Nerea Osinalde.
Zientzia. ARGI ALDIAN

DNA: etorkizuneko disko gogorra?

2019ko martxoaren 15a
00:00
Entzun

EHUko Biokimika Saileko irakaslea

Informazioaren mendea deitzen diote askok bizi dugun garaiari. Egunero, orduro, segundoro ekoizten dugun informazio kopurua ikaragarria da, eta hori guztia gordetzeko alternatiba bila dabiltza zientzialariak.

2000. urtearen bueltan, DNA molekula etorkizuneko disko gogorra izan zitekeela proposatu zuten lehenengo aldiz. Baina 2013. urtera arte itxaron behar izan genuen DNAn informazioa gorde zitekeela frogatzen zuen lehenengo lan potoloa irakurtzeko. Besteak beste, Shakespeareren sonetoak eta Martin Luther Kingen Amets bat dut diskurtsoa gorde zituzten DNAn. Orotara, 760 kilobyte informazio hauts izpi baten tamaina baino txikiagoa duen DNA molekulan. Lau urte geroago argitaratutako beste lan batean, 215 petabyte informazio gorde zituzten DNA gramo batean. Azken datuen arabera, DNA milimetro kubiko batean 1 TB gorde daiteke.

Espazio gutxi okupatzeaz gain, DNAk baditu abantaila gehiago. Alde batetik, DNAn informazioa gordetzeko ez da elektrizitaterik behar. Bestalde, leku fresko, lehor eta ilun batean gordez gero, DNA luzaroan kontserba daiteke. Kontuan izan duela milioika urte desagertutako animalia eta landareen DNA molekulak aurkitzen eta aztertzen ditugula gaur ere.

Hala ere, bestelako disko gogorrekin alderatuz, DNAn gordetako informazioa irakurtzea oso motela da. Adibidez, DNA prozesagailu batek orduak behar ditu lau digitudun zenbaki baten erro karratua kalkulatzeko. Aldiz, gutako edozeinek erabiltzen duen ordenagailu arrunt batek, segundo-ehunen bat. Horregatik, bat-batean kontsultatu nahi diren datuak gordetzeko baino, DNA luzaroan gorde nahi diren datuak pilatzeko sistema egokia izan daitekeela aurreikusten da.

2009an, unibertso digitalak zettabyte (ZB) erdi bateko neurria zuen, hots, 500 milioi terabyte (TB). Eta 2018an, 2,8 ZB. Informatika munduko konpainien arabera, 2020an unibertso digitalak 40 ZB izango ditu, hau da, 4,72236648 x 1022 byte. Ideia bat izan dezazuen, Word-en idatzitako testu batek, batez beste, 100 kilobyte (103.400 byte) ditu; beraz, atera kontuak.

Datu olde horren aurrean, Microsoft informatika konpainiak jada iragarri du 2020tik aurrera datu digital bereziak DNAn gordetzen hasiko dela. Gainera, duela hilabete eskas, beste aurrerapauso garrantzitsu bat izan dugu. AEBetako ikerketa talde batek DNA molekula sintetiko berri bat aurkeztu du, Hachimoji izenez bataiatu dutena. Ohiko A, G, C eta T molekulez gain, lau hizki artifizial (Z, P, S, eta B) ditu DNA molekula berriak. Zortzi hizkiz osatutako DNA horrek lau hizkiz osatutakoak baino askoz informazio gehiago gorde dezakeela esaten dute sortzaileek.

Orain, ikusteko dago zenbateraino erabiliko den teknologia berri hori guztia informazioaren mendean ditugun erronkei aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.