Siriatik soldaduak erretiratzen hasi direla jakinarazi dute AEBek

Washingtonek ez du mugimenduei buruzko xehetasunik eman, «segurtasun arrazoiengatik»
AEBetako tropak Kurdistango Al-Darbasiyah hirian.
AEBetako tropak Kurdistango Al-Darbasiyah hirian. YOUSSEF RABIE YOUSSEFF / EFE

Mikel Rodriguez -

2019ko urtarrilak 12
AEBak hasi dira Sirian dituzten soldaduak herrialdetik ateratzen. Sean Ryan koronelak jakinarazi zuen, baina zehaztu zuen ez zuela emanen xehetasunik «epe zehatzen, tokien eta tropa mugimenduen» inguruan, «segurtasun arrazoiengatik». AEBek 2.000 soldadu inguru dituzte Sirian, eta Donald Trump presidenteak joan den urte bukaeran jakinarazi zuen erretiratzeko asmoa. Martxoa aipatu zuen Trumpek epetzat, baina azken egunotan AEBetako agintariek, baita Trumpek berak ere, ez dute epe zehatz hori berretsi nahi izan.

AEBak 2014an hasi ziren esku hartzen Sirian, EI Estatu Islamikoaren aurkako gerran. SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioarekin aliantza bat egin zuten —kurduen miliziak dira SDFren indar nagusia—, eta haien kontrolpeko lurraldeetan, ia Siriaren ekialde osoan, baseak ezarri zituzten. Erretiratzeko aginduak jokaleku berria sortu du Sirian.

Izan ere, Turkia egunez egun ari zaio mehatxu egiten SDFri. «Garaia ailegatzen denean, terroristak haiek zulatutako hobietan lurperatuko ditugu, aitzineko operazioetan egin dugun bezala», adierazi zuen atzo Hulusi Akar Turkiako Defentsa ministroak, Sanliurfa probintzian armadako kide batzuen aitzinean eman zuen hitzaldian. John Bolton AEBetako presidentearen segurtasun nazionalerako aholkularia Ankaran izan da aste honetan Turkiako Gobernua konbentzitzeko ez dezala erasoaldirik egin kurduen aurka, baina Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak guztiz baztertu zuen Boltonen eskaera.

Siriako kurduen miliziak PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aliatuak dira, eta, horregatik, Turkiak mehatxutzat ditu. Iaz, SDFren kontrolpean zegoen Afrin barrutia inbaditu zuen Turkiak, eta hango biztanle gehienek ihes egin behar izan zuten. Kurduak ziren herritar gehienak, eta SDFk leporatu dio «garbiketa etniko bat» egitea, biztanle kurduak Siriako bertze tokietako errefuxiatu arabiarrekin ordezkatuta.

Kurduekiko elkarrizketa

Turkiaren mehatxuen aitzinean, SDFk Siriako Gobernuari eta Errusiari akordio bat negoziatzeko eskatu zien joan den astean. Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak baikor erantzun zuen atzo: «Uste dugu inportantea dela estatubatuarrak joan ondoren libre geldituko diren lurraldeak Siriako Gobernuaren kontrolpera pasatzea. Horregatik, hagitz garrantzitsua da kurduen eta Damaskoren arteko elkarrizketa».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna