Espetxe politikan eragiteko, Orain Presoak dinamika sortu dute

Presoen zigorrak batzeko eta graduz aldatzeko eskatu dute, besteak beste. Manifestazio bat antolatu dute urriaren 20rako

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Urruntze politika bukatu, larriki gaixo dauden presoen arta bermatu, Espainiako eta Frantziako zigorrak batu eta espetxealdietan graduak aldatu. Orain Presoak dinamikako kideen ustez, lau horiek dira lehenbailehen konpondu beharreko lehentasunak. Gizarte zibileko sektore guztietako 46 lagunek osatu dute, eta euretako batzuek atzo aurkeztu zuten mugimendu berria, Bilboko Bizikidetasun plazan. Sare plataformako kide Arantza Aldezabalek egin zuen hitzaurrea. Izan ere, Sarek sustatu du dinamika, uste duelako gizarte zibilaren garaia dela.

Felix Arrieta Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Laura Gomez militante feminista dira Orain Presoak osatzen dutenetako bi. Eurek irakurri zuten aurkezpen agiria, euskaraz eta gaztelaniaz. Uste dute ETAk bere burua desegin ondoren «elkarbizitzarako beste urrats batzuk» egin behar direla. «Bide honetan izan diren eta diren biktima guztiek merezi dute egia, memoria eta erreparazioa», azpimarratu du Arrietak. «Herritar gisa guztioi dagokigu ardura hau geure egitea, guztiok merezi dugulako elkarbizitzan eta bakean oinarritutako jendarte batean bizitzea», esan du Gomezek.

Horregatik, dinamika irekia da. Martxan ipini duten kideek espero dute gizarte zibileko ordezkari gehiagok bat egitea datozen aste eta hilabeteetan. Izan ere, oraindik «askatu beharreko korapilo bat» dagoela ohartarazi du Gomezek: «Egun, jadanik ETAk existitzeari utzi dion arren, 282 euskal preso daude euren senideengandik ehunka edo milaka kilometrora urrunduak». Presoen eskubideen inguruko korapiloa askatzen laguntzeko, urriaren 20rako manifestazio bat prestatzen hasi dira. Bilbon izango da. Euren «ametsarekin bat egiten» duten herritar guztiei parte hartzera dei egin diete, Euskal Herrian inoiz izan den «mobilizaziorik handiena bilakatzeko».

Espetxean daudenak euren eskubideen jabe diren arren, «salbuespen neurriak» ezartzen dizkietela salatu du Arrietak. Ohartarazi du Espainiako eta Europako legedien aurkako jokabidea dela. Eta azpimarratu du presoa bera ez ezik senideak ere zigortzen dituela. «Espetxe politika hau iraganean kateatuta dago», ohartarazi du Gomezek. «Guk etorkizunera begira jartzeko garaia dela uste dugu».

Zahar eta berrientzat

Dinamika sortzen hasi zirenean, agiria idatzi zutenean eta atzoko agerraldia prestatu zutenean, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente ohia zuten buruan, Espainiari egin beharreko aldarrikapenen jomugan. Baina atzo Pedro Sanchezek gobernuburu karguaren zina egin zuen. Aldezabalek uste du ez dela gobernu aldaketa baloratzeko garaia. «Gobernuan batzuk edo besteak egon, martxan jarritako prozesua bera da. Eskubideak beti errespetatu behar dira, gobernua kolore batekoa edo bestekoa izan».

Dinamikako kideei balorazioa egiteko aukera eman zien. Jose Luis Uriz PSNko kide ohiak «garai itxaropentsua» dela esan zuen soilik. Felix Placer teologoak Sanchezi ohartarazi zion presoak pertsona eskubidedunak direla eta horiek bete behar dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.