IRLEN SAREA

Afinitatea

gorka julio
2019ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Google maps berrituaren azpian agertuko zitzaizuen ikono koloredun bat da. Jatetxe bat bilatzen hasi, eta bere ondoan ehuneko bat duen ikono berri horrek bilatzen ari zaren jatetxearen eta zure gustuen arteko bateragarritasuna neurtzen du.

Zuk emandako datuetan oinarritzen da, bisitatutako lekuak eta Googleren ezarpenetan definitu dituzun gustuak. Horrela, jatetxeak bilatzen ari zarela, ustez gutxi asmatzen du oraindik ehuneko altu batean gustuko dituzunak hobetsiko ditu makinak.

Funtzionamendua hobetzeko, noizean behin Googlek jatetxe batzuk gustuko dituzun edo ez galdetuko dizu. Kritikak edo iritziak jaso nahi dituenez, egon zaren tokiei buruz ere galdetuko dizu, bertatik pasatu, sartu edo ateratzen ari zarenean. Batzuen ustetan, horrek leku berriak topatzeko aukera eman diezaguke, baina orain arte algoritmo hauek lortu izan dutena burbuila efektua da.

Gainera, itxiak dira, ez dakigu oso ondo nola funtzionatzen duten. Bigarrenik, enpresa handi batek zer gustatu edo ez erabakitzeko ahalmen handia dauka, bere interesen arabera eta ez gureetara soilik. Hirugarrenik, deskubrimendu irekiak mugatu baino baldintzatzen du.

Esperientzia ziurrak eta arriskurik gabeak behar ditugu. Hobe esanda, aukeratzeko ilusioa ematen duten, arrisku neurtuak dituzten esperientziak, aspergarriegia litzateke bestela eta lekuekin bezala, pertsonekin ere egin dugu bide hau. Tinder eta antzerako aplikazioek horixe bera proposatzen dute pertsonekin. Zertarako aukeratzen eta sozializatzen ibili, algoritmo batek aukera badiezaguke bikote ideala?

Baina aldrebesak gara gizakiak, eta aplikazio hauek oraindik jaso ezin dituzten milaka parametro daude. Aipatu logika batzuk alboratuz gero, lagungarri zaizkigulako daude hor. Teknofobia nostalgiko batean erortzea litzateke, erabili behar ez ditugula esatea, erabili behar ez gaituztela esatea iraultzailea den bezala. Goazen ba berriak ere sortzera.

Gauza berriak benetan aurkitzeko prest bazaude, zure herrian inoiz joan ez zaren auzo baztertu bateko tabernak ezagutu, herrira etorri berriak diren lagun berriak ezagutzeko bazkariak antolatu, edota harreman afektiboetan jende berriari ateak ireki, bikotetik harago. Hau algoritmo gabe ere egin liteke, baina aplikaziorik sortu behar bada, egingo dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.