Buruz burukoaren txanda: Lujanbio eta Mendiluze. Mendiluze eta Lujanbio. Izerdi ola BEC; lagun imajinarioaren bueltan bildutako bola; auto zelatariaren aurkako oskola. Lujanbio garaile. Koliseoan orroa. Mendiluzeri ere orro koliseoak. Colina hirugarren. Orroa. Arzallus laugarren. Orroa. Elorza bosgarren. Orroa. Seigarren Sarriegi. Orroa. Zazpigarren Gaztelumendi. Orroa. Zortzigarren Agirre. Orroa. Agur, Elorza eta Sarriegi. Orroa. «Gerokoentzat» eskainitako txapela hor doa. Lau urte barrura arte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna