Oinak egoki ibili behar

Zauria handitu baino lehen, Realak Bartzelona liderrari irabazi beharra dauka gaur, Anoetan. Maialen Lujanbiok egingo du ohorezko sakea
Adnan Januzaj, Gironaren aurkako partidan. Gaur hasieratik joka dezake.
Adnan Januzaj, Gironaren aurkako partidan. Gaur hasieratik joka dezake. ROBIN TOWNSEND / EFE

Jon Eskudero -

2018ko urtarrilak 14
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalisten ordezkari gisa, Maialen Lujanbio txapeldunak egingo du ohorezko sakea gaur, Anoetan, Realaren eta Bartzelonaren arteko partidaren atarian. «Eskertzekoa da Realak begirada bertsolaritzan ipini izana. Realean hainbat bertsozale dago, eta pozik gaude errekonozimenduagatik. Futbolak badu erantzukizun soziala, eta horren parte kokatzen dut omenaldia», adierazi du asteon Lujanbiok berak. Ezbairik gabe, ondo merezita jantzi zioten txapela abenduaren 17an, eta egun hartan erakutsi zuen inspirazioaren parekoa beharko du gutxienez gaur Realak Bartzelona mendean hartzeko. Sasoi honetan partidarik galdu gabe dago oraindik Ernesto Valverderen taldea, eta txuri-urdinek azkenaldiko krisia gainditu nahi dute, ezustea emanda.

Reala ez dago garai kritiko batean, sailkapena oraindik ez baitzaio hasi estutzen, baina hiru puntuen arnasa beharrezkoa du Eusebio Sacristanen taldeak. Estatistikek ezer gutxirako balio dutela aipatu ohi dute entrenatzaileek, baina azken urteetako joerari eustea ez litzateke seinale txarra izango. Izan ere, Reala Lehen Mailara itzuli zenetik, 2010etik, Bartzelona Anoetan irabazi ezinda dago, ligan. Zazpi partida jokatuta, bost garaipen eta bi berdinketa lortu dituzte txuri-urdinek. Hots, Anoeta da estadio bakarra kataluniarrek azken zazpi sasoietan ligan garaipenik lortu ez dutena.

Estatistika gehiago ere jokoan egongo dira gaurko partidan. Realeko zaleak harro sentiarazten dituen errekor bat badago ligako historia lerroetan idatzia. Izan ere, Alberto Ormaetxearen gidaritzapean, duela ia lau hamarkada, 38 neurketa galdu gabe egin zituen Realak: 1978-1979ko sasoiko sei partida eta 1979-1980ko 32. Errekor hori hausteko hamahiru lehia falta zaizkio Bartzelonari. Sasoi honetan hemezortzi daramatza galdu gabe, eta iragan denboraldiko zazpiak gehituz gero, 25 dira guztira. Valverderen taldea erakusten ari den distira ikusita, marka hori arriskuan egon daiteke, baina Realak bere esku izango du halakorik ez gertatzea.

Halere, iraganari begiratu baino, gaurkotasunean zentratzea nahiago du Eusebiok, zauria handitzeak ondorioa izan baitezake. Emaitza edozein dela ere, inork ez du jartzen kolokan haren kargua, baina, jokalarien konfiantzari eusteko, irabaztea premiazkoa du Realak. Horretarako, Bartzelonari aurrez aurre jokatzea izango du helburu entrenatzaileak. Ohiko joko sistemari eutsiko dio, bestelako alternatibarik gabe.

Januzaj bai, Iñigo ez

Hasierako hamaikakoari dagokionez, aldaketa gutxi egingo ditu Realak. Iñigo Martinez min hartuta dago, eta, okerrik ezean, Raul Navas eta Diego Llorente ariko dira defentsaren erdian. Kevin itzuliko da ezker hegalera. Zelai erdirako ez du berritasunik ezarriko Eusebiok, eta erasoan Januzaj izango da aldaketa bakarra. Imanol Agirretxek minutu batzuk jokatuko du agian, aulkian egongo baita.

REALA-BARTZELONA

Reala. Rulli; Odriozola, Raul Navas, Diebo Llorente, Kevin; Illarramendi, Zurutuza, Xabi Prieto; Januzaj, Willian Jose eta Oiartzabal.

Bartzelona. Ter Stegen; Sergi Roberto, Pique, Vermaelen, Jordi Alba; Busquets, Rakitic, Paulinho; Iniesta, Messi eta Luis Suarez.

Epailea. Gonzalez Gonzalez.

Lekua. Anoeta (25.000 ikusle).

Ordua. 20:45ean (Movistar Partidazo).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna