Jaiak Gasteizen

Aitzakiarik ez festarako

Blusa eta neska beteranoek eskarmentuzko erreleboa eman diete Andre Maria Zuriaren jaiei. Gorputzak ahalbidetzen duen artean, adina eta jaia bateragarriak direla erakutsi dute, beste urte batez. Umorez gainezka eta giro ezin hobean igaro dute jaien azken-aurreko eguna. Gaur gauean agurtuko dute Zeledon.

Urtero legez, talde argazkia atera dute beteranoek Plaza Berrira joan aurretik, San Migelgo eskaileretan. J. FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2019ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Festarako ez dago aitzakiarik. Dena da posible, indarra, kemena eta, batez ere, gogoa dagoen bitartean. Oso ongi dakite hori Gasteizko blusa eta neska beteranoek. Eskarmentua dute jaietan, eta ederki baliatzen dute hori urtero: gorputzak kale egiten ez duen bitartean, ospakizunetan gozatzeko daude. Andre Maria Zuriaren festetako euren egun handia izan dute beteranoek, eta txiki eta gazte guztiei merezimendu handiko erreleboa eman diete.

Azken hamarkadetako ohiturari jarraituz, jana, edana eta dantza izan dira ospakizunaren osagai nagusiak. Goizean goizetik ekin diote urteroko gidoiari: San Migel elizan meza entzun ostean, pastak eta ardo gozoa izan dituzte zain eguna indartsu hasteko. Zerbitzari lanetan dabil Jose Luis Calleja, esaterako, elizaren atariko aterpean jarritako bi mahaien artean. «Jatekoa eta edatekoa goizean goizetik; ezin hobeto gaude! Zoragarri!».

Aurten ere, dozenaka lagun kuadrilla bakarrean elkartu dira eguna ospatzeko. Beteranoak dira, bai, baina ez ezinduak: makuluekin, gurpil aulkian, edo motorra duen ibilgailu txikian. Denak balio du egun berezian etxetik atera eta kaleko giroaz gozatzeko. «Ongi pasatzeko eguna da; gure aukera eta gaitasunen arabera, betiere», esan du Callejak, algara artean. «Adinak muga batzuk jartzen dizkigu, baina animoan inork ez digu irabaziko!».

Modu berean mintzo da Esther Ortiz de Zarate ere: «Gorputzak baimentzen digun artean, urteroko gisan jarraitu beharra dago!». Ez du apenas tarterik izan ahoa ardoarekin bustitzeko ere. Elizatik atera eta lore sorta Andre Maria Zuriaren irudiari eskaintzeko ardura izan baitu aurten. Hunkituta, baina irribarrea ahotik kendu gabe hitz egin du: «Oso une berezia izan da; ohore handia da niretzat. Beteranoa izanik, poz handia ematen dit aurtengo ardura niri egokitzea». Berezia da urtea, halaber, Ofelia Gonzalez de Aspururentzat. Hamargarren urtez dantzatu baitio aurreskua Andre Maria Zuriari. Hamarkada bat eman du dantzan, baina ez du erreleborik emateko asmorik oraingoz: «Ahal dugun arte jarraituko dugu, noski; gustu handiz, gainera!».

Guztien artean bada lehen aldia duenik ere. Beteranoen blusa aurreneko aldiz jantzi du aurten Leopoldo Santillanek, esaterako. Orain arte inoiz ez du parte hartu adinekoen kuadrillan. Haren emazteak bai, ordea. Hari egotzi dio, hain zuzen, beteranoen ospakizunetan parte hartu izana: «Emaztea urtero atera da, eta berak konbentzitu nau. Aurten lortu du», nabarmendu du Santillanek, buruarekin keinu eginda. Azaldu duenez, ez daki oso ongi zein den eguneko plana, baina ez dabil oso urruti, hala ere: «Pentsatzen dut urterokoa egingo dugula: jan, edan eta dantza egin».

Dantzan eta jai giroan abiatu dira Plaza Berrira jarraian, nola bestela. Udal Txistulari bandaren dianak zain zituzten ordurako bertan. Kalejira abiatu dute bertatik beteranoek: Artepan okindegira lehendabizi, txoripana eskaini baitiete bertan, eta Ahateen iturrira ondoren, bazkalaurreko azken mokadutxoa egitera. «Asko du jatekotik egunak, egia esan», adierazi du Gonzalez de Aspuruk, barrezka.

Dantzaren erritmora

Hainbeste jan eta edanaren artean, bada deskantsurako tarterik, hala ere. Eta horretarako zer hobea gorputza mugitzea baino. Dantzarako aukera ugari izan dituzte blusa eta neska beteranoek gaur ere. Eguerdian, esaterako, sokadantza egin dute Santa Maria plazan, txistularien laguntzarekin. Beteranoen kuadrillako gehienak jan-edanean ari ziren bitartean, «ihes» egin du Gonzalez de Aspuruk; horretan parte hartu ahal izateko, hain zuzen.

Eguerdi alderako eguzkiak gogor jotzen du Gasteizen. Itzalak garesti izaten dira ordu horretan hirian, baina beteranoek ez diote eguraldiari ardura handirik. Izan ere, dozena bat bikote inguru bildu dira Probintzia plazan, Nekazariak kuadrillak antolatutako Meneito dantzaldian parte hartzeko asmoz. Javier Lopezek eta Dori Robledok ez diote urteroko zitari muzin egin, adibidez. Aurten ere, elkarri estu helduta aritu dira txarangaren doinuekin dantzan. Izerditan blai ziren biak hasi bezain laster. Beroa, ordea, ez da aitzakia oraingo honetan ere: «Gaur baino bero handiagoa egin izan du beste urte batzuetan», esan du Robledok.

Ez dute txapelketa irabazi, baina gutxienekoa da hori bikotearentzat. Lopezek nabarmendu du garrantzitsuena parte hartzea dela haientzat. Izan ere, gustuko dute dantza, eta ez da eguneko ekitaldi bakarra izango haientzat: Florida parkeko dantzaldian ere izango baitira iluntzean. «Disfrutatzeko eguna da guretzat», adierazi du Lopezek. «Izan dezagun urte askoan gozatzeko aukera!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.