Etxaide: «Gezurra da ekonomia suspertzen ari dela»

Erredakzioa
2014ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Gezurra. Hitz hori erabili du Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak berpizte ekonomikoa errealitate bat dela diotenei erantzuteko. «Are gutxiago, berpizte hori denok sumatuko dugula diotenean». Azken boladan erakundeetatik helarazten ari diren mezu positiboei kontrapisua jarri dio horrela, eta Hego Euskal Herriko egoera sozioekonomikoa negatiboa dela azaldu. «Baikortasun faltsu bat da hori; hurrengo urteko hauteskundeei begira egindako diskurtso bat besterik ez da». Alde horretatik, azaldu du urte honetan ezer irabazi dutenak Ibex 35ean dauden enpresak izan direla. «Euren irabaziak %10ean handitu dituzte urteko lehen seihilekoan».

Egoera horrekin zerikusi gutxi du sindikatuak mahai gainean jarri duen datuak. 2008tik 147.000 lanpostu galdu dira EAEn, eta 35.400 Nafarroan. «Gaur egun ez dago industria politika eraginkorrik martxan, ezta energia politika propiorik ere». Are gehiago, hartu diren neurri sozioekonomiko nagusiak Confebask babesteko izan direla esan du Etxaidek. «Hegoaldeko gobernuek hartu dituzten politikek Madrilen egiten denarekin antzekotasun gero eta handiagoa daukate».

«Miseria laneko mundura»

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak ere ildo beretik jo du, suspertze ekonomikoa iritsi dela dioten mezuen inguruan. «Nola aterako gara krisi honetatik? Laneko mundura miseria handi bat iritsiko da». Zehaztu duenez, miseria egoera hori gizarte osora ari da zabaltzen, eta langileek pairatzen dituzten gehiegikeriak salatu ditu. Adibidea jarri du, horretarako, Etxeko Langileen Elkarteak egindako salaketen harira. «Estatu mailako hitzarmenak urtean 1.800 orduko lanorduak eta 600 euroko soldata zehazten du».

Alde horretatik, CCOOk eta UGTk Espainiako Gobernuarekin eta CEOErekin hitzartutako akordioa kritikatu du. Izan ere, iraupen luzeko langabeei 426 euroko laguntza emango zaie aurrerantzean. «Esplotazioa txertatuta daukaten kontratuak finantzatzeko baliatuko dira laguntza horiek». Akordio horrekin helburu jakin bat lortu nahi dela ere azaldu du, langileek «miseriazko kontratuak» sinatzera behartu, «horretarako laguntza sozialak jaitsi behar badira ere».

Akordio horren aurka azaldu da Muñoz, eta Jaurlaritzan eta Confebasken horrek sortzen duen ezinegona azpimarratu du. «Gobernuak babesa eskaintzen dio patronalari protestako sindikalismoa borrokatzeko garaian». Eta gaineratu du biek eredu komun asko dituztela: «Ate birakariak dituen gizarte eredu bat daukate biek ere, eta, hori bermatzeko, protestako sindikalismoaren aurka egiten dute, eta gutxiengoan dauden sindikatuen [CCOO eta UGT] babesa bilatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.