Martin Lasarte Arrospide. Realeko entrenatzaile ohia

«Jokalariei esan nien igotzea ez zela nahikoa, txapeldun izan behar genuela»

Realarekin Lehen Mailara igo izana atseginez oroitu du Martin Lasartek. Prestatzaileak talde «bikaina» aurkitu zuen Donostian, eta balio handia eman dio jokalariek orduan izaniko jarrerari: «Taldearen helburua zegoen ororen gainetik».

KHALED ELFIQI / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Gaurkoa bezalako egun batez, duela hamar urte, festa izugarri batek hartu zituen Donostia eta Gipuzkoa. Hiru denboraldiz Espainiako Bigarren Mailan aritu ondoren, Reala gorengo mailara itzuli zen. Talde haren entrenatzailea zen Martin Lasarte Arrospide (Montevideo, Uruguai, 1961), eta ondo gogoan ditu orduko bizipenak: «Goian izan ginen sasoi osoan». Uruguaiko bere etxetik erantzun ditu galderak, telefonoz.

Hamar urte igaro dira igoera lortu zenutenetik. Azkar igarotzen da denbora.

Bai, aurrekoan aipatu zenidanean ohartu nintzen. Noski, denbora aurrera doa, baina hamargarren urteurrena oso data esanguratsua da. Hor geratu zen lortutakoa; garrantzitsua izan zen, bereziki kluba zegoen egoerarengatik. Halakoak, unearen arabera dira garrantzitsuak; une garratza zen, eta, zorionez, lortzeko aukera izan genuen. Gainera, klubaren mendeurrenaren urtean izan zen; horrek poz bikoitza ematen du.

Talde hartako jokalari askok esan dute Realean bizi izandako unerik onenak izan zirela. Garai berezia izan zen, ezta?

Egia da, nik ere irakurri izan diet. Niri iruditzen zait, hori ikusteko toki pribilegiatuan egon nintzen aldetik, giro oso ezkorra zegoela aurrez, pesimista. Dirurik ez zegoen, kluba hartzekodunen konkurtsoan zegoen, eta jokalarien ehuneko handi bat etxekoa zen. Horrek kide izatearen sentipena handitu zuen, eta taldeak, gainera, maila ona mantendu zuen sasoi osoan. Hasieran hartu genuen lidergoa, eta ia une oro heldu genion. Hori ez da erraza. Jokalariei esan nien igotzea ez zela nahikoa, txapeldun izanda igo behar genuela. Niretzat ez da gauza bera, eta taldeak bere egin zuen hori. Laguntasun giroa sortu genuen, lanekoa eta positiboa. Hori jendeari helarazi genion, eta nabari zen kalean.

Jendea kutsatu zenuten giro baikor hartaz?

Gogoan dut Salamancan [Espainia] jokatu genuen partida bat. Zale pila bat joan ziren hara. Baita Cadizera ere: jokatzera atera, eta han ikusi genuen harmaila oso bat gure jendez beteta, non eta [Espainiako] beste muturrean. Iruditzen zait lortu genuela batasun hori, eta jokalarien egitekoak zerikusi handia izan zuen horretan.

Celtaren aurkakoan igo zineten, baina aurreko astean Cadizen Realak 1-3 irabazi zuen partida izan zen gakoa?

Bai, baina nik bi partida izan ohi ditut gogoan. Bata, jende askok oroitzen ez duena, Sorian jokatu genuen, Numantziaren aurka. Taldea abiadura hartzeko zegoen ordurako, sentipen gazi-gozoak utzita.

Sasoi hasieran izan zen, urrian.

Hala da. Han 0-3 irabazi genuen, eta taldea izugarri ondo aritu zen. Begira, nik ez dut gogoratzen egun hartan Claudio Bravo edo Diego Rivas aritu zen, baina haietako bat aritu ez balitz, etxekoek jokatuko zuten, eta bertakoak izango ziren denak. Partida hura mugarri bat izan zen, taldea bere gaitasunaz ohartu baitzen. Cadizkoa izan zen bestea. Ia lotua genuen igoera, baina ez genuen ebazten. Beste garaipen bat behar genuen. Cadizek ere bizia zuen jokoan —egun hartan galdu zuen maila—, eta taldeak nagusitasun handia erakutsi zuen. Heldutasunez aritu ziren.

Oro har, multzo gaztea zen. Nolako taldea zen?

Bikaina. Autogestio gaitasun handia zuten. Kapitainek, Mikel Aranburuk, Mikel Labakak etaXabi Prietok talde kontzientzia handia zuten, eta herriarekiko atxikimendua. Etxekoak eta kanpotik zetozenak biltzen zituzten, haiek ere etxeko sentitzeraino. Hori garrantzitsua da. Gero, jende gaztea genuen, eta beste batzuk, horren gazteak ez izanagatik, esperientzia handirik gabeak. Alberto De la Bella zen bat; zenbait taldetan aritua eta inon lur hartu gabea zen. David Zurutuza zen beste bat; iritsi nintzenean, klubak utzi egin nahi zion beste bati. Nik ikusi nuen Real Madrilen aurkako mendeurreneko partidan, eta esan nuen ezetz, geratu egin behar zuela. Ondo atera zen.

Talde orekatua zen.

Gauza garrantzitsu bat genuen: taldearen helburua. Hori ez da beti gertatzen. Gurean, taldearen helburua beti egon zen norberarenaren gainetik. Ni egondako talde batzuetan, sarri, jokalariek bere helburuak aurretik jartzen zituzten, berekoikeria apur batekin. Hemen ez; ez dut gogoan inoiz inork halakorik egin zuenik, eta hori berebizikoa da.

Jokalariekin hartu-emanik ba al duzu?

Apur bat. Egia esan, erretiratzen direnean-eta. Orain gutxi Xabi Prietori idatzi nion, hari buruz irakurri nuela eta. Erantzun zidan eta hizketan aritu ginen. Antoinek [Griezmannek] tarteka idazten dit. Claudio Bravorekin aspaldi da hitz egin ez dudala; Txilen lanean egon nintzenean, haren ezkontzara joan nintzen.Beste batzuk hor daude: [Jon] Ansotegi, Labaka, Aranburu... Erretiroa hartu ahala egin diet kasu, edo nonbait lanean ari direla jakiten dudanean. Agurtzeko eta babesa helarazteko egiten dut.

Zurekin lehertu zen Griezmann, eta Bravo ere urrun iritsi da. Kalitatea bazen, ezta?

Gertatzen dena da hori garai hartako neurrian irakurri behar dela, ez oraingoan. Griezmann bigarren taldean ere jokatzen ez zuen mutil koskor bat zen, jubenil mailakoa. Zalantza asko egon ziren. Nik gogoan dut abenduan taldearen argazki ofiziala egitekoak ginela, eta batzuk esaten zutela Antoinek ez zuela han agertu behar. Nik esaten nuen: «Nola ez duela azaldu behar? Titularra da, igoerako izarra izango da, eta ez duela posterrean egon behar?». Bazeuden gauza batzuk ulertzen ez nituenak, agian, beste nonbaitetik nentorrelako. Baina Antoinerekin zalantza asko zeuden.

Zer zigilu ezarri nahi izan zenion taldeari?

Asmoa zen aurrekotik gauzak askorik ez aldatzea, eta jokalariek bere egingo zituzten hiru edo lau oinarri ezartzea. Jokalariak ideia horiekin ados egotea nahi nuen. Oinarriak ziren talde trinkoa bezain dinamikoa izatea, etxean puntuak pilatzea —oso garrantzitsua—eta kanpoan ahalik eta gehien eskuratzea. Gero, erasoan dinamita genuen: Griezmann, Zurutuza, Aranburu, Xabi Prieto, eta aurrean Carlos Bueno eta Imanol Agirretxe.

Zurutuza da talde hartan segitzen duen bakarra, nahiz etaAsier Illarramendik ere zurekin egin zuen debuta.

Bai. Lehen esan dizudana: utzi nahi zuten, baina gurekin geratu zen. Behin, Uruguaiko lagun bat partida bat ikustera joan zen, eta esan zidan: «Hori duk jokatzea, ilegorriak!». Lesio batzuk izan ditu, baina denbora luzean oso garrantzitsua izan da Realean.

Ansotegi eta Labaka, berriz, egungo teknikari taldean daude. Gaia ikusten zenien?

Oso serioak izan ziren beti, profesional bikainak. Hori bada lehengai bat. Mikeli [Labaka] galdetu beharko nioke, baina uste dut behinola aipatu niola gaia bazuela. Begira, Espainiako Ligan aukera bat izan nuenean, liga ezagutzen duen baten inguruan pentsatzen, berekin oroitu nintzen. Ez dakit esan nion, baina pentsatu nuen. Ansotegirena ezberdina zen. Apur bat gazteagoa zen, oso profesionala. Pentsakorra zen. Bi horiek, Mikel Gonzalez, Aranburu eta Rivas oso egokiak ziren kanpotik aginduak eman eta zelaikoei helarazteko.

Orain nola ikusten duzu Reala?

Oso ondo, beste klub bat da. Denbora doa horrela. Orain hamar urte hartzekodunen konkurtsoan zegoen, jokalariak ekartzeko lanekin, Bigarren Mailan. Egun, goiko postuetan, badu dirua jokalari onak ekartzeko, eta estadioa eraberritu du. Bazen oihu ezagun bat: «Aperri [Jokin Aperribai, presidentea], kendu itzazu pistak!». Ekonomiaren maila guztietan gauzak asko aldatu dira, eta Reala mantendu da haztegiari tira eginez, ondo salduta eta jokalariei ondo eutsita. Azken urteetan Europara begira ari da; horrek hazkundea erakusten du. Agian, orain zailago dago, baina Reala txapeldun izana da, eta badaki zer den hori. Gauzek denbora behar dute.

Jendeak ondo gogoan du igoerako egunean esan zenuena: «Ez zaitezte banandu».

Nire ama euskaldunen biloba zen, eta aita, Andoaingoa: han familia dut oraindik, eta beti sentitu izan dut neure, beste hizkera bat izan eta kanpotik heldu banintz ere. Gauzak batzuk ikusita, ez nuen ulertzen nola bertako batzuek ez zuten deus egiten haiek hobetzeko. Hasierako egoera eskasa, galtzailea, indar oso positibo bilakatu zen, irabazlea. Igoeraren egunean 10.000 lagun zeuden estadio kanpoan: batasun horren indarra behar da, nahiz gauza batzuk gustatu ez. Basoa ikusi behar da, ez zuhaitza. Esaldia barrutik atera zitzaidan, ez zegoen prestatua. Jendeak atseginez oroitzen du, eta pozten egin nau horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.