Albistea entzun

«Neure buruarekin bakean egoteko aukera eman dit mendiak»

Elikaduraren nahasmendua izan zuen. Orion ari zen arraunean, eta 2021ean jakinarazi zuen zer zeukan. Iaz, jarraitu egin zuen, osatze bidean zegoela. Orain, mendi lasterketetan soilik ari da Galiziako kirolaria, gaitzaren arrastorik gabe, kirolaz gozatzen.

ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola Garate -

2022ko maiatzak 19 - Donostia

Eguzkitan bero dago, Ondarreta hondartza eta Bizkaiko golkoa bertan egon arren. «Itzalean nago zain», egin dio kasu BERRIAri, elkartu aurretik, Sandra Piñeirok (Boiro, Galizia, 1996). Eguzkitan bizi da azkenaldian, ordea, itzalean iluntasuna pairatu eta gero.

 

Eta, orain, korrika. Noiztik?

Duela gutxi hasi nintzen. Korrika egitea beti gustatu izan zait, baina serio entrenatzen, plangintza nik neuk eginda-eta, abendutik.

Nolatan?

Erresistentzia aldetik gaitasun handikoa naiz. Mendia asko gustatzen zait. Neure buruari esan nion: «Hainbeste gustatuta, zergatik ez hasi?».

Esan duzu zuk zeuk egiten duzula plangintza. Ikasi duzu horri buruz [Kirol Zientzietan graduatua da].

Ikasteko balio dit. Gauzak probatzen ibiltzen naiz. Azkenean, ni neu naiz nire entrenatzailea. Baina batzuetan zaila izaten da.

Zergatik?

Buruko leku berean daude entrenatzailea eta kirolaria, eta batzuetan ez datoz bat. Adibidez, egun batean gustura noa korrika, eta egingo nituzke kilometro gehiago, baina ezin dut, egun horretan ez delako tokatzen hainbeste egitea. Borroka bat da buruarentzat, baina ondo dago, ikasiz joateko.

Nola izan da korrika lehiatzen hastea?

Bi lasterketa baino ez ditut egin. Nafarroan izan zen aurrenekoa, Uharten. Zorakeria bat izan zen! Hogei kilometro izan ziren, eta ia akabatu nintzen. Bigarrena Ainsan izan zen, apirileko lehen astean, ia 33 kilometrokoa. Bosgarren egin nuen emakumezkoetan, eta 66. lasterketan, orotara. Azkeneko hogei kilometroak maldan behera izan ziren, gazela baten pare. Oso eroso ibili nintzen, gustura. Azkeneko anoa postuan esan zidaten bosgarren nindoala, eta han bota nituen eskuan neuzkan intxaurrak. Podiuma egitea pasatu zitzaidan burutik [barrezka].

Gora edo behera hobeto?

Gora kosta egiten zait oraindik. Arraunlariek hanka ahulak izaten ditugu, esplosibitate eta oldarkortasun gutxikoak. Landu egin behar ditut. Goraka oinez eta lasterka joaten naiz. Beheraka, berriz, seguru joaten naiz. Beldurrik gabe. Martxa geldian jarri, eta segi. Erortzen banaiz, erori egiten naiz.

Arraunlariak korrika ikustea ez da oso estetikoa.

Ez da, ez. Ikusiko bazenu nola joaten naizen; ematen du botaka ari naizela. Ematen du zorabiatuta noala, mahatsa zapaltzen bezala. Lasterketako teknika oso itsusia daukat.

Zer lasterketa ari zara prestatzen orain?

Salomon lasterketa, urrikoa, 42 kilometrokoa. Nekatuta nabil, eta, horregatik, asteburuan, Orioko lasterketa oso gaizki egingo dut. Baina sekulako ilusioa egiten dit. Gozatzera noa. Jende ezagun asko ikusiko dut, taldekideak... Gainera, Kukuarri gaina etxea bezala ezagutzen dut, hainbat bider igo eta jaitsi dudalako.

Zer asmo dituzu luzera begira?

Lasterketa luzeagoak egiten hasi nahiko nuke datorren urtean, azkenean ultrak egiteko. Zenbat eta luzeago, hobeto. Erritmo egokia hartzen dut, eta gozatuz joaten naiz. Ez eskatu erritmo aldaketa bortitzak; ez daukat estu eta larri joateko fisiologiarik.

Zer ari zaizu ematen korrika egitea?

Dena. Asko gozatzen ari naiz. Eskertuta nago Pirinioak ezagutu nituen egunari.

Nola eta noiz izan zen?

Igande batean, Orion arraunean nenbilen lehen denboraldian [2019]. Jai eman ziguten, eta hara joan nintzen. Ordurako, gaizki nenbilen, nire gaixotasunagatik. Hainbeste deskonektatu nuen, non ez nuen egun osoan pentsatu ere egin jatekoan, neure buruko paranoietan eta abar.

Maitemindu egin zinen.

Erabat. Mendiak egun hartan eman zidana ez zidan beste ezerk eman. Gero eta gehiagotan hasi nintzen joaten, igo oinez, jaitsi korrika... Iazko sasoia amaitzean, buruak eta gorputzak beste zerbait egiteko eskatzen zidaten, eta arrauna utzi nuen. Oso exijentea da. Ihes egin beharra neukan hortik, nahiz eta garbi daukadan arrauna niretzat dena izango dela. Itsasotik mendira pasatu nintzen, literalki. Oso gustura nabil. Neure buruarekin bakean egoteko aukera ematen dit mendiak. Zerbait handia da!

Mendi lasterketetan eta prestakuntzan ez duzu lehenagoko gaixotasunaren arrastorik, ezta?

Ezta batere. Lasterketen aurretik, pasta platerkada bat jaten dut, garagardo bat edan... Oso gustura egoten naiz. Gozatzeko egiten dut, badakidalako txarra naizela korrika, eta ez dudala irabaziko.

Eta egunen batean irabazten baduzu?

Ez da izango horren bila joan naizelako. Ikasi egin nahi dut, eta gozatu, ez besterik. Oso lehiakorra naiz, eta horri neurria jartzen ikasten ari naiz. Pentsa, mendian oinez noanean aurrerago doana harrapatzen saiatzen naiz. Atera egiten zait lehiakortasun hori.

Irabaztera joatea eta elikadurari begira ez bizitzea bateragarriak izango dira, ba...

Bai, noski. Baina irabaztea ez dudanez buruan, ez dut onena izan nahi. Emaitza on bat egiten badut, horrela atera delako izango da, ez horren bila joan naizelako.

Arrauna uztea behar bat ere izan zen gaixotasunarena bukatzeko?

Bai. Onena zen niretzat. Hala ere, iaz on egin zidan arraun egiteak. Taldekideek asko lagundu zidaten gaixotasunaren prozesuan, eta azkarrago gainditu ahal izan nuen lagunduta. Arrauna zigor gisa ikusten nuen lehen, neure buruarekin itsutzeko modu bat; baina iaz, ez. Gozatu egin nuen berriz.

Atea irekita utzi zenuen.

Bai, horrela nahi nuelako. Neuk erabaki nuen uztea, horrela nahi izanda. Pozik, gozatu egin nuelako. Ez genuen irabazi, eta, hala ere, gustura nintzen. Gustatzen zaidalako egin nuen arraun iaz, eta ez irabazteagatik, lehen egiten nuen bezala. Obsesio bihurtuta neukan, perfekzioa bilatzea zen denaren oinarria, eta bide arriskutsu horretatik askatzea lortu nuen iaz. Lasai ibili nintzen. Taldeko harmonian ederki bukatu nuen.

Zer zen, bada, lehen arrauna zuretzat?

Gizatasun alderdia ez nion aurkitzen. Irabaztea zen, baina ez nuen gozatzen. Zenbaki bat nintzen, robot bat, batere emoziorik gabea. Iaz, aldiz, hor konpon zenbakiak eta horrelakoak; txikitan arrauna eta itsasoa ikusten eta sentitzen nituen bezala sentitu nahi nituen. Itsasoa, taldea eta ni; ez zegoen beste ezer.

Taldea eta taldekideak sarri ari zara aipatzen.

Ez dagoelako horrelako talderik beste inon, Orion bakarrik. Familia bat da. Munduan gehien gustatzen zaidanaz gozatzea [arrauna] gehien maite dudan jendearekin [taldekideak] sari bat da, banderak eta Kontxa irabaztea baino gehiago. Pozik sentitu nintzen garai horretan arrauna horrela lagatzeagatik.

Gaixotzea norbere ezaugarrien mende dago, ala arraunak berak ere badu eraginik?

Eragile asko daude. Elikaduraren nahasmenduarekin gaixotzeko norbere nortasunak eragina izan dezake. Baita inguruak ere, eta bakoitzaren ezaugarri genetikoek. Emakumezkoetan gehiago eragiten du, estereotipoengatik eta abar. Elikaduraren gaia ere aipatu egin behar da. Arrauna kirol txikia da, eta taldeen plangintzetan, hainbat arlo ez dira kontuan hartzen. Oriok, adibidez, baditu baliabideak, eta nutrizionista eta medikua dauzka. Baina beste klub batzuetan, ez bat eta ez bestea, eta arriskutsua da hori; eta, hala ere, argaltzeko eskatzen dizute, baina nola, ez. Arlo psikologikoa landu ere ez da egiten. Zenbaki bat da arraunlaria, eta prestatu egin behar du. Gero, eguna jartzen dizute, eta proba dator: balekoa bada, aurrera, baina ez bada, etxera.

Remando en la oscuridad liburuan zuk bizi izandakoa kontatzen duzu. Zenbat ote dira isilpean gordeta daramatenak.

Argitaratu eta gero, harrigarria da zenbat arraunlarik, emakumezkok eta gizonezkok, kontatu zidaten beren egoera. Gizonezkoena ezkutuan dago, baina badaude kasuak. Kirolean, eta arraunean, arazo bat dago. Kirola ez da bakarrik errendimendua. Eragina du nola zauden buruz, zenbat atseden hartzen duzun, zer jaten duzun... Hutsune bat dago.

Zergatik?

Gai batzuk lantzen direlako menderatu gabe. Arazoa da profesionalen pareko eskakizuna jartzea arraunlariari, nola eta gai horietako profesionalen laguntzarik ez dutenean hainbat klubetan, arraunlariak bere onena eman dezan. Arlo fisikoa %60a da, baina beste %40a falta da. Baliabide falta da arazo bat, klub asko umilak direlako, eta gizartearen pertzepzioa, beste bat: estereotipoak eta abar. Bi arazoak elkarri lotuta doaz.

Arazoa da ere gizonezkoen prestakuntza bera jartzen zaiela emakumezkoei, edo jarri izan zaiela orain gutxi arte?

Bolumena eta intentsitatea gutxitzen zen gizonezkoen plangintzatik, eta horra emakumezkoena eginda. Horrela egiten zen lehen kirol guztietan, eta orain hasi da aldatzen. Ez da berdintasuna aurkitu behar, parekidetasuna baizik. Gizonezkoak eta emakumezkoak ez gara berdinak fisikoan, hormonetan, antropometrian... Niri ez jarri gizonezkoen plangintza bera. Orion, adibidez, bereizi egiten dira plangintzak, baina klubak baliabideak dituelako. Eta giza harremanetan ere ez du parekorik. Emakumezkoen arraunean egonkortu egin behar dira gauzak. Adibidez, emakumeetara egokitu behar dira hainbat gauza. Antzekotasun bakarra da traineruan goazela, eta arraunarekin.

Zer egokitu beharko litzateke?

Gauzetako bat da entrenamenduaren oinarrizko printzipioa erabiltzen hastea: banakako entrenamenduak jartzea arraunlari bakoitzari, baita gizonei ere. Horrela izango du osasuna ere arraunlariak. Baina ez dago baliabiderik. Denbora asko eskatzen du, lana, baina pixkanaka lortuko dela uste dut.

Balizko aukera bat: udazkena iritsiko da, eta deika hasiko zaizkizu taldekoak, arraunera itzultzeko. Orduan, zer?

Arraunlaria betirako da arraunlari. Utzi nuenean esan nuen ez zela agur bat, gero arte bat baizik. Itzuliko banintz, Orion izango litzateke, nire taldean. Horia daukat bihotza. Irabazi edo galdu, ni beti nire taldekideekin. Etxea dela sentitzen dut, eta etxearekin akabera arte. Udan estropada guztietan izango naiz. Kontxako Banderan, Donostiako kaiko arrapalan egongo naiz arraunlarien zain, ogitarteko batekin eta xanpain botila batekin, irabaziko duten Kontxako bandera haiekin ospatzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

ZUZENEAN: BERRIA Pilota Txapelketa

Lazkaoko LAPKE, BERRIA txapelketako XVII. edizioko txapeldun

Berria

Hiru hilabete pasako lehiaren ondoren, Euskal Herriko bi pilota elkarte onenak elkarren aurka aritu dira finalean, Hernaniko udal pilotalekuan. Finaleko hiru partidak irabazi ditu Lazkaok.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Hamar garaipenekin, urteak ez ziren onak»

Iñaki Berastegi

Hermansek bere biografia aurkeztu du Euskal Herrian. Orbearekin hasi zen profesionaletan, eta talde hura «familia» bat izan zela dio.
Zumaiako arraunlariak eta kideak, atzoko banderarekin. ©BERRIA

Zumaia ere azaldu da

Aitor Manterola Garate

ETE ligako bigarren estropadan irabazi du sasoiko lehen bandera, Donibane Lohizunen

Eraso, atzo, helmugan. ©FEC

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.