Palestinako gatazka

Israelen «apartheida» gaitzesteko eskatu dute HRWk eta AIk

Bi GKEk salatu dute palestinarren eskubideak esparru guztietan urratzen direla. Palestinakoa « krisi humanitario kronikotzat» jo dute

Indarkeria. Hainbat palestinar Israelgo armadak egindako eraso baten ondorioei begira, auto batean, Zisjordanian, otsailean. ALAA BADARNEH / EFE.
Maria Ortega Zubiate
2022ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
«Apartheida gizateriaren aurkako krimen bat da, ulertzen baita talde etniko batek beste baten gaineko dominazioa mantendu nahi duenean gauzatzen dela, zapalkuntza sistematikoaren testuinguruan», horrela definitzen du apartheida Nazioarteko Zigor Auzitegiaren Erromako Estatutuak. Bada HRW Human Rights Watch eta AI Amnesty International GKE gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute Israelgo Estatuak erregimen hori ezartzen duela palestinarren aurka; apartheida, alegia. Ez dira salaketa hutsean gelditu, ordea; Nazioarteko Zigor Auzitegiari berari eskatu diote hori azter dezan, eta nazioarteko komunitateari legedi unibertsala ezartzeko.

Euskal Herrian izan dira HRW eta AIko ordezkariak, 2021ean eta 2022an kaleratutako txostenak aurkezten, hurrenez hurren. Txosten horietan, bi erakundeek luzez aztertu dituzte Israelgo Gobernuak palestinar herriari ezartzen dizkion politikak. «Apartheida oso kontu serioa da, eta hori salatzeko ikerketa sakona egin behar da. AI urte askoan egon da horren inguruan lanean, baina 2017ko ekainetik 2021eko azarora azterketa sakon bat egin dugu: legeak aztertu ditugu, han lanean ari diren GKEekin egin dugu berba, palestinarrak zein israeldarrak, baita NBEkoekin [Nazio Batuen Erakundekoekin] ere», azaldu du Sofia Garcia EAEko AIko koordinatzaileak.

Ikerketetan, urraketa sakonak ikusi dituzte bi erakundeek, palestinarren bizitzako esparru guztietan: «Politika demografikoen eta banaketa territorialaren bidez lortu nahi dute herri juduaren hegemonia palestinarraren gainean, esparru guztietan: urbanistikoan, zerbitzuetarako sarbidean, baita hezkuntza mailan ere —judu batentzat egiten den hezkuntzako gastua palestinar batenaren hirukoitza da—, estatus juridikorako sarbidean...», esan du Garciak. Estatus juridikoa aipatu du, erregistro zibilerako sarbidea ere beste muga bat delako palestinarrentzat: «Ez dituzte erregistro zibilean inskribatzen; horregatik, jende asko dago dokumentaziorik ez duena, apatrida asko; Polizia kontrolez betetako lurralde batean bizita, palestinarren eguneroko bizitzan horrek duen eragina sekulakoa da».

Hori horrela, Palestinako egoera «krisi humanitario kroniko» gisa definitu du AIk. Honela azaldu du Garciak: «Orain arte Palestinako eta Israelgo gatazka kontu ideologikotzat jo izan da, baina ez da hori soilik: krisi humanitario bat da. Krisi humanitario kronifikatu bat da, palestinar herriak ezin du aurrera egin, bere aurkako lege mordoa dituelako».

Itzultzeko eskubiderik eza

Bi erakundeen ondorioak ildo beretik joan dira, baina AIk atentzio berezia jarri dio esparru bati: errefuxiatuen itzulera eskubideari. Israelgo Estatuak ez die aitortzen itzultzeko eskubiderik 1947 eta 1949 bitarteko gerran alde egin zuten errefuxiatu palestinarrei; zazpi hamarkada daramatzate errefuxiatu izaten. «Ez dute bueltatzeko eskubiderik. Alde egin zuten errefuxiatuek beren etxeak utzi zituzten, eta orain ez dute eskubiderik beren lurraldera bueltatzeko. Sirian edo Jordanian dauden errefuxiatuak izaten jarraitzen dute».

Afera hori ere aztertu nahi izan dute, hori ere Israelgo erregimenaren ondorio dela ulertzen baitute. Zera dio Alko koordinatzaileak: «Israeletik eta lurralde okupatuetatik kanporakoak ere aztertu ditugu, ulertzen dugulako beraiei ere eragiten diela egoerak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.