Erretretak dakarren jaia

Erretretarekin hasiko dira gaur iluntzean Arabako San Prudentzio jaiak, baina prestatzen hasiak dira aurrez ere. Bihar, berriz, Armentiako zelaietara lekualdatuko da festa, eta erromeria izango da protagonista nagusienetariko bat.

Armentiako zelaiak jendez beterik, 2019ko apirilaren 28an, San Prudentzio egunean. IHANA IRIONDO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2022ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Erdi Aroan omen du jatorria San Prudentzioren erretretak. Hiribilduko harresiko ateak ixtera zihoazen seinale ei zen, baina, egun, bestelakoa da egoera: erretretarekin batera lehertzen da Arabako zaindariaren jaia.

Bihar da arabarren egun handia, baina, ohi bezala, bezperan emango diote hasiera, bai behintzat Gasteizen. Erretreta joko dute 20:00etan Gasteizko udaletxeko balkoitik, eta Udalaren Folklore Akademiak hartuko du parte. Ordubete geroago, Probintzia plazara lekualdatuko da festa, eta Arabako Foru Aldundiko tronpeta joleak arduratuko dira erretretaren soinuez, atabalariak lagun dituztela, balkoitik. 23:30ean, berriz, hiriko gastronomia elkarteek danborrada egingo dute alde zaharrean eta erdialdeko kaleetan.

Hain justu, Arabako diputazioa da batik bat jai hauen antolaketaren atzean dagoena, eta Kultura eta Kirol Saileko diputatu Ana del Valek adierazi du festa ez ezik «alaitasuna, adiskidetasuna eta tradizioa» direla berreskuratu nahi dituzten kontuetako batzuk bi urteren ondoren. Jakinarazi duenez, horretarako, bertako kultura sektoreari laguntzen saiatu dira, hala nola haiengandik «hurbil» daudela sentiarazteko, eta, horrez gain, baita jaiak belaunaldietara egokitzen ere.

Dena den, biharkoa bada ere egunik garrantzitsuena, ospakizunaren iragarpena aldez aurretik egiten da. Maria Angeles Garcia zientzialaria izan da aurten pregoilaria. Hilaren 22an irakurri zuen diputaziotik, eta, hurrengo egunean, Fanfarre Eguna ospatu zuten, prestatzeko. Arabako plater tipikoen 55. lehiaketa egin zuten, eta parte hartzaileek txerri masailak eta perretxiko nahaskia egin behar izan zituzten.

Bihar, zelaietara

San Prudentzio eguna, ordea, Armentiako zelaietan ospatzen da, hirigunetik aldenduta. Eguraldia lagun bada bederen, ez da girorik faltako, baina ea zer dakarren santuak; beharbada mirariren bat egin, eta joan den egunetako euriteen ostean eguzki izpiren bat ekartzeko prest egongo da. Dena den, zira jantzita eta aterkia soinean bada ere, segur aski, herritarrek ez dute hutsik egingo.

Usadioak agintzen duen eran, meza izango da eguneko lehen protagonista, eta, ostean, ohorezko aurreskua dantzatuko zaie herrialdeko agintariei, kanpoaldean. Ekitaldi ofizialak izango dira, eta Arabako Foru Aldundiak ere unea aprobetxatuko du Urrezko Domina banatzeko. Hain justu, Eduardo Anitua medikuari emango diote aurten.

Baina ekitaldi horien ostean hasiko da festa. Herri kirolen erakustaldia egongo da eguerdian, eta, arratsean, 18:00etan, Trikidantz taldearekin erromeria.

Hala ere, zelaietatik kanpo ere egongo da zer egina, batik bat haurrei bideratuta, danborrada egingo baitute arratsaldean.

Maiatzaren 1ean, berriz, Estibalizko Andre Mariaren eguna ospatuko da, eta amaitutzat joko dute festa garai hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.