Batek eutsi, besteak etsi

Elezkano II.a-Rezustak laugarren norgehiagoka irabazi dute jarraian, eta Olaizola II.a-Imazek Urrutikoetxearen garaipen bolada eten dute
Danel Elezkano, errematatzear, atzo, Labriten.
Danel Elezkano, errematatzear, atzo, Labriten. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Julen Etxeberria -

2018ko urtarrilak 14
Bi bikote ziren bolada bikainean Binakako Txapelketako ligaxkan. Bata, Mikel Urrutikoetxearena, Andoni Aretxabaleta eta Ibai Zabala atzean izanda, bost partida zeramatzalako jarraian irabazita. Bestea, berriz, Danel Elezkanok eta Beñat Rezustak osatutakoa zen, lau garaipen kateatuak zituztelako. Bolada bikain horiei segida ematea zen erronka bigarren itzuliko aurreneko jardunaldian. Bada, jokatu da jardunaldia, eta Aspekoak bakarrik eusten dio boladari. Asegarcekoak, berriz, etsi egin behar izan zuen.

Irabazle izan ziren Elezkano II.a-Rezusta Labriten, baina lasai-lasai izan zitezkeen galtzaile ere. Izan ere, tanto bakar batengatik nagusitu zitzaizkien Joseba Ezkurdiari eta Jose Javier Zabaletari. Emaitzak ezin hobeto islatzen du kantxan gertatutakoa, izugarrizko parekotasuna izan baitzen. Garaipenari esker, lider dira orain Elezkano II.a-Rezusta, sei garaipenekin. Hirurekin dira Ezkurdia-Zabaleta, seigarren postuan.

Olaizola II.aren erakustaldia

Bilbon, berriz, Aimar Olaizolak eta Ander Imazek eten egin zuten Urrutikoetxeak zeraman bolada bikaina. Nagusitasunez egin zuten, gainera, Zaratamoko aurrelariari eta Ibai Zabalari aukera txikiena utzi gabe, batez ere partidako bigarren zatian. Aurrenekoan nor baino nor aritu ziren bi bikoteak (8-8), baina Olaizola II.a egurrean hasi zen, eta konturatu orduko bideratua zuten garaipena (18-9). Ikusgarri aritu zen berriro Goizuetakoa: hamahiru tanto egin zituen. Atzean, berriz, oso fin aritu zen Imaz, eta berriro sasoiko dagoela erakutsi zuen. Urrutikoetxea, ordea, ohi baino okerrago aritu zen: zazpi tanto egin zituen, eta sei huts. Ibai Zabalak ere ezin izan zion asko lagundu. Olaizola II.a-Imazek bost garaipen dituzke, Urrutikoetxeak-Ladis Galarzak adina.

Gaur amaituko da jardunaldia. Altuna III.a-Martijak eta Laso-Albisuk elkarren aurka jokatuko dute Astelenan. Muturretan dira bi bikoteak. Aspekoa bikain ari da: zazpi partidetatik bost irabazi ditu eta bi galdu. Kontrako jarduna egin du Asegarcekoak: bi irabazi ditu eta bost galdu. Hala, bikoteak «bultzada bat» izan dezan enpresak Unai Laso jarri du Victor Estebanen ordez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Julen Etxeberria

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna