Poza egonkortzea zaila dute Baionan

Errugbi talde egokitu bat osatu zuten iaz Lapurdiko hiriburuan. Urte bat iraun du esperientziak; entrenatzailea joanen denez, taldea desagertuko da, eta horrek agerian utzi ditu halako egitasmoen mugak.

Clermont Ferrandgo lehiaketan parte hartu zuen Baionako taldeak iaz; finalean galdu zuen. CEDRIC USSEL.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko irailaren 15a
00:00
Entzun
Lucas semea kirolaria bihurtu denetik anitzez hobeki sentitzen dela argi du Jean-Dominique Barberarenak. Lucas trisomikoa da. Eta, haren gisan ahalmen urritasun psikikoak dituztenentzat, kirol baten segitzea ez da hain eskuragarri. Dituzten aukera bakanak beren zentroetan bertan dituzte. Gutxi, behin-behinekoak, eta ez dute ateratzeko aukerarik ematen. Aldiz, Baionako ASB errugbi taldeak iazko irailetik aurtengo ekainera arte errugbian aritzeko parada eskaini zien zenbait ezinduri. Errugbi egokituan, ostegunero, eta zentroetatik kanpo. Lucas Barberarena izan zen 14 jokalarietako bat. Errugbi talde kuttuna duen Miarritzekoekin identifikatzen delako poztu da aita. Berez, Ipar Euskal Herrian errugbi taldeak ez baitira eskas. Baina ahalmen urridunentzako, ordea, eskaintza izugarri murritza da.

ASBko esperientzia hori ere ez dute berresten irail honetan. Cedric Usselek eratu zuen proiektua, eta laguntzaile gisa ari zen. Orain, berriz, arrazoi profesionalengatik, Euskal Herritik joan beharra du. Esperientziak argira ekarri ditu egitasmoaren mugak. Baliabide eskasak badirela ez du ukatzen Usselek. Halere, oroz gainetik, «borondate humanoa da beharrezkoa». Ostegunero errugbi zelaian elkartzeak erran nahi zuen jokalariez gain haien laguntzaileak ere inplikatzea. Zentroak eta gurasoak ere bai. «Logistika aldetik eragozpen anitz sor daitezke. Lan zama handia da», esan du Usselek.

Nolanahi ere, dena ez dela galdua espero du Usselek. Baliteke errugbi talde egonkor bat sortzea Baionako beste zentro baten bidez, Idekiren bidez, hain zuzen, hor ere ASBkoekin. Hango hezitzaileek, hasteko, heldu den urteko Parisko lehiaketan parte hartzeko gogoa dutela esplikatu du Usselek. Arazoaren beste alde bat bada tokiko lehiaketa falta. Kirolarekin banandu ezina bezala ikusten baitu lehiaketa Usselek: «Jokalariek eskatzen dute. Helburu bat sortzen du». Eta horretarako, taldeak behar.

Zailtasunak zailtasun, errugbia praktikatzeari alde on andana bat ere ikusten dizkio Usselek. «Klub batean parte hartuz, elastikoa eta kranpoiak jantziz, biziari zentzu bat aurkitzen diote batzuek. Integratuak sentitzen dira». Lagun berriak egiteaz gain, partidetara ateraldiak ere egiten baitzituzten. Baita afariak antolatu ere. Gainera, Usselek, ASBko 14 urteko gazte talde arruntaren entrenatzailea ere bazenez, gazte horietako batzuei laguntza eskatu zien ostegunetako entrenamenduetarako. Eta zenbaitzuek onartu zioten. Gazteen arteko «nahasketa emankorra» sortu zen. Alde onekin segituz, Usselek dio errugbiak parada ematen duela kolektiboaren barruan norbanakoak bere lekua aurkitzen laguntzeko. Eskaintzen duen norgehiagokatik ere pasatuz, beharrez, baina jokoaren bidez, horrelako egoerak «desdramatizatuz».

Barberarenak ez du dudarik: «Usselen lana biziki baikorra izan da». Eta dena ez dela galduko espero du hark ere. Olagarroa elkartea sortu zuten iaz kirol egokituen garapenaren alde aritzeko. Kirol egokituen departamenduko batzordearen eta kirol taldeen artean lotura egiten du elkarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.