Gordeta egon diren hemeretzi obra berriz argitara, Artiumen

'101. Ondare publikoa eraikiz' erakusketa aurkeztu dute Artium museoan: 1980ko eta 1990eko hamarkadetako Euskal Herriko artisten obrak biltzen ditu. Apirilaren 24ra arte egongo da ikusgai

Jose Ramon Morquillas artistaren 1987ko obra. RAUL BOGAJO/ FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Berrikuntza kulturalaren eta hainbat gizarte aldarrikapenen urteak izan ziren 1980ko eta 1990eko hamarkadak Euskal Herriarentzat. Bor-bor zeuden kaleak, eta bor-bor zegoen artisten irudimena. Egoera politikoa, industrializazio basatia, errepresioa... garai latzak izan arren, inspirazio iturri ere izan zen hainbat artista garaikiderentzat. Obra horietako asko biltegietan gordeta egon dira gaur arte. Baina, 40 urte geroago, Gasteizko Artium museoak 88 artistak sortutako 101 obra jaso ditu Eusko Jaurlaritzako funtsetatik. Guztiak ezin, eta hemeretzi obra aukeratu dituzte 101. Ondare publikoa eraikiz erakusketarako. Gainera, beste artelan batzuekin batera, Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal herrian 1977-2002 aldian bilduma osatuko dute. Artiumeko A4 aretoan ikusgai daude obra guztiak, apirilaren 24ra arte.

Garai hartan hasi berriak ziren artista askoren iraganeko ni-arekin konektatzeko balio du erakusketak; hauek dira: Iñaki Fuentes, Pello Irazu, Txomin Badiola, Angel Bados, Juan Luis Moraza, Gabriel Ramos Uranga, Marta Cardenas, Cristina Iglesias, Jose Ramon Morquillas (bi obra), Gema Intxausti, Prudencio Irazabal, Miren Arenzana, Fernando Roscubas, Luis Candaudap, Mikel Bergara, Elena Mendizabal, Begoña Zubero eta Itziar Okariz.Haien lehenengotariko eskulturak, margolanak, grabatuak eta argazkiak izan dira erakusketan ikusgai dauden asko.

Artista gehienek 20-30 urte besterik ez zituzten erakusketako obrak sortu zituztenean. Edozein material, edozein objektu, dena zen baliagarria zerbait sortu nahi zuenarentzat. Adibidez, ohikoa izaten zen industrialde batera joan eta aurkitzen zuten materiala eskulturak sortzeko erabiltzea. Hain zuzen, hori bera da erakusketari «xarma» ematen diona, Enrique Martinez komisarioaren iritziz: «Obra erradikalak dira: diskurtsiboki eta esperimentazioan. Formatu ezberdinetan sortu zituzten obrak. Are, diziplina ezberdinak konbinatu zituzten, eta material industrialaren erabilera nagusitu zen guztietan».

Garai horretan jazo ziren berrikuntzen adibiderik argiena da Jose Ramon Morquillas artistaren Baracaldo izeneko eskultura. Erakusketako gelara sartu, eta parez pare ikusi daiteke. Paperez, burdinaz eta egurrez egina dagoen fabrika zahar bateko tximinia baten antza dauka. Egurrezko makilatxo batzuek egiturari eusten diote, eta edonoiz eror daitekeela dirudi.

Morquillas bezala, gaur egun izen handiko artistak bilakatu direnen obra asko biltzen ditu erakusketak. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak sortzaile guztiak goraipatu nahi izan ditu erakusketaren aurkezpenean: «Denboraren perspektibak erakusten digu nola joan den garatuz euskal arte garaikidea, eta ikus genezake sortzaile hauen obrak zeinen garrantzitsuak bihurtu diren». Horrez gain, Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariak adierazi duenez, erakusketako obrek artisten «ibilbide artistikoa ulertzen» laguntzen dute: «Momentu ezberdinetan egin diren lan ezberdinak dira».

Iraganaren ondare

Erakusketako lan bakoitza desberdina da, baina gehienek badute zerbait komuna: 1982 eta 1995 arteko Gure Artea sariketaren batean parte hartu zuten artistek sortutako obrak dira. Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako artista garaikideentzat antolatzen duen sariketa da, eta aurten 40 urte betetzen dituela ere izan dute gogoan erakusketa antolatzerakoan.

Gure Artea sariketaren lehen aldiekin batera eraiki eta zabaldu zituzten Bilboko Arte Ederren Museoa eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatea. Eraikin horietan izan ziren eztabaida artistiko, kultural eta politiko asko, eta, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiaren ustez, debate horien isla da erakusketa: «Garai horietan jazo ziren debateen eta eztabaiden isla da erakusketa. Iragana ulertzen laguntzen du, oraina hobeto ezagutzeko». Herraezek ere antzekoa sentitzen du erakusketako obrekin; ikusleari Euskal Herriko «garai hartako testuinguruan» kokatzen laguntzen diotela uste du.

40 urte geroago

1980ko eta 1990eko hamarkadek artista askori «bultzada handia» eman zietela gogoratu du Martinezek. Eta, ondorioz, «urteetan, eta hasierako esentzia berarekin, ondare garrantzitsu bat sortu dute artista horiek», azaldu du komisarioak. Zupiriak nabarmendu du, gainera, Artiumera eraman dituzten obrak ondare publikoaren «zati garrantzitsu bat» direla. «Horrelako ondare bat ez da biltzen egun batetik bestera, eta instituzio guztien elkarlana beharrezkoa da», gaineratu du Gonzalezek.

Komisarioak azaldu duenez, denboraren poderioz, obra batzuk kaltetu egin dira, eta, beraz, zaharberritu egin behar izan dituzte erakusketan erakutsi ahal izateko. Horrez gain, azaldu du erakusketan dauden obra asko ez direla erakutsi «ia 40 urtean».

«Biltegitik atera eta jendeari erakusten zaionean» dauka zentzua arteak, Zupiriaren iritziz: «Obra bat artista batek sortzen duen momentuan hasten da bizitzen, eta bizirik jarraituko du ikusgai dagoen bitartean. Biltegi batean erdi hilik dago. Gaurtik aurrera, berriz, ikusgai dauden obra hauek behin izan zuten zentzua berreskuratu dute, eta bizirik daude museo honetan dauden bitartean».

Ia 2.500 artelanek osatzen dute Artium museoaren ondare funtsa. Gonzalezek ez du zalantzarik artelan horiek mantendu eta erakusteko leku egokiena dela Gasteizko museoa: «Arte garaikidearen erreferentziazko euskal museoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.