Finlandiak «aste batzuen buruan» erabakiko du NATOn sartu ala ez

Igor Susaeta.
2022ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Sanna Marin Finlandiako lehen ministroak atzo iragarri zuen «aste batzuen buruan» erabakiko dutela NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtu ala ez. Gobernuaren beraren txosten bat oinarri gisa hartuta, parlamentuan atzo hasi ziren eztabaidatzen aliantza militarrean sartzearen abantaila posibleez eta desabantailez. Marinek duela egun batzuk adierazi zuenez, helburu dute NATO ekainaren 29an eta 30ean Madrilen egitekoa den goi bileraren aurretik «adostasun ahalik eta handiena» lortzea.

Marin Stockholmen mintzatu zen atzo, alboan Suediako lehen ministro Magdalena Andersson zuela. Ukrainako gerra dela-eta, bi herrialdeetan piztu da NATOn sartzeari buruzko eztabaida, eta atzokoa izan zen auziari buruz hitz egiteko bi lehen ministroek egindako jendaurreko aurreneko agerraldi bateratua. Marinen iritziz, «positiboa» litzateke bi herrialdeek hautu bera egitea. Andersson zuhur mintzatu zen, eta gogorarazi zuen Finlandiako Parlamentuan eztabaidagai duten txostenaren antzeko dokumentu bat beranduenez maiatzaren 31rako plazaratzekoak direla Suedian. «Abantailak eta desabantailak seriotasunez aztertu behar ditugu».

Bi herrialdeak ez-lerratuak eta neutralak dira ofizialki, baina aliantzaren gertuko aliatuak dira 1990eko hamarkadaren erdialdetik. NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek lehengo astean adierazi zuen eskaera eginez gero biak «erraz» sartuko liratekeela aliantzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.