Lan erdietan, azterketa

Alavesek bide onera itzuli nahi du ligan, gaur Sevillari Mendizorrotzan irabazita. Pachecok ehungarren partida izango du arabarrekin
Pina, Maripan, Pacheco eta Munir, epaileari protesta egiten, Athleticen aurkako derbian.
Pina, Maripan, Pacheco eta Munir, epaileari protesta egiten, Athleticen aurkako derbian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko urtarrilak 14
Errusiar mendi baten tankera izan du ligako lehen itzuliak Alavesentzat. Ezinean aritu zen Luis Zubeldiarekin, hobekuntza iragankorra izan zuen Gianni De Biasirekin, eta orain suspertu egin du Abelardo Fernandezek. Gorabehera gehiegi gauza onerako. Bederen, oraindik bizirik dago salbazioaren lehian; ez da gutxi, sasoia nola hasi zuen ikusita. Bada, arabarrak lan erdietara jaisteko postuetatik kanpo iristen saiatuko dira, Sevilla mendean hartuta. Iragan jardunaldian San Mamesen itxura oso eskasa eman zuten; beraz, azterketa dute gaur.

Arabako taldeak Abelardoren aroko partidarik eskasena jokatu zuen Athleticen kontra. Atzean erraztasun handiegiak eman zituen, eta erasoan kamuts ibili zen, kontrako areara iritsi ezinik. Eten egin zen azken asteetako dinamika baikorra, eta gaur ikusiko da estropezu soil bat edo zerbait gehiago izan zen. Sevilla ez da onbidera itzultzeko aurkaririk aproposena; haatik, zaurituta iritsiko da Mendizorrotzara. Lau jardunaldi daramatza irabazi gabe, eta azken jardunaldian Betisek 3-5 irabazi zion derbian. Zaleen haserrea hauspotu du porrot horrek.

Edonola ere, Abelardo ez da aurkariaz fio. Alaveseko entrenatzailearen esanetan, Sevillak kalitate handiko taldea dauka «zelai erditik aurrera, jokalari oso tekniko eta bertikalekin». Hala, hiru puntuak eskuratzeko «oso egun ona» izan beharko du Gasteizko taldeak, eta «txarra», berriz, espainiarrek. Abelardoren ustez, funtsezkoa izango da aurkariari behar bezala estutzea: «Baloiarekin deseroso egon daitezen saiatu behar dugu». Hori bai, defentsako eginbeharrak ondo egiteaz gain, erasoan gauzak proposatzeko eskatuko die jokalariei; bestela, «logikoa» izango ei da esku hutsik gelditzea.

Bi aldaketa, gutxienez

Prestatzaile espainiarrak ezingo du zelairatu azken lau partidetan erabilitako hamaikakoa, Alexis eta Burgui faltan izango baititu. Zigortuta dago atzelaria, eta min hartuta, berriz, erdilaria. Defentsan Ely ariko da Maripan, Martin eta Duarterekin batera. Laguardia ere jokatzeko prest dago, baina erritmoa hartu beharra dauka oraindik, lesio luze batetik irten berria baita. Aurrean, bestalde, Guidettik lagun diezaioke Munirri. Demirovic da beste aukera. Bosniarrak lehia oso txukunak osatu berri ditu Espainiako Kopan, eta gaur ligan estreinakoz aritzeko abagunea izan dezake.

Atezain lanetan, ohi bezala, Pacheco arituko da. Hala, ehungarrenez zainduko du arabarren atea. 2015ean iritsi zen Alavesera, eta, geroztik, taldeko erreferenteetako bat bihurtu da.

ALAVES-SEVILLA

Alaves. Pacheco; Martin, Ely, Maripan, Duarte; Manu Garcia, Pina; Ibai, Pedraza, Guidetti; eta Munir.

Sevilla. Sergio Rico; Corchia, Mercado, Lenglet, Escudero; N'Zonzi, Pizarro; Jesus Navas, Banega, Nolito; eta Ben Yedder.

Epailea. Sanchez Martinez.

Lekua. Mendizorrotza (19.800 ikusle).

Ordua. 16:15ean (BeIN La Liga).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna