Largabista doituta

Zein bere aldartean zegoela eten zitzaien liga euskal taldeei, eta halatsu ekingo diote berriz datorren asteburuan. Realak Txapeldunen Ligarako sailkatu nahi du, eta Athleticek, Europa ligarako. Osasunak eta Alavesek patxadaz amaitu nahi dute sasoia. Eibarrek, berriz, mailari eustea du azken 11 partidetarako helburu bakarra.

Futbolari begira jarriko dira berriz zaleak. BERRIA.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Bost talde, bost helburu eta 11 neurketa. Espainiako Ligan ari diren euskal taldeek datorren astean helduko diote berriz txapelketari, bakoitzak asmo jakin bat jomugan duela.

Orain aste batzuk urrun ikusten zutena, zelaietara itzultzea, gertu dute orain, eta lehiarako egokitzen iragan dituzte azken asteak. Sailkapenak etenaren aurreko zenbaki berak izan arren, unea ez da orduko bera. Ikusteko dago nola dauden taldeak hiru hilabeteren ostean, eta zer eragin izango duen partidak pilatzeak. Futbola urrun ikusten zenean largabista ondoen doitu zuenak asmatuko du.

REALA
Parean direnei hordagoka


Gelditu zen moduan hasi nahi du Realak: irabaziz. Zer jokatu, huraxe bere egiten zuten txuri-urdinek, eta parekoari hordagoak joz segitu nahi du aurrerantzean ere. Txapelketen etenaldiak bilakaera izugarri ona moztu zien Imanol Alguacilen jokalariei. Astebete lehenago, Espainiako Kopako finalerako sailkatu ziren, ondo ari ziren ligan, eta ordukora itzuli nahi dute azken 11 partidatan.

Txapeldunen Ligarako sailkatu nahi du Realak. Horretarako eskubidea ematen duen postu batetik ekingo dio lehiari, laugarrena baita, baina ez du lantegi erraza izango. Getafe bosgarren sailkatuak donostiarrek adina puntu ditu, eta bat gutxiago du Atletico Madril indartsuak. Haatik, txuri-urdinek nahiago dute aurrera begira aritu. Atzekoak gertu izanagatik, puntu bakarrera du Sevilla hirugarren sailkatua, eta postu huraxe dute xede. Honela esan du asteon Mikel Merino erdilariak: «Gai gara Txapeldunen Ligan aritzeko; gure esku dago. Orain, erakutsi egin behar dugu».

Aldarte onean da Reala. Robin Le Normandek kontratua berritu duen astean hasi da talde osoa elkarrekin entrenatzen, Asier Illarramendi kapitaina tartean dela. Algucil prestatzaileak jokalari guztiak prest ditu ligaren azken txanpari ekiteko. BERRIAk jakin duenez, oriotarra izugarri gustura dago jokalariek etenaldian izandako jarrerarekin eta zaintzeko moduarekin —jokalari batek hiru kilo galdu ditu itxialdian—, eta baikor dago azken jardunaldiei begira.

Halere, argi dute ez dela erraza izango helburuak lortzea. Egutegiari so, Osasunaren eta Alavesen aurkako derbiek abiatuko dute norgehiagoken aldi trinkoa, eta tartean Real Madrilen bisita jasoko du. Azken bi partidetan, bi aurkari zuzen izango ditu aurrean: Sevilla eta Atletico Madril. Hasierako kartak ondo jokatzen baditu, hirugarren posturako lehian irits daiteke azken jardunaldira.

ATHLETIC
Europa, hari batean


Realak nola, Athleticek ez daki noiz jokatuko duen urteko partidarik garrantzitsuena: Espainiako Kopako finala. Hari datarik jartzen ez zaion artean, ligan ahalik eta goren amaitzea du xede, zazpigarren postua begiz joa duela. Kopa airean, gaur-gaurkoz datorren sasoian Europa Ligan aritzeko modu bakarra du ligan postu hori eskuratzea. Yuri Berchichek huraxe jarri zuen jomugan herenegun: «Lortu dezakegu, bai horixe. Jokalarien eta teknikarien helburua hori izango da sasoia amaitzen den artean». Egun, Athletic hamargarrena da sailkapenean, eta bost puntuko desabantaila du Valentzia zazpigarrenarekiko.

Etenaldiak zenbait berritasunekarri ditu zuri-gorrien artera. Esanguratsuena, Aritz Adurizen agurra. Aurrelari donostiarrak ezin izan ditu gainditu aldakako arazoak, eta sasoia amaitu baino lehen utzi du taldea. Gaizka Garitano entrenatzaileak, berriz, sasoi baterako luzatu du Bilboko taldearekin lotzen duen hitzarmena.

Athleticek aurkari makurra izango du ligari berriz heltzeko. Atletico Madril indartsua hartukodu San Mamesen, eta Eibarri bisita egingo dio gero. Azken bederatzi partidetan, besteak beste, Bartzelona, Real Madril, Valentzia eta Sevilla izango ditu kontrario, eta Granadaren zelaian amaituko du sasoia. Hantxe lortu zuen Kopako finalerako sailkatzea, eta, bertan, beste mugarri bat ezartzeko ariko da lanean datorren asteetan.

OSASUNA
Erizaindegia, beteta


Sailkapenaren erdiko multzoan dago Osasuna, eta min hartutako jokalari asko ditu; haien hutsunea ez igartzeko asmoz jokatuko du datorren asteetan. Gorritxoak eroso daude sailkapenean, eta puntu bakarrera dute Athletic, zeina gora begira baitago. Erdiko taldeen arteko borrokan aritu nahi du, ahalik eta goren amaitzeko esperantzan, baina etxeko lanak ondo bideratuta harrapatu zuen etenaldiak. Talde igo berria izaki, Jagoba Arrasateren jokalariek mailari eustea zuten sasoi honetako helburu nagusia, eta ez dute horretarako lanik izango. Baliteke berandu baino lehen lotzea jarraipena.

Hortik aurrerakoa ongi etorria izango den arren, taldearen egoera kontuan hartuta, urratsez urrats aurrera egitea baleko du Osasunak. Itxialdiak ez dio mesederik egin, eta min hartutakoen kopurua murriztuz joan nahi du ahalik eta azkarren. Aldiz, Chimy Avila osatzeko bidean da, eta zelaira itzul daiteke. Haiek azkar egokitzea eta aldian-aldian pozak pilatzea izango da iruindarren egitekoa azken 11 neurketetan. Lanak garaiz egitearen patxadarekin ariko da Jagoba Arrasateren taldea. Gorritxoek, Realaren, Alavesen eta Eibarren aurkako derbiez gain, Bartzelona, Atletico Madril eta Valentziaren moduko taldeei egingo diete aurre.

ALAVES
Ez du ezusterik nahi


Alaves distira oso handirik gabe ari da ligan. Babazorroek baleko tartea dute jaitsiera postuekiko, zazpi puntukoa, baina ez dute gehiegi lasaitzeko moduko tarterik. Asier Garitanoren taldeak norabide aldakorra zeraman sasoia eten aurretik, partida batzuetan asmatuz eta besteetan huts eginez.

Hala, taldeari sendotasuna ematea du xede datozen partidetarako. Prestatzaile bergararrak zenbait jokalari ditu arazo fisikoekin, baina gehientsuenak prest ditu Espanyoli bisita egiteko. Zuloan dago aurkari hori, eta, hasiera batean, Alavesi geratzen zaizkion kontrarioetatik eskasena da.

Izan ere, sailkapenean inguruan dituenak eta orain arteko talderik onenak izango ditu aurkari falta diren partidetan. Osasunaren eta Realaren aurkako derbiez gain, Atletico Madrili eta Real Madrili egingo die bisita. Mendizorrotzan amaituko du liga, Bartzelona boteretsuaren aurka. Ezustekoren bat izateko arriskua urrundu nahi du ordurako.

EIBAR
Kale edo bale


Eibar da sasoi honetan estutasun gehienekin ari den euskal taldea. Armaginek mailaz ez jaistea beste helbururik gabe ekingo diote azken partida sailari. Txapelketaren etenak gain behera harrapatu zuen Jose Luis Mendilibarren taldea, azken zazpi partidetatik bakarra irabazita, eta kinka larrian utzi zuen sailkapenean: 16. postuan dago, eta jaitsiera postuetatik bi puntura dago.

Hartara, kale edo bale egiteko garaia iritsi zaio Eibarri. Gorabidean jarri beharra du ezinbestean; hortik ateratzen bada, akabo. Geldialdia luze egin zaie eibartarrei, eta hasiera ere ez dute samurra izango. Real Madrilen zelaian ariko dira datorren igandean, eta Athletic hartuko dute gero. Zuri-gorrien atzetik Getafe eta Valentzia izango dituzte aurkari, Europarako lehia betean diren bi talde.

Ikusteko dago zer gertatuko den kontratua ekainaren 30ean amaitzen zaien zazpi jokalariekin. Klubak eskaintza egin die sasoia amaitu artean geratzeko. Fabian Orellana, Gonzalo Escalante, Pedro Leon, Pablo De Blasis, Charles Dias, Sebastian Cristoforo eta Ivan Ramis dira jokalari horiek, garrantzitsuak denak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.