Albistea entzun

Udako musika jaialdiak, isiltasuna hausteko prest

Hiru mila lagun batuko dira EHZ festibalean. Irudian, 2019ko jaialdia.
Hiru mila lagun batuko dira EHZ festibalean. Irudian, 2019ko jaialdia. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2021eko ekainak 29

Koronabirusak eragindako etenaren ondotik, udako doinuak berreskuratzeko bidean dira aurten. Euskal Herrian udan egin ohi diren musika jaialdi gehienak bertan behera geratu ziren iaz, izurriak eragindako egoerak hartara behartuta. Aurten, horietako batzuk berreskuratu egingo dituzte. Osasun egoerara egokituta egingo dituzte ekitaldi gehienak, baina urtebeteko etenak eragindako isiltasuna hausteko balioko dute, bederen. Egitarau guztiak ez dira leheneratuko, halere; izan ere, bada datorren urtera begira jarri denik ere, behar bezala antolatzeko baldintzak oraindik egokiak ez direlakoan. Hona hemen egingo denaren eta egingo ez denaren gida.

BBK MUSIC LEGENDS
Ez da egingo

Aurtengo edizioa bertan behera utzi zuen lehen musika jaialdia izan zen. Ekainaren lehen egunetan zen egitekoa, Sondikako (Bizkaia) Ola BBK zentroko lorategietan. Baina, 2020an gertatu bezala, aurten ere ezin izan dute ezer antolatu, eta datorren urtera begira jarri dira dagoeneko. Bosgarren urtea zuen jaialdiak, eta hartan parte hartzekoak ziren, besteak beste, Eric Burdon & The Animals, Lucinda Willliams, The Jayhawks, Roger Hodgson, Anari eta Maika Makovski. Oraindik ez dute jakinarazi hurrengo urtean egitarauari eutsiko dioten edo ez.

AZKENA ROCK
Ez da egingo

Jaialdi handien artean lehena izan ohi da Gasteizko Azkena Rock. Festibalak hogeigarren urteurrena zuen aurten; osasun egoerak hobera egin arren, indarrean dauden neurriek «ezinezkoa» egiten dute jaialdia ohiko moldeetan egitea, antolatzaileen arabera. Hori dela eta, jaialdia ez egitea erabaki dute. Egitarauaren zati handi bati eutsi diote, edonola ere; modu horretan, 2019an iragarri zituzten Patti Smith, Social Distortion eta Fu Manchu izango dira Mendizabala guneko agertokian datorren urtean. Horiekin batera izango dira, besteak beste, The Offspring, Brian Wilson, Suzi Quatro eta Drive by Truckers. Iggy Pop, ordea, ez da izango; iaz jakinarazi zuen Last Tour enpresa antolatzaileak abeslariaren izena, baina ez da 2022ko jaialdian izango. Ekainaren 16an, 17an eta 18an egingo da, datorren urtean.

BILBOKO BBK LIVE
Ez da egingo

Azkena Rock bezalaxe, BBK Live jaialdia ere ez da egingo aurten. Bi jaialdi handien antolatzaileak, Last Tour enpresak, egun berean iragarri zuen bi jaialdiak bertan behera uztea erabaki zuela bigarren urtez jarraian, osasun egoera tarteko. Uztailaren 8an, 9an eta 10ean zen egitekoa, Bilboko Kobetamendin, eta, azken ordura arte zalantzan izan baziren ere, hamabosgarren aldia hurrengo urtera atzeratzea erabaki zuten azkenean. Besteak beste, The Killers, Kendrick Lamar eta Pet Shop Boys ziren jotzekoak.

Hain zuzen, jaialdia egitekoa zen egunean emango dute hurrengo urteko egitarauaren berri. «Absentzia luze honen ondoren, itzulera sinestezina izango da, eta hitzematen dizuegu merezi izango duela», adierazi zuten.

EUSKA HERRIA ZUZENEAN
Uztailak 2-4

Murriztuta, baina egin, egingo da Euskal Herria Zuzenean festibala. Euskal Herrian aurtengo udan izango den jaialdirik jendetsuena izango da, horrenbestez. Antolatzaileek berriki iragarri dutenez, hiru mila lagun elkartzeko aukera izango da Irisarrin (Nafarroa Beherea), uztailaren 2an, 3an eta 4an. Jaialdiaren 25. urtemuga ospatuko dute, eta hartan ariko dira, besteak beste, Ruper Ordorika, Zea Mays, Nogen, Herdoil, Rudiger, Rukula eta Chill Mafia. Oholtza gainean izango da Anestesia taldea ere. Bi urteko etenaren ondoren, zuzeneko bira behin eta berriz atzeratu eta gero, eta Mikel Kazalis gitarrista eta abeslaria osatu ostean, kontzertua egingo du taldeak. Zuzeneko musikaz gain, halere, bestelako ekitaldiak ere izango dira: Tio Teronen Semeak taldearen dantza ikuskizuna eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia, esaterako.

Osasun egoerara egokitu dute festibala, eta, beraz, bertaratzen direnek hainbat neurri bete beharko dituzte. Hau da, 48 ordu lehenago egindako PCR testaren emaitza negatiboa erakutsi beharko da, edo txertoa hartu izanaren ziurtagiria; zutik ikusi ahalko diren ikuskizunetan maskara jantzita eraman beharko da. Sarrerak eskuragarri daude www.ehz.eus atarian, nola egunez egunekoak hala hiru eguneko abonamenduak.

GUITARALDE
Uztailak 7-9

Hamargarren urtez egingo dute aurten Hendaiako (Lapurdi) Guitaralde jaialdia. Uztailaren 7tik 9ra bitarte, askotariko kontzertuak izango dira, guztiak ere gitarraren bueltan antolatutakoak. Bruno-Michel Abati senegaldarrak irekiko du festibala, eta haren ostean taularatuko dira Ruper Ordorika, Mike Stern, Pauline eta Juliette bikotea, Michael Jones & JM Ecay eta Thomas Dutronc. Ordainpekoak izango dira kontzertu horiek guztiak, eta sarrerak eskuragarri daude www.guitaralde.fr webgunean. Doako emanaldiak ere izango dira, hala ere, tabernetan eta hoteletan; tokiko artistak ariko dira horietan.

JAZZALDIAK
Ekainak 30 Uztailak 25

Udako jazz jaialdien artean, Donostiakoak soilik aurre egin zion izurriari iaz, gainerakoak ez baitziren egin. Aurten, ordea, ohiko datetan egingo dituzte guztiak, egokituta bada ere. Horiek hala, Getxoko (Bizkaia) jaialdiak irekiko du jazzaldien segida, ohi legez, bihar. 44. aldia izango du aurten, eta Euskal Herriko eta nazioarteko izen handiko musikariak ariko dira uztailaren 4ra bitarte: Javier Colina; The Cuban Jazz Syndicate; Maria Joao eta Carlos Bica; Chano Dominguez eta Martirio, eta Carles Benavente, Tino di Geraldo, Jorge Pardo eta Niño Josele. Sarrerak eskuragarri daude sarean (www.getxo.eus webgunean) eta txarteldegian, Getxon bertan.

Gasteizko jaialdiak hartuko du lekukoa jarraian: uztailaren 14tik 18ra bitarte egingo dute, eta Anne Paceo eta Antonio Sanchez, Itamar Borochov, Kathrine Windfeld eta Thumbscrew, eta Maciej Obara Quartet ariko dira, besteak beste. Kontzertuak, hala ere, Mendizorrotzan egin ordez, Principal Antzokian eta Iradier Arena gunean egingo dituzte. Abonamenduak salgai dira jadanik, eta egunez eguneko sarrera solteen salmenta ere martxan da.

Donostiako 56. Jazzaldia, berriz, uztailaren 21ean abiatuko da, eta, antolatzaileen esanetan, «emakumezko ahotsen jazzaldi bat» izango da aurtengoa nagusiki, baina pianista ugari ere izango dira, halaber. Musikari eta jazz izar handiak dira horietako asko, hain zuzen. Jaialdian parte hartuko dute, besteak beste, musikari hauek: Cecile McLorin Salvant, Noa, Bil Frisell, Brad Mehldau, Mulatu Astatke, Gonzalo Rubalcaba, Silvia Perez Cruz, Kenny Barron, Buika, Arlo Parks, Aymee Nuviola, Franco D'Andrea, Marco Mezquida, Dave Douglas eta Dave Holland. Iaz bezala, aurten ere Trinitate plazan, Kursaal auditoriumean, Viktoria Eugenia antzokian eta San Telmo museoan izango dira emanaldiak. Sarrerak eskuragarri daude www.jazzaldia.eus webgunean.

ERROBIKO FESTIBALA
Uztailak 22-25

Itsasun (Lapurdi) egin ohi den Errobiko festibalak urtebetez atzeratu zuen 25. urtemugako ospakizuna iaz, pandemiaren ondorioz; bada, aurten berreskuratuko dute jaialdia, baita ospakizuna ere. Uztailaren 22tik 25era bitarte egingo dute, eta, ohi legez, musikaren eta dantzaren bueltako askotariko emanaldiak izango dira. Han izango dira Revolutionary Birds; Jordi Cassagne; Maddi Oihenart eta Jeremie Garat; Bilaka Kolektiboa; Sergio Lamedra & Txomin Dhers; Itxaro Borda, Beñat Axiari, Joseba Irazoki, Oihan Oliarj-Ines, eta Julen Axiari; Malandain Ballet Biarritz; Kukai dantza taldea, eta Petites Planetes, besteak beste.

URMUGA
Uztailak 13-31

Mendia eta musika uztartzen ditu Urmuga egitasmoak; iaz egin zuten lehen aldiz, osasun krisiak sortutako egoera berrira egokituta. Harrera ona izan zuen jaialdiak, eta aurten ere egingo dute. Uztailaren 13an hasiko dute ibilaldia, Araba eta Burgos (Espainia) arteko Angulo mendatetik, eta uztailaren 31n bukatuko da, Hiru Erregeen Mahaian, Nafarroako Pirinioetan. Euskal Herriaren mendebaldetik ekialderako bide horretan, hamabi kontzertu izango dira oholtza bilakatutako mendi tontor eta haranetan. Besteak beste, Gorka eta Nerea Urbizu, Olatz Salvador, Dupla, Anari, Niko Etxart, eta Chill Mafia ariko dira.

MUSIKA HAMABOSTALDIA
Abuztuak 1-27

Donostiako musika klasikoaren jaialdia osasun egoerara egokituta egin zuten iaz, bertako artistekin eta ganbera formatuko kontzertuekin, batik bat. Aurten, aldiz, «normaltasunerako pausoa» eman nahi dute antolatzaileek, eta munduko orkestra handien emanaldiak izango dira. Kursaal auditoriuma izango da agertoki nagusia, baina Euskal Herri osoan egingo dituzte emanaldi bereziak. Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoa eta Yuja Wang pianista, Galiziako Orkestra Sinfonikoa, Elisabeth Leonskaja pianista eta Easo abesbatza, Euskadiko Orkestra, Espainiako Orkestra Nazionala eta Budapesteko Jaialdiko Orkestra ariko dira. Abuztuaren 1ean hasiko da jaialdiaren 82. aldia, eta hilaren 27an amaituko da. Sarrerak salgai dira www.musikahamabostaldia.eus-en.

NAFARROA KULTUR
Ekainak 18- Irailak 4

Kultura eta lurraldea uztartzen ditu Nafarroako Gobernuaren Kultur programak, eta kultur eskaintza herrialdeko herri eta hirietara zabaltzea du helburu. Ekainaren 18tik irailaren 4ra bitarte izango da. Parte hartuko duten musikari eta taldeen artean daude, besteak beste, Hogei Berriro, Demode Quartet, Broken Brothers Brass Band, Hagoan, Anne Etxegoien, Juan Mari Beltran, Tenpora, Suakai eta Trikidantz. Iaz bezala, aurten ere pandemiak ezartzen dituen baldintzetara moldatuta egingo dute.

BESTEAK
Uztaila, abuztua, iraila

Musikari lotutako bestelako kultur ekitaldiak ere izango dira datozen aste eta hilabeteetan. Herri eta hirietan kultur emanaldiak antolatuko dira, ohiko jai eta ospakizunak ordezkatzeko. Iruñean, esaterako, 400 kultur jarduera baino gehiago egingo dituzte sanferminen ordez. Eta beste horrenbeste egingo dute gainerako hiriburuetan ere.

Gasteizen, gainera, Kultura Bizia gunea martxan izango da udan, ekitaldi handiak antolatzeko. Maiatzean zabaldu zituen ateak Iradier Arenako guneak, eta iraila amaierara arte izango da martxan. Oraingoz, talde hauek iragarri dituzte: Tremenda Jauria, Willis Drummond, Capsula, The Jayhawks, Lagrimas de Sangre, Iseo & Dodosound, Zoo, Segismundo Toxicomano, eta Los Chikos del Maiz. Urribeltz heavy metal musikaren festibala ere egingo dute, eta kontzertu gehiago ere izango dira.

Horrez gain, irailera bitarte, askotariko ekitaldiak izango dira Donostian, Tabakalerako Zabaltza gunean, Kutxa Kultur Gauak programaren barruan. Eta Fiteroko (Nafarroa) Barranco festibala ere egingo dute, uztailaren 16an eta 17an.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Aitor Fenandino eta Mikel Losada aktoreak, 'Bake lehorra antzezlaneko eszena batean ©Monika del Valle/Foku

Karlistaldian kokatutako gerrei buruzko antzezlana sortu du Patxo Telleriak

Iñigo Astiz

Zehazki, 1872ko karlisten eta liberalen arteko Zornotzako bake ituna hartu du abiapuntu antzerkigileak, baina kasu zehatzetik harago, bakeari eta gerrari buruz gogoeta egiten duen obra bat sortu du: 'Bake lehorra'. Astelehenean estreinatuko dute euskaraz

Saria jaso duten musikariak, gaur, BECeko ekitaldian. ©Marisol Ramirez / Foku

Hamar artista eta talderen lana aitortu dute Musika Bulegoaren VI. Sarietan

Ainhoa Sarasola

Olatz Salvador, Chill Mafia, Gaur, Ether Ensemble, Maite Larburu, Ramon Lazkano, Verde Prato, Amak, Trio Zukan eta Motxila 21 taldeak saritu dituzte aurten, Barakaldoko BECen eginiko galan.

Led Silhouette dantza konpainiako Martxel Rodriguez eta Jon Lopez kideak. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Erriberriko antzerki jaialdiak inklusibotasuna izanen du ardatz

Yasmine Khris

Uztailaren 15etik 31ra egingo dute antzerki klasikoaren jaialdia. Espazio «paritario eta feminista» baten alde egin dute apustua aurten

Ezker-eskuin, Arantxa Arzamendi, Mari Jose Telleria, Pello Leiñena, Aizpea Otaegi eta Andoni Iturbe. ©ERESBIL FUNDAZIOA

Musikastek «euskal musikaren hiriburua» batuko du 50. urtez

Miren Mujika Telleria

Bihar hasiko da Musikaste, Errenterian, maiatzaren 28ra bitarte. «Urrezko ezteiak» ospatuko dituzte aurten; izan ere, 50 urte bete ditu jaialdiak. Hamar emanaldi egingo dituzte, askotariko doinuekin

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...