Saltsa nork jarri

Realak eta Athleticek derbia jokatuko dute gaur arratsaldean, Anoetan. Nahikari ez da sartu txuri-urdinen deialdian, eta, zuri-gorrien artean, Erika, Lucia eta Yulema ez dira ariko

ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Futbolaren saltsa dira golak: kirol horren gatza eta piperra. Partida guztietan dira erabakigarriak.Bada, gaur Anoetan jokatuko den Realaren eta Athleticen arteko derbian, osagai hori jartzeko ardura duten futbolari garrantzitsuetako batzuk faltako dira. Izan ere, Realean, ez dago argi Nahikari Garcia taldeko golegile nagusiak jokatuko duen; zuri-gorrietan, hutsunea are handiagoa izango da, ia aurreko lerro osoa faltako baitzaie: Erika Vazquez, Lucia Garcia eta Yulema Corres. Min hartuta daude hirurak.

Bi entrenatzaileek, beraz, are buelta gehiago eman beharko dizkiete hamaikakoei, eta erabakiak ondo hartu, lehiatua espero den derbia desoreka dezaketen jokalariekin asmatuz. Izan ere, oso modu desberdinean hasi dute sasoia bi taldeek. Reala partidarik galdu gabe dago: bi partida irabazi ditu, eta beste hainbeste berdindu. Bestelakoa izan da Athleticen hasiera. Partida bakarra irabazi du, eta hiru galdu. Kosta egiten ari zaio Angel Villacamparen aroari abiatzen.

Dena den, txuri-urdinak ez dira batere fio. Aurreko sasoian ere neurketarik galdu gabe ailegatu ziren derbira, baina, orduan ere, bosgarren jardunaldian 2-1 galdu zuten Lezaman. Nahikari oraindik ez da osatu, eta ez dago deialdian. Halaber, ikusteko dago nork zaintzen duen Realaren atea. Maraiasun Quiñones osatu berria da, denboraldiaren aurretik min hartuta egon eta gero. Beraz, Arkonadak erabaki beharko du hura jarri edo Adriana Nanclaresen alde egin. Atezain gazteak lan oso ona egin du orain arte. Gainera, Ane Etxezarreta eta Ana Tejada min hartuta daude, eta ezingo dute jokatu.

Arkonadak honela aztertu du gaurko derbia: «Erritmo eta intentsitate handiko partida izango da, eta garrantzitsua izango da baloiarekin akats nabarmenik ez egitea». Hirugarrenez jokatuko da derbia Anoetan,eta taldea «lasai eta konfiantzaz» ikusten du. «Naturaltasunez helduko diogu derbiari, eta irabaz dezakegulako ziurtasunarekin». Nahikari jokatuko duen galduta, Realeko entrenatzaileak argi du. «Jokatzeko moduan ez badago, ez dugu arriskatuko».

Bi asteko etenaldian, min hartutako jokalarien artean Nekane baino ezin izan du berreskuratu Athleticek. «Faltako zaizkigun jokalariak kontuan hartuta, Damaris eta Maite Oroz bezalako jokalariek aurrerapauso bat eman behar dute. Haien momentua da ardurak hartzeko», uste du Angel Villacampa entrenatzaileak.

Bolada txarra etetea ezinbestekoa ikusten du. «Derbia irabazten badugu, indartuta aterako gara. Partidarik aproposena da egoera iraultzeko. Izan ere, garaipen batek egiten ari garen horretan sinesten lagunduko digu».Gol bat jasoz geroburua ez jaisteko beharra nabarmendu du. «Horretan jarri dugu arreta azken bi asteetan, kosta egin izan baitzaigu». Lehiarako ez du faboritorik ikusten. «Sailkapenak eta boladek ez dute eraginik derbietan».

REALA-ATHLETIC

Reala. Nanclares; Iraia, Maddi Torre, Lucia, Nuria Mendoza; Itxaso, Leire Baños; Cardona, Barbara Latorre, Nerea Eizagirre eta Kiana.

Athletic. De la Nava; Eunate, Gimbert, Oihane, Ainhoa Vicente; Valdezate, Unzue; Damaris, Maite Oroz, Nekane eta Leia.

Epailea. Ainara Andrea Acebedo.

Lekua. Anoeta (39.500 ikusle). Ordua. 16:00.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.