G7an dokumentu lauso bat adosteko baino ez dira gai izan agintariak

Macronen esanetan, merkataritza arauen gaineko konpromisoa jaso dute testuan. Trumpek adierazi du merkataritza harremanak etengo dituela muga zergak murrizten ez dituzten herrialdeekin

Trump, munduko potentzien agintariak zorrotz begira dituela, atzo, Charlevoixen. JESCO DENZE HANDOUT / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Donald Trumpek bere-bereak dituen manerak baliatu ditu munduko potentzia nagusien agintarien aurrean ere. G7koen gosarira berandu iritsi zen, eta artean goi bilera amaitu gabe zegoela alde egin zuen La Malbaietik, Quebecetik. Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, dagoen lekuan dagoela, agerian utzi nahi du nork agintzen duen, bai formen bidez, eta bai edukien bidez. Eta, oraingoan ere, horrela egin du: G7koen bilera erabat baldintzatu du, ia-ia dokumentu bateratu bat adostea eragozteraino. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak egin zuen iragarpena, iluntzean, ordurako komunikaturik espero ez zela: «Akordio hau albiste ona da, eta gauzak egonkortzeko asmo kolektibo bat ezartzen du. Hala ere, ez dut uste adierazpen honekin dena lortuko dugunik; aurreneko urratsa da, eta nabarmena da datozen asteetan eta hilabeteetan lanean jarraitu beharko dugula».

Lerro hauek idazteko garaian, oraindik ez zen zabaldu dokumentuaren edukia, baina agerikoa zen testu lausoa zela. Macronek zehaztu zuen nazioarteko merkataritza «arauekiko» konpromisoa jaso dutela testuan, baita «aduana langen kontra borrokatzeko borondate politikoa» ere.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak desadostasun handiak zeudela adierazi zuen dokumentua adosteko zailtasunen aurrean, nahiz eta protekzionismoaren kontra borrokatzeko asmoa iragarri zuen.

Trumpek, ordurako, mezu kategoriko bat helarazi zuen. Merkataritza harreman «justuak» nahi zituela, eta merkataritza harremanak hautsiko zituela esportazioei muga zergak ezartzen dizkieten herrialdeekin.

EB Europako Batasunarentzako mezua zen Trumpena. AEBek ekainaren 1etik ezartzen dizkie muga zergak altzairu eta aluminio inportazioei, eta, horren trukean, zigorrak iragarri dituzte kontinente zaharreko estatu kideek. Uztailetik aurrera, AEBek %25eko muga zerga ordaindu beharko dute Europan produktu sorta zabal batengatik.

Diplomaziarik gabe mintzatu da beste behin presidentea, zuzen, erretorikarik gabe: «EB oso basatia da AEBekin muga zergen arloan. Badakite, eta irribarre egiten dute esaten diedanean. Ezin dute sinetsi egin dutena. Baina amaitu da. Ez badute aldatzen, ez gara haiekin salerosian arituko». Trumpek, hala ere, ez zituen agintariak gogaitu nahi izan. Alemania eta Frantziako agintariekin «harreman bikaina» duela adierazi zuen presidenteak. «Ez diet haiei leporatzen guztiaren errua. Aurretik nire karguan egon direnena da erantzukizuna, baina ez soilik Barack Obamarena. Hau 50 urteko kontua da».

Paralelismo erraz bat ere egin zuen: «Mundu guztiak lapurtzen duen txerritxoaren itsulapikoa gara». Adierazpen horien atzean errealitate bitxia dago. Munduko herrialde aberatsena bada ere, inportazioak esportazioak baino handiagoak dira AEBetan; urtean 556.000 milioi dolarreko defizita eragiten du horrek. Eta Trumpek desoreka hori zuzendu nahi du, bereziki nekazaritzaren alorrean, eta horretarako merkataritza politikak aldatu nahi ditu, «aduana langarik, muga zergarik eta laguntzarik» gabe.

Errusiako auzia

Trumpek zeresana eman du merkataritza politiketatik haratago ere. Errusiak munduko herrialderik industrializatuenen taldera itzuli behar duela adierazi zuen presidenteak bezperan. Artean Etxe Zurian zegoela egin zuen proposamena, helikopteroan sartu aurretik: «Errusiaren amesgaizto okerrena naiz, baina, hau esanda, Errusiak bilera honetan egon beharko lukeela diot». Eta berehala jaso zituen erantzunak. Donald Tusk Europako Batzordeko presidenteak «nazioarteko ordena» aldatu nahi izatea egotzi zion.

Tuskek berak iragarri zuen «urteetako bilerarik zailena» izango zela, eta ez zen tentsioa falta izan. Trumpek, baina, espero baino lehen alde egin zuen goi bileratik, asteartean duen hitzordu historikoaren aitzakian: Kim Jong-un Ipar Koreako buruzagiarekin elkartuko baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.