Al-Sisiri aurre egitera deitu dituzte herritarrak gaur

Egiptoko Poliziak 2.000 lagun baino gehiago atxilotu ditu astebetean, oposizioko ordezkariak eta ekintzaileak tartean

jakes goikoetxea
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Abdel Fatah al-Sisi presidentearen kontrako protesta eguna antolatu dute gaur ere Egipton. Protestak indartzen ari dira iragan astetik, eta jendetza espero dute gaur Egiptoko kaleetan, Kairon batez ere. Sare sozialak baliatzen ari dira jendeari kalera ateratzeko eskatzeko.

Gobernuak Poliziaren errepresioarekin erantzun du orain arteko mobilizazioetan: 2.000 lagun baino gehiago atxilotu ditu astebetean, protestetan parte hartzea leporatuta. Giza eta gizarte eskubideen aldeko taldeek egin dute zenbaketa. Atxilotuen artean daude oposizioko alderdietako ordezkari ezagunak, unibertsitate irakasleak, giza eskubideen aldeko ekintzaileak, kazetariak...

Barne ministroak esan zuen «irmotasunez» aurre egingo dietela «herrialdea ezegonkortzeko» saiakera guztiei. Poliziak Tahrir plaza hartu du jada, eta herritarrak miatu ditu, baita zenbaiten sakelako telefonoen edukiak, The Guardian-en arabera. Ikusteko dago Poliziak erabilitako eta iragarritako errepresioak beldurtu egingo dituen protesta egin nahi dutenak.

Ayman Nour oposizioko buruzagi eta presidentetzarako hautagai ohiak uste du jende gehiago aterako dela kalera, «beldurraren hesia» hautsi delako eta gobernuaren indarkeriak jendearen haserrea handituko duelako, are gehiago ikusita bizi baldintzak asko okertzen ari direla.

Mohamed Ali eraikuntza enpresariak egindako ustelkeria salaketak izan dira egunotako protestak piztu dituen txinparta. Alik hainbat bideotan zabaldu duenez, ustelkeria oso hedatuta dago gobernuan, armadan eta Al-Sisiren familian. Berak ustelkeria sare horretan parte hartu zuela onartu du. Eta Al-Sisi bizi den bizimodu oparoaren zehaztasunak eman ditu, herritarren haserrea hauspotuz. Egipton, gobernuak berak emandako datuen arabera, pobrezian bizi da hiru herritarretik bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.