Artzeren ondarea, bateratuta

Artistaren familiak Gipuzkoako Diputazioari eman dizkio dohaintzan haren dokumentuak. Mikel Laboa Katedrarekin batera, doktoretza bat egiteko beka bat antolatu du aldundiak

Karmen Esteban Artzeren alarguna, atzo, Koldo Mitxelena liburutegian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2019ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian bazeuden lehendik ere Joxan Artzeren lanik esanguratsuenak; zehazki, haren idatziak eta haren figurari buruzko azterlan kritikoak biltzen dituzten 70 argitalpen baino gehiago. Etzi beteko da urtebete Usurbilgo (Gipuzkoa) musikari eta poeta hil zenetik, eta, Artzeren beraren borondatez, haren familiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku utzi ditu orain artistaren funts dokumentalak. Dokumentu pertsonalek (argazkiak, ziurtagiriak, txartelak...), korrespondentziek, zenbait argitalpenen jatorrian egondako laneko paper eta dokumentuek nahiz lan poetikoarekin lotutako objektuek —esate baterako, Donostiako Aurrera tabernako ezpainzapietan idatzitako poema zatiak eta olerki idatziak dituzten egurrezko piezak— osatzen dute funtsa. Haren zati handi bat bi gairen inguruan ardazten da: alde batetik, euskal kultura tradizionala, eta, bestetik, metafisika, bere bizitzaren amaierako sorkuntza aroan garatutako interes espiritual sakonaren erakusle. Karmen Esteban alargunak iragarri duenez, Artzeren azken liburua argitaratzeko asmoa ere badute. «Niretzat oso berezia da lan hori. Berak egin du, noski, baina biok aritu ginen orriz orri komentatzen, bukaerara arte». Oraingoz, argitalpenak ez du eperik.

Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuaren esanetan, aldundiak funts osoak eskuratu izanari esker, Artzeren lana barreiatuta eta ezkutuan egotea saihestuko da. «Gure egin dugu euskal kulturaren ondare berdingabe bat eta aparteko dokumentu iturri bat, eta aukera ematen digu haren sorkuntza prozesuaren gaineko begirada pribilegiatu bat emateko eta gure iragan hurbila ezagutzeko eta memorian bizirik edukitzeko». Dohaintzan emateko gauzak biltzea kosta egin zaiola azaldu du Estebanek, gauzak gordetzeko zalea izan arren, bere erara gordetzen zituelako Artzek. Senarraren lan egiteko modua, berriz, «oso profesionala»zela kontatu du. «Lan asko egiten zuen. Intuizioa izaten zuen, eta intuizio horretatik ahalik eta gertuen zegoen euskara bilatzen zuen. Intuizioa planora pasatzea askoz zailagoa da». Idazten geldoa zela gaineratu du, orduak eta orduak ematen zituela horretan. «Baina zoriontsu zen. Noizean behin bakarrik kexatzen zen, oso nekatuta zegoelako, baina igual goizeko lauretan hasi zelako lanean, eta ez zelako akordatu ez gosaltzeaz, ez bazkaltzeaz. Gogorarazi egin behar izaten zitzaion bizitzak jarraitu egiten zuela».

Berezko balioaz gain, Artzeren funts bibliografikoak aparteko interesa ere baduela azaldu du Itxasok. Izan ere, Koldo Mitxelena Liburutegian gordeta dauden euskal kulturaren inguruko beste funts batzuen osagarri izango da, esate baterako, Xabier Leteren bildumarena. Duela gutxi katalogatu zuten hura, eta liburutegiko katalogoaren bidez dago eskuragarri. «Artzeren eta Leteren bildumak katalogatu izanari esker, orain, ikuspegi pribilegiatua dugu euskaraz ekoitzi zuten bi egile esanguratsuren sorkuntza prozesuez». Badira Artzerekin lotura duten funts gehiago ere, esate baterako Herri Irratiarena—ezinbestekoa izan zen disko ekoizpenaren eta kontzertuen aurkako zentsurari izkin egin eta Ez Dok Amairu zabaltzeko— eta Antonio Zabalarena —funts horretan dago bilduta XX. mendearen bigarren erdiko abangoardia horrek berraurkitu, aberastu eta berritu zuen ahozko tradizioa—.

Dokumentuez gain bestelako materialak dohaintzan emateko asmorik baduten galdetuta —adibidez, txalaparta edo haren makilak—, eragozpenik ez lukeela izango adierazi du Estebanek. «Nahiago dut besteek gozatzea, nik dagoeneko gozatu dut. Hasieran bai, baina dagoeneko ez nago objektuen mende, orain batez ere nire bihotzean dago». Hori entzundakoan, Koldo Mitxelena batez ere liburuei dagoela zuzenduta aipatu du Itxasok, baina esan du hor dagoela Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa, eta San Telmo museoak ere gordetzen dituela beste artista batzuen objektuak, adibidez, Mikel Laboarenak.

Bekaren deialdia, laster

Funtsa eskuratu izanari buruz egindako agerraldian, Joxan Artze ikerketa beka sortu dutela ere iragarri du Itxasok. EHUko Mikel Laboa Katedrarekin lankidetzan antolatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Poesiari eta literaturari buruzkoa izango da ikerketa,XX. mendeko euskal poeta eta idazleei buruzkoa, hain zuzen. Hautatutako pertsonak doktore izan aurreko kontratu bat izango du, urtebeterako, ondoz ondoko beste hiru urteetan berritu ahal izango dena, doktorego tesia EHUko sail edo institutu batean egin dezan. Foru Aldundiak, aurten, 22.000 euro ditu helburu horretarako, eta beste horrenbeste datozen hiru urteetarako. «Pentsatzen dugu udaberria baino lehen jarriko dela abian prozesu guztia», azaldu du Pio Perez EHUko Mikel Laboa Katedrako ordezkariak.

Proposamenak ebaluatzeko orduan, alderdi hauek balioetsiko direla azaldu dute: proiektuaren eta metodologiaren helburua eta interesa, ikasketa espedientea, azterketa egiterakoan foru aldundiaren ondarea erabiltzea eta aintzat hartzea, eta euskaraz egitea.

Era berean, aldundiak jakinarazi du datorren astearte arratsaldean omenaldia egingo diotela Artzeri, aldundiaren egoitzan bertan. Eta ekitaldi hori ere baliatuko dute haren familiari dohaintzagatik eskerrak emateko. Artistaren heriotzaren urteurrenaren harira, bestelako zenbait ekitaldi ere antolatu dituzte. Gaur bertan, Bilbon, Izar & Star egitasmoaren barruan, Akauzazte, Amorante, Bas(h)an eta Ibon RG musikariek 20 minutuko emanaldi bana egingo dute artista oroitzeko. Hilaren 26an, berriz, Donostiako Dabadaba aretoan ariko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.