Gabon giro apala, dendetan islatuta

Mozorroak, baserritar jantziak, apaingarriak eta jostailuak dira Gabonetako produktu izarretako zenbait. Aurten, ospakizun eta jaien faltan, halako produktuak saltzen dituzten dendek dezente gutxiago saldu dute. Jostailuak, ordea, antzera saldu dira: nagusiki, etxe barruan jolastekoak.

1 MONIKA DEL VALLE / @FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2020ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Baserritar jantziak, mozorroak, su artifizialak, girlandak, jostailuak... asko dira abenduan berezko bihurtzen diren produktuak, hari komun baten bueltan: jaia eta ospakizuna. Urtez urte, jai egunez betetako hilabetea da abendua; izan San Tomas eguna, Eguberri eguna, Urtezahar gaua edo Urteberri eguna. Aurten, ordea, bertan behera geratu diren ekitaldien zerrendara batu dira Gabonen bueltako ospakizunak, eta erakunde publikoek hartutako neurriek erabat baldintzatu dute giroa. Espazio publikoan, ez da apenas ezer antolatu, eta etxeko eremu pribatuan, talde oso murriztuak batzeko aukera dago. Ospakizun giro alaia goibelduta, herritarrek murriztu egin dituzte festaz gozatzeko egindako erosketak.

Iruñeko La Golosina dendako arduraduna da Sonia Barcos, eta aldaketa bortitza nabaritu du: «Ohituta nago abenduan, eta bereziki Gabonetako asteetan, gora eta behera ibiltzen egun osoa, gelditu gabe; aurtengoa oso arraroa da».

Mozorroak, ezkontzetarako apaingarriak, puxikak eta kotilioi poltsak aurki daitezke Barcosen dendan, besteak beste. Iruñean, gainera, ohitura dute Gabon zahar gauean mozorrotzeko, eta askok La Golosinan erosten dituzteospakizunerako jantzia eta atrezzoa: «Gabon zahar gauerako mozorro bila datozen gaztez beteta eduki ohi dugu denda abenduko azken bi asteetan; aurten, ia hutsik dago denda; jendea ezin denez elkartu, asko etxean dutenarekin mozorrotuko dira». Barcosek aipatu du ere herritarrak neurri aldaketa posibleetara adi daudela, eta azken momentura arte ez dutela jakin non, nola eta zenbat elkartzeko aukera izango duten. «Gau Beltzean antzera gertatu zen: azken momentuan etorri ziren batzuk behintzat etxean ospatzeko apaingarri edo osagarri bila». Apurrak pilatuta ere, aldea erabatekoa da Barcosentzat: «Bezero kopurua kontrolatzeko zenbaki sistema bat dugu, eta aurten gailua ez dut atera ere egin». Produktuekin, berdintsu. «Aurten ez dugu mozorro berririk erosi, ez dugu nobedaderik ekarri; zertarako? Iaztik gordeta ditugunekin soberan izango dugu».

Urte osoko dinamikaren isla da Gabonetako egoera, eta aurretik ere hasia zen Barcos negozioa berpizteko bide berriak bilatzen. 2021. urtean, La Golosina dendak 50 urte beteko ditu, eta etengabeko berrikuntzan hastea beste erremediorik ez dute izan. «Aurten, puxika sorta bereziak egiten hasi gara urtebetetzeetarako; gainera, jendeak mozorroren bat edo beste erosi du opari gisa, batez ere haurrentzat».

Kale ospakizunen premia

Gabon zaharreko ospakizun faltaren kolpea nabari du Barcosek gehien. Beste egun batzuetako jaiekin bada ere, Idoia Odriozolak antzera bizi du aldaketa. Bata zein beste, dendarientzat beharrezkoak dira kalean antolatzen diren jai egunak. Odriozolaren kasuan,baserritar jantziak saltzen ditu Donostiako Parte Zaharrean, eta harentzat abenduko balantzea urte osoko joeraren jarraipena da: «Martxotik arrastaka dakarguna da, ez da jairik egon, eta dantza taldeek ez dituzte emanaldiak egin».

San Tomas egunean eta Gabon eguneko Olentzero eta Mari Domingiren kalejiretan jantzi ohi dituzte herritarrek baserritar jantziak; aurten, ekitaldi publikoen faltan, Odriozolak baieztatu du inor ez dela baserritar jantziekin «gogoratu». «Aurreko urteetan jendea jantzia armairutik atera eta berehala etortzen zen hotza ez pasatzeko xal baten bila, zaharkitutako abarkak aldatzera, txapel bila...».

Halere, San Tomas egunean eskoletara haurrak baserritar jantzia soinean joan ahal izan ziren, eta horrek arnas pixka bat eman dio Odriozolari: «Zertxobait hobetu du egoera horrek». Ezohiko abendua izan da Odriozolarentzat, eta espero du datorren urtean aurten galdutakoa berreskuratzea: «Arazoa 2021ari nola aurre egin izango da, 2020an 2019ko abenduan irabazitakoarekin egin dut aurrera; abenduan lortutako etekinarekin bizirik irauten dut urteko gainerako hilabeteetan». 1884. urtean ireki zuten denda, eta Odriozolak ez du bestelakorik irudikatzen. «Betiko dendari eutsi nahi diot, produktu berririk gehitu gabe, baserritar jantziak dira dendaren esentzia; espero dut txertoak 2021 egonkorragoa ekarriko duela».

Jose Rodriguezek ere jaia eta ospakizuna ditu negozioaren ardatz eta oinarri, eta garbi du 2020ko Gabonen balorazioa: «Bezero gutxiago etorri dira Gabonetan, eta batez beste bezero bakoitzak diru gutxiago xahutu du». Hendaiako (Lapurdi) Besta dendako jabea eta arduraduna da Rodriguez, eta 25 urte daramatza ospakizuna oinarri duten produktuak saltzen: su artifizialak, etxeetarako apaingarriak, mozorroak, baserritar jantziak, suziriak, osagarriak... askotariko produktuak aurki daitezke Bestan. Neurri zehatz batek eragin zuzena izan du Rodriguezen negozioan: joan-etorri mugatuak. «Hendaia oso toki estrategikoa da; normalean, Gipuzkoako, Nafarroako eta Lapurdiko bezeroak izaten ditut. Aurten, Gipuzkoakoak eta Nafarroakoak galdu egin ditut».

Ondorio bakarra ez da izan bezero jaitsiera, ordea. «Ezin denez kalean egon, eta familiak ez direnez asko elkartzen, herritar bakoitzak askoz gauza gutxiago erosi ditu». Beldurra, zalantzak eta ezjakintasuna nabari ditu bezeroengan Rodriguezek. Giro nahasiak negozioari kalte egiten dio, baina zentzuzkoa iruditzen zaio egoera.«Beste urte batzuekin alderatuta, salmentak erdira jaitsi dira; aisialdirako aukerak hainbeste murriztuta, logikoa da beherakada».

Etxe barruko jostailuak

Ospakizunen ardatz diren mozorro, baserritar jantzi, apaingarri eta suziriez gain, opari garaia ere izaten dira Gabonak. Ezohiko urtea izan dela nabaritu du Arkaitz Elortedik ere, baina bestera eragin dio COVID-19aren pandemiak. Bilboko Zazpikaleetan dagoen Xirimiri jostailu dendako arduradunaren esanetan, herritarrak lehenago hasi dira jostailuak erosten: «Bigarren itxialdi posible baten beldur, herritarrak askoz ere lehenago hasi dira Gabonetako opariak erosten; uda ostean hasi ziren etortzen». Horregatik, aurreko urteetako lan pilaketarik ez du izan abenduko azken asteetan, baina salmenta beherakada nabarmenik ez du pairatu. «Bi astez gelditu barik ibili ordez, Gabonetako kanpaina askoz ere luzeagoa izan dugu aurten, baina konstantea». Aurreikuspenaz gain, herritarren ezinegonak ere eragina du jostailu dendan. «Asko aurreratu da dena; eta egia da baita ere beldurra nabari dela, adibidez, jende helduak batez ere, ez du dendara sartu nahi beste norbait baldin badago barruan».

Herritarrek erosi dituzten jostailu motetan ere joera aldaketa agerikoa igarri du Elortedik; kalean egoteko aukerak murriztuta, etxe barruan dibertitzeko elementuak dira nagusi. «Eskulanak egiteko material pila bat saltzen ari gara; plastilina eta margoak batez ere». Puzzleak eta mahai jokoak ere erosten dituzte herritarrek, eta haur txikien mugikortasuna lantzeko jostailuak.

Elortediren aburuz, herritar askok online erosten dituzte opariak. Xirimirik ez du Internet bidezko salmentarik egiten, baina horrek ez dio kalterik eragin dendari: «Gureak egurrezko jostailuak dira, bereziak, eta online zerbitzurik ez dugun arren, bezero asko etortzen dira opari berezi baten bila».

Jairik eta ospakizunik gabe, dendetako langileek espero dute 2020ko giro apala urte berrian berpiztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.